Zeharkako egitasmo eta politika publikoen trakzioa eta koordinazioa optimizatzea, Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren estrategia sendotzea, berrikuntza soziala sustatzea eta Emakunderen bitartez berdintasun-politikei beste bultzada bat ematea dira helburuak, besteak beste
Mikel Iriondo Koordinazioaren eta Proiektu Estrategikoen idazkari nagusiak agerraldia egin du Eusko Legebiltzarreko Ogasun eta Finantza Batzordean, Jaurlaritzak aurreko asteartean −urriaren 28an− onartu berri duen Aurrekontu Legearen Proiektuan aurreikusitako Lehendakaritzaren kontuen xehetasunen berri emateko. Iriondorekin batera, bertan izan dira Ion Muñoa Komunikazio eta Berrikuntza Sozialaren idazkari nagusia, Mikel Anton Europako Gaien zuzendaria, Miren Elgarresta Larrabide Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria eta Javier Cortés eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentzia zuzendaria.
Lehendakaritzak 2026rako diseinatutako aurrekontu proposamenak, batez ere, sei helburu ditu, beste batzuen artean, zeharkako proiektu eta politika publikoen koordinazio eta trakzioa optimizatzea; Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren estrategia indartzea; herritarrekin harremanak izateko moduak aldatu eta berrikuntza soziala sustatzea; eta etorkizuneko Euskadi diseinatzeko gaitasunak garatzea.
Era berean, kooperazio eta elkartasun politikaren planifikazioa, kudeaketa, gauzatzea eta ebaluazioa sustatzeko helburua dago, betiere lankidetzatik abiatuta; eta, horrez gain, berriz ere berdintasun-politikak indartuko dira, Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen bitartez.
Onartu berri den aurrekontuari esker, Lehendakaritzak behin betiko ekintzak abiaraziko ditu Makroeskualde Atlantikoa gauza dadin, Europako erakundeetan euskararen ofizialtasuna aitor dezaten eta Euskadik nazioartean duen pisua sendotu dadin; Lehendakaritzak euskal etxeak, diaspora berria eta kidetasun-diaspora hauspotzeko ekimen berriak ere bultzatuko ditu, beste batzuen artean.
Emakunderi dagokionez, 2026rako aurrekontu-proiektuak erakundea indartu eta Euskadiko berdintasun-politikak berresten ditu; izan ere, berdintasuna ez da helburu osagarri hutsa, Euskadiren elkarbizitza eta justizia sozialaren ereduaren zutabe bat baizik. Emakunderekin jarraituz, erakunde horren egitura berrantolatzea da 2026ko aurrekontuaren berrikuntza nagusia.
Hurrengo urterako Lehendakaritzak aurreikusi duen aurrekontu osoa, guztira, 100.670.000 eurokoa da, alegia, 2025. urtekoa baino % 5,3 handiagoa. Zatirik handiena, % 55,3, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziari dagokio, hain justu ere, 55.721.110 euro. Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren Idazkaritza Nagusiak 16.635.059 euroko aurrekontua dauka; Koordinazio eta Proiektu Estrategikoen Idazkaritza Nagusiak 10.288.343 eurokoa; eta, azkenik, Komunikazio eta Berrikuntza Sozialaren Idazkaritza Nagusiak 9.839.963 euro ditu esleituta. Emakundek, orotara, 8.185.500 euroko aurrekontu-partida izango du.






