Noël d’Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak hasiera eman dio gaur Eusko Jaurlaritzako Sailetako arduradunen agerraldien egutegiari. Aste honetan Legebiltzarrean egingo diren agerraldien bidez, aurrekontuaren ildo nagusiak azalduko dira, joan den asteartean Gobernu Kontseiluak 2026rako kontu publikoen proiektua onartu ostean.
Agerraldien ondoren, eta oraindik zehazteke dagoen datan, Eusko Jaurlaritzak bilera-erronda hasiko du oposizioko talde politikoekin, Voxekin izan ezik, kontu publiko horien onarpena gobernuan dauden alderdietatik haratago zabaldu eta “egon daitezkeen elkarguneak aztertzeko”, d’Anjou sailburuak gaur aurreratu duenez.
Ogasun eta Finantzetako sailburuak aurrekontu honek lortu nahi dituen hiru helburuak eman ditu aditzera, hauek dira:
- Zerbitzu publikoak finkatzea.
- Herritarren kezka eta premia nagusiei arreta ematea.
- Herrialdea etorkizunera begira prestatzeko eraldaketetan inbertitzea.
Horretarako, 2026rako Aurrekontu Proiektuan “Euskadi Eraldatuz 2030” Inbertsio Eraldatzaileen Planerako 935 milioi euro barne hartu dira —hain zuzen, plan hori da Euskal Finantza Aliantzaren bide-orria—.Zenbateko hori aurrekontu-proiektu arruntari gehitu zaio, eta 2026an 16.378 milioi eurokoa izango da, 2025ean baino % 4,1 handiagoa.
Eusko Jaurlaritzak aurrekontu horietarako izango dituen diru-sarrerak Foru Aldundiek egingo duten 14.143 milioi euroko ekarpenetan oinarritzen dira. Ekarpen horiek 943 milioi euro handitu dira, 2025eko itxiera-aurreikuspenarekin alderatuta.
Aitzitik, 2025arekin alderatuta, behera egin dute euskal Y-arekin, Hegoaldeko Trenbide Saihesbidearekin eta Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren Funtsekin lotzen diren baliabideek. Izatez, 2026an ez da aurreikusten azken mekanismo horren diru-sarrerarik, eta jarduketak gerakinen bidez finantzatuko dira.
Aurreikusitako zorpetze gordina 2.324 milioi eurokoa da. Horietatik 935 milioi euro Euskal Finantza Aliantzari dagozkio, eta zorraren amortizazioa 879 milioi eurokoa izango da.
“2026ko aurrekontuak ongizatea, jasangarritasuna eta inbertsio eraldatzailea lehenesten ditu, Euskadiren etorkizuna prestatzeko”. Horrela laburbildu du datorren urterako kontu publikoen espiritua.
Duela astebete proiektu hau onartzearekin argitara eman ziren datuez gain, d’Anjou sailburuak Ogasun eta Finantza Sailak datorren urtean izango duen aurrekontuaren berri eman du: 103 M€ + 815 M€.
Partidarik garrantzitsuena Finantzen Euskal Institutuari egin beharreko ekarpena da, guztira 857 milioi eurokoa; zenbateko horretatik, 815 milioi euro Euskal Finantza Aliantzaren garapenarekin lotzen den ezohiko ekarpena da.
D’Anjou sailburuak aditzera eman duenez, jarraipena ematen zaio 2025ean hasitako ildoari, eta Finantzen Euskal Institutuak Eusko Jaurlaritzaren politika ekonomikoa transmititzeko betetzen duen zeregina indartuko da, Eusko Jaurlaritzaren barruan zehaztutako garapen ekonomiko eta sozialerako politikak finantzatzeko laguntzen bidez. Ildo horretan, Finantzen Euskal Institutuaren bidez garatuko dira, 2026tik aurrera, “Euskadi Eraldatuz 2030” Inbertsio Planean biltzen diren ekimen guztiak.
Bestalde, nabarmendu du 2026an jarriko dela abian aurrekontuetan genero-ikuspegia hobeto txertatzeko prozesua, eta horrela beteko dela Eusko Jaurlaritzak 2025eko ekainean “Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren aurrekontu orokorretan genero-ikuspegia txertatzeko estrategiaren” barruan onartu zuen bide-orriko giltzarrietako bat.
“Zehazki, 1. fasea jarri dugu abian, eta fase hori 2028ra arte luzatuko da. Fase horrek 405.000 euroko aurrekontu-zuzkidura izango du (135.000 euro 2026an, eta gainerakoa 2027 eta 2028rako konpromiso-kredituetan). Proiektu honen buru Ogasun Saila eta Emakunde diren arren, Eusko Jaurlaritza osoaren proiektua da”, eman du aditzera.
Ekimen hori bat dator aurrekontu-proiektu honekin; izatez, bere iritziz, “partiden eta kontabilitate-zenbatekoen batura baino askoz gehiago da. Ezeren gainetik konpromisoa da. Konpromisoa gure zerbitzu publikoen egonkortasunarekin, pertsona guztien ongizatea babestearekin eta inor atzean geratuko ez dela bermatzearekin”.






