- Ibone Bengoetxea lehendakariordea: “inoiz baino beharrezkoagoa da kolektibo baten parte sentitzea, gure ongizatea zaintzea eta garenak izaten indartzen laguntzen digun horren alde apustu egitea”
- 2026ko aurrekontua % 5,5 hazi da, eta kulturaren (% +7), euskararen (% +6,2) eta kirolaren (% +16) eremuak indartu ditu
- Sailaren lehentasunak: artistei eta sortzaileei laguntzea, ondare kulturalari etorkizuna ematea, euskararen erabilera soziala bultzatzea, eta kirola, jarduera fisikoa eta bizi-ohitura osasuntsuak sustatzea
Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak bere sailaren 2026rako aurrekontu-proiektua aurkeztu du gaur Legebiltzarrean. Aurrekontuak 413,7 milioi euroko zuzkidura du, hau da, 2025ean baino % 5,5 gehiago. Sailaren historiako aurrekonturik altuena da.
Bengoetxea lehendakariordeak azpimarratu duenez, Sailaren helburu nagusia euskal gizartean komunitate-sena areagotzea da, eta identitate kulturalean eta giza garapen jasangarrian sakonduz. Gaineratu duenez, egungo testuinguruan, “inoiz baino beharrezkoagoa da kolektibo baten parte sentitzea, gure ongizatea zaintzea eta garenak izaten indartzen laguntzen digun horren alde apustu egitea”. Ondoan izan ditu Andoni Iturbe Kulturako sailburuordea, Aitor Aldasoro Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Gorka Iturriaga Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria.
Lau lehentasun estrategiko 2026rako
- Artistei eta sortzaileei laguntzea, 50,5 M €-rekin (+% 10,7), deialdiak, laguntzak eta nazioarteko proiekzioa indartuta.
- Ondare kulturalari etorkizuna ematea, 37,9 M €-rekin (+% 5,4), bere kontserbazioa, digitalizazioa eta sarbide publikoa lehenetsita.
- Euskara eta bere erabilera soziala bultzatzea, 93,5 M €-rekin (+% 6,1), doakotasunerantz eta ikaskuntza digitalerantz aurrera eginda.
- Kirola, jarduera fisikoa eta ongizatea sustatzea, 14,9 milioi eurorekin, ohitura osasungarriak eta berdintasuna kirolean sendotuta.
2026rako nabarmendu beharreko hamar ekimen
- Kulturako sektore profesionalen balio-kate osoa indartzeko deialdietako laguntzak % 27 handitzea (18,7 M €).
- Ikus-entzunezko sektorera bideratutako aurrekontuak % 40 finantzaketa handiagoa izango du.
- 700.000 € eragin handiko ekitaldi eta programa kulturaletarako.
- Ondare Digitalaren Laborategia sortzea, 300.000 €-rekin, euskal ondarearen eraldaketa digitalerako.
- eLiburutegia modernizatzea eta eduki digitalak zabaltzea, 180.000 €-rekin (+% 38).
- Kulturaren Euskal Behatokia indartzea, 20. urteurrena ospatzeko.
- 64,5 milioi euro HABErentzat (+% 9,2), ikaskuntzaren doakotasunean aurrera egiteko eta irakasleen baldintzak hobetzeko.
- “Jauzia Gara” proiektua bultzatzea, euskararen erabilera soziala hainbat eremutan sustatzeko. LANera proiektuak funtsezko zeregina izango du euskara esparru sozioekonomikora hurbiltzeko, % 15eko hazkundearekin.
- Ofizialtasun Agenda sustatzea, euskal selekzioen nazioarteko proiekzioa indartzeko.
- Mugiment Ekintza Plana, 830.000 €-rekin (+% 9), jarduera fisikoa osasunarekin eta ongizatearekin lotzeko.
Kultura: ikus-entzunezkoen sustapena, euskal kulturaren irekiera eta ondare digitala
Kulturaren arloak 86,6 milioi euro (+% 8,5) izango ditu 2026an, euskal kultura-sistema indartzeko eta artista, sortzaile eta ekoizleen lana aitortzeko. 50,5 milioi euro (+% 10,7) erabiliko dira artistei beren lanaren fase guztietan laguntzeko, sorkuntzatik hasi eta nazioarteko hedapeneraino, laguntzen, deialdien eta sarien bitartez.
Modalitateen artean, ikus-entzunezkoen sektorea izango da gehien haziko dena (+% 40), zinema-aretoetarako eta ikus-entzunezko laborategietarako deialdi berriak barne, euskarazko ekoizpenei arreta berezia eskainita.
Ondare kulturalak 38 milioi euro (+%5,4) jasoko ditu, museoak modernizatu eta handitzeko, bildumak digitalizatzeko eta euskal ondare kulturala kontserbatzeko, herritar guztiek eskura izatea bermatuta. Berrikuntza eta digitalizazioa ere azpimarratzen dira, eta horretarako Ondare Digitaleko Laborategia sortu eta sormen eta kultura digitaleko proiektu estrategikoak indartuko dira, baita eLiburutegia plataforma bultzatu ere, irakurketa bultzatzeko eta eduki digitalak sustatzeko.
Herri-kultura ere indartu egin da, abesbatza, euskal dantza eta bertsolaritzara bideratutako 440.000 eurorekin. Gainera, 700.000 euro erabiliko dira eragin handiko ekitaldi kulturaletarako.
Euskara: ikaskuntzan doakotasun handiagoko politika baterantz eta erabilera sozial aktiboa sustatzearen alde
Hizkuntza Politikaren arloak 93,5 milioi euro (+% 6,2) izango ditu 2026an, euskararen ezagutza eta erabilera aktiboa sustatzeko. HABEk 64,5 milioi (+% 9,2) jasoko ditu, ikaskuntzaren doakotasuna sendotu, irakasleen baldintzak hobetu eta INGURArekin online prestakuntza sustatzeko. Hizkuntzaren erabilera soziala bultzatuko da “Jauzia Gara” (450.000 €) proiektuarekin, euskarari laguntza emango zaio lan-arloan, etorkinen integrazioan eta ikerketan. Gainera, 1,8 milioi hizkuntza teknologietara bideratuko dira, 350.000 € ikus-entzunezko edukietara, 11,7 milioi euskarazko hedabideetara eta 1,5 milioi Euskaltzaindiara.
Kirola: ongizatea, nazioartekotzea eta balio sozialak areagotzea
Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren arloak 15 milioi euro izango ditu, jarduera fisiko osasungarri, inklusibo eta berdinzalearen aldeko apustua sendotzeko. UEFA inbertsioak amaitzeagatik aurrekontu orokorra 2025etik jaisten bada ere, arloaren hazkunde erreala % 16koa da.
Indartu egin da Mugiment (+% 6) programa, eta arreta berezia jarri zaio hezkuntzaren arloari (+% 16), eta handitu egin dira goi-mailara eta Basque Teamera (+% 5,6) bideratutako partidak. Kirolaren nazioartekotzeak indarra hartu du Ofizialtasun Agendarekin (+200.000 €) eta Euskadiko EPCR (Champions Cup) errugbiko nazioarteko txapelketekin.
Gainera, berdintasunaren, kirol egokituaren eta balio sozialen sustapenaren ildoak indartu dira (+374.000 €), sailak gizartearen zerbitzura dagoen kirolarekin duen konpromisoari eutsiz.
EITB
EITBk 201,4 M €-ko (1,7M € gehiago) finantzaketa izango du, euskal gizartearentzat erreferente den euskararen eta euskal kulturaren abangoardia eta hedapenerako hedabide publikoa izaten jarraitzeko.
ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA
Etxepare Euskal Instituturako aurrekontua 4,6 milioi eurokoa da, 2025ean baino 402.000 € gehiago (+ % 9,6), diplomazia kulturalaren bidez euskal hizkuntza eta kultura munduan proiektatzen jarrai dezan, eta Euskadi erreferente kultural global gisa aitortua izan dadin trukeak eta nazioarteko presentzia sustatuta.






