Gasteizko Goiuri Jauregian Trafikoko Jardunaldi Profesionala egin da gaur, “Mugikortasun berria, betiko arazoak” izenburupean.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburuak inauguratu du gaur goizean Gasteizko Goiuri Jauregian Trafikoko Jardunaldi Profesionala, “Mugikortasun berria, betiko arazoak / Nueva movilidad, viejos problemas” izenburupean.
Topaketan mugikortasunaren esparruan gertatzen ari den eraldaketa sakonaren unea aztertu da. Hiriarteko mugikortasuna etengabe ari da gora egiten, eta azpiegituretan, araudian eta teknologian aurrerapenak egiten diren arren, oraindik ere badira ezbehar-tasan ia batere aldaketarik ez duten faktoreak, hala nola, abiadura desegokia, arreta-galtzeak, alkoholaren eta drogen kontsumoa edo kolektibo jakin batzuen zaurgarritasuna.
Zupiriak azpimarratu duenez, “Eredu jasangarriago, digitalago eta efizienteago bateranzko trantsizioan gaude. Ibilgailu autonomo eta konektatuak errealitate bat dira jada, gidariari laguntzeko sistema aurreratuak, azpiegitura adimendunak, trafikoa kudeatzeko adimen artifiziala… dauzkagu. Baina, hala ere, gaur egun oraindik ere orain dela hamar edo hogei urte genituen buruhauste berberak izaten jarraitzen dugu”. Era berean gogoratu du iaz, 2024an, 37 pertsona hil zirela Euskadin trafiko-istripuan. Eta istripuen faktore nagusiak izan ziren arreta-galtzeak, abiadura desegokia eta alkoholaren edo beste substantzia batzuen kontsumoa.
Bingen Zupiriaren esanetan, “Segurtasun Sailean argi daukagu mugikortasun berri honek, batez ere, segurua izan behar duela. Bide-segurtasuna funtsezko politika publiko partekatua da. Eta funtsezko hiru zutabetan oinarritzen da: prebentzioa, koordinazioa eta erantzukizuna. Prebentzioa, bide-hezkuntzaren eta trafikoaren kudeaketa adimendunaren bidez. Koordinazioa, erakundeen, polizien eta herritarren artean. Eta erantzukizuna, guztiona”.
ZORTZI HIZLARI
Aurtengo Trafikoko Jardunaldi Profesionala “Mugikortasun berria, betiko arazoak” izenburupean egin da, eta helburua izan du topaketarako eta hausnarketarako leku bat eskaintzea egungo erronkak aztertzeko, esperientziak partekatzeko eta pertsonak erdigunean kokatuko dituen mugikortasun-eredu seguru, jasangarri eta inklusibo baterantz aurrera egiteko.
Aitor Aritzetak, EHUko Psikologia Fakultateko irakasle eta Psikologian doktoreak, eman dio hasiera jardunaldiari “Mugikortasun berria, betiko arazoak; azterlanak, emaitzak eta ondorioak” izenburua zuen ponentziarekin. Ondoren, “Hiriarteko mugikortasun berria” izeneko gai-multzoaren barruan, hizlariak izan dira Igor Basterretxea, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzako Ingeniaritzako arduraduna, “Bide-segurtasuna hobetzen lagunduko duten seinale berriak” izeneko ponentziarekin; Jacobo Díaz, Espainiako Errepide Elkartearen (AEC) zuzendari nagusia, eta “Hiriarteko mugikortasunaren erronka handia: errepide segurua, berdea eta konektatua” gaiaz hitz egin du; eta Javier Diéguez, Euskal Zibersegurtasunaren Agentziaren (Cyberzaintza) zuzendari nagusia, eta “Zibersegurtasuna bide-segurtasunaren zerbitzura” gaia izan du hizpide.
“Etorkizuneko proiektuak” izeneko bigarren gai-multzoan, Amaia Sánchezek, BasqueCCAMeko Projet Managerrak, “LandaGO, mugikortasun autonomoa landa-inguruneetan” gaiaz hitz egin du, eta, jarraian, Saioa Martínezek, Asepeyoko lurralde-koordinatzaileak, “Asepeyon, konbentzionaletik harago, lanean mugikortasun segurua izatearen alde” izeneko esku-hartzearekin osatu du atal hau.
Eta, azkenik, hirugarren panelean, “Betiko arazoak” izenburupean, parte hartu dute Mar Cogollosek, Bizkarrezur Muineko Lesioa Aztertzeko Elkartearen (AESLEME) zuzendariak, “Arazo zaharrak mugikortasun berrian” ponentziarekin; eta Aitor de Velascok, Bizkaiko Trafikoko Lurralde Unitateko ertzainak, eta “Zero ikuspegia Euskadin” gaiaz hitz egin du.
Ekitaldiaren barruan “Ikusi eta Ikasi. Kalitatezko espazio publiko baten alde, bideko elkarbizitza segurua eta jasangarria” erakusketa egin da, Stop Bide Indarkeria elkarteak antolatutako lehiaketako argazkiekin.
Azkenik, Estibaliz Olabarri Trafikoko zuzendariak eman dio amaiera Jardunaldiari, eta honako hau azpimarratu du: “Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzatik mugikortasun seguru, jasangarri eta antolatuaren aldeko apustua egiten dugu, teknologiak pertsonei laguntzeko eta ez alderantziz. Aurrera egiten ari gara kontrol-sistemak modernizatzean, gidariarentzako informazioa hobetzean eta ezbehar-tasa murriztean. Baina oraindik bide luzea dago egiteko. Hezten, sentsibilizatzen eta daukagun ezagutza guztia aplikatzen jarraitu behar dugu behin eta berriz aipatzen dugun eta, gure ustez, guztion inplikazioarekin lor daitekeen “Zero Biktima” helburua lortzeko.






