Emakumeen kopuruak gora egiteareakin, Euskadin BGAE-etako bazkide diren eta aurreikuspen-planak dituzten milioi bat bazkideen kopurua finkatu da

0

Azken sei urteotan, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeetako (BGAE) bazkide diren eta aurreikuspen-planak dituzten emakumeen kopurua gizonena baino gehiago hazi da (+% 6,1 eta +% 1,6, hurrenez hurren), 536.099 emakume bazkide izatera iritsi arte (642.792 gizon dira). Igoera hori Enplegu Planen hazkunde handian datza; plan horiek % 19 egin zuten gora iaz, Plan Indibidualen murrizketaren aldean (-% 3,2). Igoera horrek Euskadin BGAEetako bazkide diren eta aurreikuspen-planak dituzten milioi bat pertsonen kopurua finkatu du —2024. urtea 1.178.891 bazkiderekin itxi zen—.

Gizarte Aurreikuspen Osagarriaren Behatokiak lehen aldiz egindako “Emakumeak Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-aurreikuspen osagarrian” estatistika-azterketak emandako datuetako batzuk dira. Behatokia duela hiru urte jarri zen abian, Finantza Politikako Zuzendaritzak sustatuta, gizarte-aurreikuspen osagarriaren eta pentsioen arloko gaurkotasunaren jarraipena egiteko tresna tekniko iraunkor gisa. Horrela, pentsioen eta gizarte-aurreikuspen osagarriaren egoeraren eta bilakaeraren ikuspegi globala eta iraunkorra ziurtatu nahi da.

Lan horretan egindako segregazio estatistikoak datu interesgarriak eskaintzen ditu emakumeek BGAEen ekosisteman duten garrantziaren gaur egungo erradiografia izate aldera. Datu horietan agerian geratzen da gazteen kolektiboak (35 urte artekoak) pisu handiagoa duela emakumeen artean (% 10,7) eta, batez ere, enplegu-plana dutenen artean (% 17,4). Izatez, aurreikuspen-plana duten emakume gazteen % 69,3k enplegu-plana dute; emakumeen kolektiboan % 42,5ek du horrelako plana.

Bestalde, aditzera ematen da emakumeek BGAEetako Gobernu Batzordeetako karguen % 35 betetzen dituztela, eta nabarmentzekoa da Idazkaritza postuetan (% 39) eta Lehendakaritza postuetan (% 26) duten presentzia. Horrez gain, aurreikuspen-planak dituzten BGAEetako enplegatuen bi heren emakumeak dira.

Prestazioen balantzeari dagokionez, 37.000 emakumek baino gehiagok jasotzen dute BGAEen prestazioren bat; heriotzaren ondoriozko kontingentzia nagusitzen da (% 52), erretiroaren kontingentziaren gainetik (% 42).

Lan estatistiko hori gehitzen zaie Ogasun eta Finantza Sailak genero-desberdintasun estrukturaletatik abiatzen diren emakumeen eta gizonen egoera desberdina ikusarazteko abian jarritako ekimenei. Soldata-arrakala murrizteak, batik bat, azaltzen du gizarte-aurreikuspeneko planak dituzten emakumeen kopuruak gora egin izana.