- Proiektua jauzi kualitatiboa da baxurako arrantza-sektorea garatzeko estrategian
- Urrats erabakigarria da Euskadiko sektorea modernizatzeko
Bizkaiko eta Gipuzkoako Arrantzaleen Kofradien Federazioek, Hazilur S.A.-rekin batera, sozietate sortu berri bat eratu dute, KOFRADIA BASQUE SEAFOOD S.A. izena duena. Sozietate horrek lehengo PESQUERÍA ONDARROA SAren ekoizpen-unitatea erosi du, gaur egun hartzekodunen konkurtsoan eta likidazioan dagoena.
Hazilur S.A. finantza-sustapeneko sozietate bat da – batez ere partaidetza-maileguena –, lehen sektoreko, nekazaritzako elikagaien industriako eta euskal landa- eta itsasertz-inguruneko enpresa-jarduerak sustatzera bideratua. Eusko Jaurlaritzaren % 50eko partaidetza du, HAZIren bidez.
Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko baxurako arrantza-sektoreak gidatu dute proiektu hau, eta, gainera, arrantza-sektoreko erakundeen eta finantza-sustapen publikoko tresnen arteko lankidetza bultzatuz, jardueraren jarraitutasuna bermatzeko eta sektorearen lehiakortasuna indartzeko. Jarduera hau Euskadiko lehen sektorea eta arrantza eraldatzen eta modernizatzen laguntzeko estrategiaren barruan kokatu da.
Ekimen berri horri esker, PESQUERÍA ONDARROA S.A. enpresak arraina eraldatzeko egiten zuen jarduerarekin jarraituko du Ondarroan.
Konpainia berriak lanpostu guztiak mantentzea ere bere gain hartzen du, Ondarroako udalerrian enplegua bermatuz.
Era berean, proiektua jauzi kualitatiboa da baxurako arrantza-sektorea garatzeko estrategian, arrainaren merkaturatze- eta eraldaketa-prozesuetan zuzenean parte hartzeko aukera ematen baitu.
KOFRADIA BASQUE SEAFOOD S.A.-k laugarren eta bosgarren gamako produktu-lerro berri bat izango du, xerratan egindako, ontziratutako eta prestatzeko prest dagoen arrainaren elaborazioan oinarritua, baita kontsumitzeko prest dauden plater prestatuen produkzioan ere, hori guztia Kantauriko arrainean oinarrituta eta kalitate- eta jasangarritasun-estandarren arabera.
Ekimen hori urrats erabakigarria da euskal arrantza-sektorea modernizatzeko, balio erantsia sortzeko eta kontsumo-joera berrietara egokitzeko gaitasuna bultzatuz. Era berean, Eusko Jaurlaritzak enpleguaren iraunkortasunarekin, elikagaien eraldaketarekin eta lehen sektorearen lehiakortasunarekin duen konpromisoa indartzen du.
Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak adierazi duenez, «KOFRADIA BASQUE SEAFOOD, S.A.rekin beste urrats bat ematen dugu euskal arrantza-eredu moderno, iraunkor eta etorkizunekoa eraikitzeko, non sektoreak berak modu aktiboan parte hartzen duen balio-katean eta kalitatezko enpleguaren sorreran».






