- Derion kokatuta daude, eta hainbat gaixotasun ikertzeko gune teknologiko honen gaitasuna handitzen dute, esate baterako, hegazti-gripea, Q sukarra eta animalien tuberkulosia
- 5 milioi euro inguruko inbertsioari esker, azpiegitura honetan osasun garrantzi handiko patologiak ikertzen eta aurre egiteko irtenbideak garatzen jarraitu ahalko dute
- Imanol Pradales: “urrats garrantzitsua ematen dugu gure autonomia estrategikoa bermatzeko. Gure herriaren eta Europaren segurtasun osoa bermatzeko”
Derioko egoitzan eraberritutako 3. mailako biokontentzioko (NCB3) laborategiaren instalazioak inauguratu ditu NEIKER zentro teknologikoak, izan ere, teknologia gune hau zeharo berritu dute, hain justu ere, zentroaren azalera 200 metro koadro handitu dute, segurtasun neurriak indartu dituzte, eta energia efizientzia hobetu dute.
Imanol Pradales Lehendakaria inaugurazio ekitaldiaren buru izan da, eta berarekin batera bertan izan dira Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua eta Olatz Unamunzaga NEIKEReko zuzendari nagusia. Era berean, instituzio zientifikoetako eta Euskadiko abeltzaintzaren sektoreko eragile nagusietako hainbat ordezkarik ere parte hartu dute.
Lehendakariak bere aurkezpenean adierazi duenez, “urrats garrantzitsua ematen dugu gure autonomia estrategikoa bermatzeko. Gure herriaren eta Europaren segurtasun osoa bermatzeko. Segurtasun biologiko handiko instalazio hori berritzeak Europako abangoardian jartzen gaitu gizakien, animalien eta ingurumenaren osasunean eragina duten gaixotasunak ikertzen, zaintzen eta kontrolatzen. Europan bioeuspena eta ‘One Health’ ikuspegi integrala uztartzen dituzten oso zentro gutxi daudelako. Gaur ongietorria ematen diogu nazioarteko erreferentzia izango den zentro berrituari «.
Ikerketa-gune hau, zehazki, animalia-jatorria duten patologiak ikertzera bideratuta dago, adibidez, hegazti gripea, Q sukarra edo tuberkulosia, eta ezinbestekoa da abeltzaintzarako zein osasun publikorako arriskutsuak diren gaixotasunak ikertzeko, izan ere, diseinu berezia du uneoro pertsonen eta lantokiaren inguruaren babes osoa bermatzeko, balizko kutsadura eta ihes biologikoen aurrean.
NCB3 laborategiek zeresan garrantzitsua dute, biokontentzio altua eskatzen duten patogenoak ikertzeko aukera ematen baitute, esate baterako, hegazti gripea, Q sukarra edo animalien tuberkulosia, betiere ikerketaren baldintzak kontrolpean izanik; horrela, osasun-, ekonomia- eta gizarte-eragin handia izan dezaketen gaixotasunen ezagutzan eta prebentzioan aurrera egiten jarraitu ahalko da.
Amaia Barredok, berriz, NCB3 laborategiek abeltzaintzaren sektoreari zer onura ekarriko dizkioten nabarmendu du. “Laborategi hauei esker, abeltzaintzako profesionalek lehen mailako erreminta zientifikoak dituzte gaixotasunak prebenitu eta kontrolatzeko, hori gabe gaixotasun horiek kalte handia egingo liekete ekoizpenari, animalien osasunari, eta, hedaduraz, gure produktuen ekonomia eta izen onari”.
Amaitzeko, zentroko zuzendari nagusiak azpimarratu duenez, “instalazio hauetan garrantzi handiko animalia-gaixotasunak iker ditzakegu, irtenbide berriak bilatu, eta beste zentro eta enpresa batzuekin lan egin, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren sektoreari laguntzeko eta, azken batean, gizarte osoari”.
200 m2 gehiagoko azalera eta lankidetza berriak
NEIKERen NCB3 eraikin berria aparteko instalazioa da Euskadin eta erreferentzia bat estatuan eta Europan. Kontinente osoan oso zentro gutxitan uztartzen dira, batetik, animalia eta gizakien patogenoetarako biokontentzio gaitasuna, eta, bestetik, “Osasun bakarra” (One Health) delako ikuspegi bateratua”.
Birgaitze-lanak, orotara, 5 milioi euro inguru kostatu dira, eta ikerketa-gunea 200 metro koadro handitu ahal izan da; horretaz gain, lan-ildo bakoitzerako laborategi espezifikoak sortu dira, eta beste ikerketa arlo batzuk ere gehitu dira, laborategietako animaliak eta animalia handiak erabiliz, betiere animalien ongizatearen azken estandarrei jarraiki.
Egokitzapen hauei esker, ikerketa talde eta enpresa gehiagorekin lan egin ahalko da elkarlanean. “Instalazio hauek bereziki baliagarriak dira albaitaritzako enpresa farmazeutikoetarako, izan ere, askotan, dimentsio handiko animaliekin prototipoak probatu behar izaten dituzte, baldintza seguruetan”, Joseba Garrido teknologia-zentro honetako Animalien Osasun Saileko arduradunak nabarmendu duenez.
Arestian aipatu bezala, hainbat hobekuntza egin dira, besteak beste, sistema kritiko erredundante eta optimizatuak, lanen segurtasuna eta fidagarritasuna handitzeko; era berean, klimatizazioari dagokionez, geotermia erantsi da, horrela, efizientzia energetikoa hobetu da, eta instalazioek modu jasangarriagoan funtzionatuko dute.
Berrikuntza hauei esker, NEIKERek bere xarma sendotu du Europan erreferentziazko bazkide izateko, finantzaketa bide berriei atea ireki zaie, eta azpiegitura estrategiko honen erabilera optimizatu da zientziaren eta osasun publikoaren mesedetan.






