Administrazioa herritarrengana hurbiltzeko bidean beste urrats bat eman du Hondarribiko Udalak. Aurrerantzean, hainbat udal tramite modu bizkorrean, autonomoan eta bulego-ordutegietatik kanpo ere egin ahal izango dira hirian kokatutako hiru makina berrien bidez.
Igor Enparan Araneta alkateak nabarmendu du makinak “egungo bizitza erritmoari eta beharrei” erantzuteko direla: “Ez da beti erraza izaten udaletxera joatea bulego-orduetan. Makina hauekin herritarrei aukera gehiago eskaintzen dizkiegu tramiteak beren erritmora egin ahal izateko, ilara luzerik gabe eta bulegoen menpe egon gabe.”
Zer tramite egin daitezke?
Makinetan honako tramite hauek egiteko aukera dago:
- Erroldako agiri ofizialak inprimatzea.
- Erregistro elektronikoak egitea (B@kq edo beste identifikazio digital baten bidez).
- Ordainagiriak eta isunen ordainagiriak inprimatzea.
- Ordainagiriak zuzenean ordaintzea.
- Auditoriumeko sarrerak erostea.
Makinak intuitiboak eta erabilerrazak dira, edozein erabiltzailek pauso gutxitan tramiteak egin ditzan. Dena den, Enparanek argitu du ez dutela arreta pertsonala ordezkatzen: “Gure bulegoetako ateak zabalik jarraituko dute, baina makinak osagarri baliagarri bat dira. Udalak herritar guztien beharretara egokitu nahi du; batzuek aurrez aurreko arreta nahiago dute; beste batzuek autonomia eta beren denboraren kudeaketa baloratzen dute. Bi aukerak bermatu nahi ditugu.”
Zerbitzua ahalik eta irisgarriena izan dadin, hiru makina jarri dira hirian zehar:
- Kiroldegian, egunero erabilgarri:
- Astelehenetik ostiralera, 7:30etik 22:00etara.
- Larunbatetan, 8:00etatik 21:00etara.
- Igande eta jai egunetan, 8:00etatik 20:00etara.
- Udaletxean, egunero, 8:00etatik 21:00etara.
Hirugarren makina Mendelun jarriko da, “Stanley” eraikinean egiten ari diren eraberritze lanak amaitu eta bertan gaitzen ari diren bulegoa martxan jartzen denean. “Mendelu udalerriko gune nagusietatik urrunago dagoen auzoa da, eta bertako bizilagunek ere udal zerbitzuetara modu errazean eta azkar iristeko aukera izan dezaten nahi dugu. Horregatik uste dugu ezinbestekoa dela makina horietako bat bertan kokatzea. Hilabete honetan bertan egongo da erabilgarri,” azaldu du alkateak.
Azkenik, alkateak udal gobernuaren konpromisoa berretsi du: “Herritarrei beren denboraren jabe izateko tresnak ematea da gure nahia, eta udal administrazioa gertutasunaren, irisgarritasunaren eta erabilgarritasunaren sinonimo izatea. Horretan lanean jarraituko dugu.”






