- Zientzia Astea bezalako ekimenek «zientzia espazio publikoan jartzen» dutela nabarmendu du.
Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesiasek Zientzia Astearen XXV. edizioaren inaugurazioan parte hartu du gaur, Joxerramon Bengoetxea Unibertsitateko errektorearekin, Itziar Urtasun Bilboko Udaleko zinegotziarekin eta Gotzone Barandika Transferentzia eta Nazioartekotze errektoreordeearekin batera.
Bizkaia Aretoan egindako ekitaldian, Pérez Iglesiasek ekimenaren garrantzia azpimarratu du. Ekimen hori aldi berean egiten da EAEko hiru hiriburuetan eta Barakaldon. Sailburuak eskerrak eman dizkio EHUri programaren antolaketan parte hartzeagatik, eta ekitaldian parte hartzen duten irakasle eta ikertzaileen lana aitortu du.
Pérez Iglesiasek Zientzia Astearen balio erantsia azpimarratu du, «zientzia espazio publikoan jartzen duelako». «Zientzia espazio publikoan jartzea gizarte osoan prestigioa emateko eta erakundeen eta herritarren babes handiagoa lortzeko mekanismoa da», adierazi du.
Halaber, adierazi duenez, «Zientzia Astea bezalako jarduerak aurrerapen zientifiko eta teknologikoa aurrerapen sozial bihurtzea ahalbidetzen duten mekanismoetako bat dira».
Sailburuak nabarmendu du, halaber, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak ezagutzaren hedapen sozialarekin duen konpromisoa. «Hainbat ekimen bultzatzen ari gara, zientzi sistemaren erdigunean gaudelako eta zientzia gizarteari hurbiltzeak duen garrantziaz konbentzituta gaudelako», azaldu du. Zentzu horretan, Zientzia bezalako proiektuak aipatu ditu. Klik edo Jakindari aliantza, dibulgazioaren aldeko apustu horren adibide gisa.
«Plastikorik gabeko planeta baterako zientzia» lelopean, Zientzia Astearen XXV. edizioak plastikoaren kontsumoaz eta erabilera arduratsuaz kontzientziatu nahi du, baita sortzen diren hondakinen kudeaketa egokiaz ere. Datozen bost egunetan 170 jarduera baino gehiago egingo dira, besteak beste, tailerrak, ibilbide didaktikoak, erakusketak, ikuskizunak eta hitzaldiak.






