Sailaren aurrekontuak, inoizko handienak, 5.327 milioi euro (+% 4,1) bideratuko ditu Euskadirentzat osasun hobea eta etorkizun osasungarri handiagoa sustatzera, pertsonako 2.400 euroko gastu publikoarekin

0

OSASUN SAILA

2026ko Aurrekontu Lege Proiektuaren aurkezpena Eusko Legebiltzarrean

  • Alberto Martínez, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua: «Osasun zerbitzu publikoa indartzeko, etorkizunerako eraldaketan inbertitzeko eta herritarren benetako arazoetan arreta jartzeko aurrekontua aurkezten dugu»
  • Sailak berritu egin du euskal herritarrekiko duen konpromisoa, eta osasunari lehentasuna eman dio Euskal Osasun Itunaren osteko lehenengo aurrekontuan. Itun horretan jasotako akordioak pixkanaka sartu ditu; horretarako 2026an, 2025ean baino 208 milioi euro gehiago bideratu dira, Jaurlaritzaren guztizko gehikuntzaren bolumen handiena (% 42)
  • «Lehen aldiz diseinatu dugu Herritarrek Osasunean Parte Hartzeko Plan Zuzentzaile bat. Pazienteek eta elkarteek erabakietan parte hartzea nahi dugu»
  • Aurrekontuaren helburuak honako hauek dira: Osasun Publikoa indartzea prebentzioaren eta sustapenaren bidez; Osasun Sistema Publikoa, Osakidetza, indartzea eta eraldatzea; pazienteetan oinarritutako I+G+b; pazienteen zaintza eta tratamendua; eta osasun-sistema publiko gero eta publikoagoa sendotzea 
  • Osasunera bideratutako aurrekontuko 10 eurotik 8 Osakidetzarentzat dira; Osakidetzak 4.276 milioi euro (+% 4,06) izango ditu; horietatik % 65 langileentzako izango da, eta 202 milioi (+% 23) inbertsioetarako. Kasu horretan, 2025tik 2032ra luzatuko den Azpiegitura Sanitarioen Plan berri bat ezarriko da, 1.500 milioi eurokoa
  • 2026. urtean 2023, 2024 eta 2025 urteei zegozkien EEPak deituko dira, 4.500 plaza baino gehiago eskainiz; gainera, eskaintza berri bat egingo da betetzeko zailak diren lanpostuetarako; horiek guztiak EEP eredu berri baten arabera egingo dira, Legebiltzarrak eskatu zuen eta sindikatuekin adostu zen bezala

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur aurkeztu du 2026rako aurrekontua. Aurrekontu horren bidez, euskal herritarrekin duen konpromisoa eta kontratua berritzen du, Euskadirentzat osasun hobea, eskubide gehiago eta etorkizun osasungarriagoa sustatzeko. Inoizko aurrekonturik handiena da: 4.276 milioi euro, 2025ean baino % 4,1 gehiago, hau da, 2.400 euroko gastu publikoa pertsonako.

Kontuak gaur goizean aurkeztu ditu Eusko Legebiltzarrean Osasuneko sailburu Alberto Martinezek, Osasun eta Eraldaketa Digitaleko sailburuorde Gontzal Tamayo, Osasun-arloko Gobernantza eta Iraunkortasuneko sailburuorde Aritz Uriarte eta Osakidetzako zuzendari nagusi Lore Bilbao aldamenean zituela. Nabarmendu dutenez, herriaren beharrei erantzuten dien aurrekontua da, zahartzeak, pluripatologiak eta laguntza-eskaera gero eta handiagoak markatuta.

Eta etorkizuneko osasun-sistemarantz pixkanaka eraldatzeko Osasunaren Euskal Itunean lortutako akordioak arian-arian txertatuz egin du, honako printzipio hauetan oinarrituta: unibertsaltasuna eta doakotasuna; aurreikusteko, prebenitzeko eta aurrea hartzeko eredua; pertsonen eta pazienteen ahalduntzea; osasun-emaitzak; eta jasangarritasuna.

AURREKONTUAREN LEHENTASUNAK

Sailak 2026rako aurreikusi dituen 5.237 milioi euroak (iaz baino 208 milioi gehiago) —Jaurlaritzaren aurrekontua osorik hartuta aurrekontu-gehikuntza handiena (% 42) izan duen saila— honako hauetara bideratuko dira batez ere:

  • Osasun Publikoa indartzera, prebentzioaren eta sustapenaren bidez. 85 milioi euro

Inpaktu indibiduala eta kolektiboa duten arrisku eta mehatxu lokal eta globalen aurrean, Osasun Publikoak herritarrak babesteko eta prebenitzeko ekintzak laburbiltzen ditu. Ekintza horiek guztiek Osasun Publikoaren Euskal Erakundean egingo dute bat.

2026an, txertoen inguruko inbertsioa handituko da (% 5) 29,5 milioi euroko partida batekin. Kopuru horri beste 5 milioi gehitu behar zaizkio gripearen aurkako txertoak erosteko. Hona hemen 2026rako berrikuntzak eta hobekuntzak: kukutxeztularen aurkako babesa indartzea nerabeen artean; Arnas Birus Sintzitialaren (ABS) aurkako txertaketa hastea arriskuan dauden helduentzat; txertatze tetrabalentea meningitisaren aurka, eta zoster herpesaren txertoa 65 eta 75 urtera zabaltzea.

Baheketak: Jaioberrien baheketa-programa zabaltzea aurreikusten da, 2026. urtearen amaieran 32 gaixotasunetara iritsi arte; horretara milioi bat euro inguru bideratuko dira. Halaber, helduen baheketa-neurriak indartuko dira, zerbixeko lagina norberak hartzea txertatuz, bularreko baheketa 48 urteko emakumeetara zabalduz eta patologia ez-onkologikoan baheketa egiteko eta arrisku kardiobaskularra eta giltzurrun-arriskua prebenitzeko proiektu pilotu bat abiaraziz. «Gaixotasunari aurrea hartzen diogu txertaketa-egutegia zabalduz eta morbimortalitate handia eragiten duten patologien diagnostiko goiztiarrak ahalbidetzen dituzten baheketa berriekin».

One Health ikuspegia kontuan hartuta Osasun Itunean konprometitutako neurriak txertatu dira; horien artean, 2,5 milioi euroko partida dago hondakin-uren kontrol epidemiologikoak egiteko, mendekotasuna eragiten duten substantzia berrien zaintza eta alerta goiztiarra, elikagaietan patogenoak identifikatzea, eta bakterio-erresistentzien ebaluazioa. Horrez gain, beste zuzkidura batzuk daude, hala nola ingurumenak osasunean duen eragina ebaluatzeko zuzkidura.

Sailaren beste lehentasunetako bat adikzioak prebenitzea eta jokabide osasungarriak sustatzea da, 11,2 milioi euro bideratzen baititu lanbide-sare egituratu baten barruan. Berritasun gisa, aipatzekoa da substantziadun eta substantziarik gabeko adikzioen egoerari buruzko inkesta berria. Alkohola, tabakoa edo kalamua bezalako substantzien kontsumoa aztertzeaz gain, Lehendakariak gidatutako sail anitzeko estrategia bat lantzen ari dira, osasun publikoko arazo bati aurre egiteko, hau da, adingabeetan pantailen gehiegizko erabilerak eta erabilera okerrak dakarren arazoari.

Sailak, halaber, sentsibilizazioa eta zabalkundea bultzatuko ditu, norberaren osasunarekiko sentikorrak diren herritarren inguruan, eta 650.000 euro bideratuko ditu gripearen aurkako txertaketa, sexu-transmisiozko infekzioen prebentzio, kanabisa, tabakoa eta bapeatzaileak kontsumitzearen arriskuak, kerik gabeko guneak, pantailen gehiegizko erabilera eta abarren inguruko kanpainetara.

Beste foku nagusietako bat Osasun Mentala da; eremu horretan, Osakidetzak 1.600 profesional baino gehiago ditu Osasun Mentaleko Sarean soilik —Lehen Mailako Arretari loturik lan egiten dute— eta 350 profesional baino gehiago Ospitaleko Osasun Mentaleko Unitatean. Esparru horretan, ongizate emozionala zaintzeaz gain, Osakidetzako profesionalekin (psikologo sanitarioak) eta FEDEAFESen eskutik, Sailak, talde profesionalen eskutik, osasun mentaleko sistemaren inguruko hausnarketa eta eguneratze prozesu bati ekiten dio. Ildo horretan, gazteen osasun mentaleko asistentzia-egiturak indartzeko eta lantalde horien lanaren ondorioen ondoren planteamendu orokor bat egiteko konpromisoa nabarmendu behar da, lurraldean banatutako kasu konplexuetarako eta eguneko ospitaleetarako TCA Ospitalizazio Espezializatuko Unitate bat ezartzea balioesteko.

«Bizi-kalitatea da gure obsesioa», esan du sailburuak. Ildo horretan, esan du Zainketa Aringarrien Kontseilua martxan jarri dela, eta lanean ari direla Patologia Kroniko Konplexuaren eta Zainketa Aringarri Pediatrikoen Euskadiko Sare Integrala (HaurSare) garatzeko, kolektibo horri 24/7 kalitatezko arreta bermatzeko sareak. Era berean, azaldu duenez, «ia milioi bat euro gehitu ditugu zainketa aringarri onkologikoei buruzko Europako proiektu baterako, pazienteekin parte hartzen dute bertan (Biosistemak Osasun Ikerketa Institutuaren bidez), bi alderditan: etxeko arretan aurrera egitea eta erabaki partekatuak hartzeko prozesuan laguntzea.

  • Osakidetzako Osasun Sistema Publikoa indartzera eta eraldatzera. 4.276 milioi euro

Osasun-sistema publikoa, Osakidetza, hazi egin da Sailarekin batera jardunez (% 4,06), eta 4.276 milioi euro kudeatuko ditu, hau da, Euskadin osasunera bideratutako aurrekontu osoaren % 80 baino gehiago. Osakidetzak ekintza-motor bat du, hain zuzen ere, bere profesionalak. Euskadin dagoen entitaterik handiena da, 47.000 profesionalekin; beraz, nabarmentzekoa da «Langileentzako» partida. Osakidetzaren aurrekontuaren % 65 (2.764 milioi euro), profesionalen plantilla osatzeko erabiltzen da.

«Gure sistema profesionalekin sendotzen dugu«. 2025ean plantilla finkatzeko egindako ahaleginak jarraipena izango du 2026an, eta 2023., 2024. eta 2025. urteei dagozkien EEPak deituko dira, 4.500 plaza baino gehiago eskainiz. Era berean, beste EEP bat deituko da betetzeak zailak diren plazak betetzeko. Hori guztia EEP eredu berri baten arabera, Legebiltzarrak berak eskatu zuen eta sindikatuekin adostu zen bezala, eta sistema eraldatzeko laguntza-profil berriak eta beharrezkoak txertatuz.

Plantilla indartzeaz gain, 2026an azpiegiturak eta ekipamenduak modernizatzera bideratutako ahalegina nabarmentzen da. Zehazki, Osakidetzak 202 milioi euroko inbertsioak egingo ditu, 2025ean baino % 23 gehiago. Igoera horrek argi erakusten du modernizazioaren aldeko apustu irmoa egin dela, bai azpiegituretan, bai ekipamendu teknologikoan, bai digitalizazioan, eragin zuzena izanik asistentziaren kalitatean, jasangarritasunean eta ekitatean, betiere Osasun Itunean ezarritako ildotik.

Esparru horretan, Osasuneko sailburu Alberto Martínezek iragarri du 2026 izango dela 2025-2032 Azpiegitura Sanitarioen Plan berri baten abiapuntua eta erreferentzia —1.500 milioi euro baino gehiago bideratuko dira—, eta plan horrek Euskadi osoko egungo eta etorkizuneko beharrei erantzuten diela, herritarrengan zuzeneko eragina izango duten jarduketekin, eta osasun-zentro eta ospitale berriak proiektatuz.

AZPIEGITURETARAKO PARTIDAK 2026AN

Lehen mailako arreta osasun-zentro berrituekin eta berriekin

Vitoria-Gasteiz alde zaharra, Guardia eta Laudio, Araban; Urduliz, Sondika, Bolueta, San Inazio eta Arrigorriaga, Bizkaian; eta Bergara, Alegia, Loiola-Donostia, Lehen Mailako Arretako lokal berriak Irun erdialdean eta Oinaurre anbulatorioa —hau ere Irunen—, Lazkao eta Elgoibar, eta solairu bat eraberritzea Eibarko zentroan, Gipuzkoan.

Durangoko BHZ berria

Durangon Bereizmen Handiko Zentro baten proiektuari 2026an emango zaio hasiera, 500.000 euroko partida batekin. Zentro horretan, gainera, laguntza azkarreko ibilgailu medikalizatu bat martxan jartzea aurreikusten da.

Ospitaleak

Araban, AUOren bigarren fasearen garapena.

Bizkaian, Gorlizko Ospitaleko solairuak berritzea; kanpo-kontsultak, Ampuero pabilioia eta beste erreforma batzuk Basurtun (larrialdiak eta ebakuntza-gelak); eraberritzeak Galdakaon (ospitalizazio-solairuak), aparkalekua handitzeaz gain; eta hainbat jarduketa Gurutzetan (bloke kirurgikoa, psikiatria-unitatea eta larrialdietako ebakuntza-gelak).

Gipuzkoan, Debagoieneko Ospitalea eraberritzea; Protonterapia eta obrak Donostiako ama-haurrentzako eraikinean, aparkalekua handitzea eta ikuztegia berritzea Donostian; ebakuntza-gelak eraikitzea Bidasoko ospitalean; kirurgia-bloke berria egitea Zumarragako Goierri-Urolan; eta Tolosako etorkizuneko ospitale publiko berria aztertzen hastea.

 

  • I+G+b + Teknologia: eraldaketarako palanka bat, pazienteak ardatz hartuta. 47,5 milioi euro. «Etorkizuna prestatzen dugu inbertsioekin, eraldaketa digitalarekin eta IArekin»

Osasun Itunaren 17. ildo estrategikoarekin bat etorriz, ikerketa, berrikuntza eta ebaluazioa eraldaketa-eragile gisa ulertzen dira. Besteak beste, jarduketa hauek nabarmentzen dira:

– Merkaturatu aurreko erosketa publikoko programa berritzaile bat.

– Plan onkologikoaren esparruan saiakuntza klinikoen plataforma bakarra abian jartzea.

– Biobanku digitala bultzatzea, medikuntza pertsonalizatuan aurrera egiteko eta terapia aurreratuak garatzeko.

– 20,25 milioi eurogatik goi- eta erdi-mailako teknologia berritzea, erresonantziak, OTAak, ekipamendu kirurgikoa eta diagnostikorako ekipamendua erosteko.

– Aplikazio informatikoez eta elkarreragingarritasunean, historia kliniko aurreratuan, irudi medikoan eta kudeaketa klinikoko sistemetan inbertsioak dituzten komunikazioez gain.

– Datuaren Bulegoa (DATUA): Euskadiko Osasun Datuen Gunea abian jartzea, informazio klinikoa, asistentziala eta populazioari buruzkoa modu seguru eta etikoan integratu, aztertu eta ustiatu ahal izateko.

  • Pazienteak zaintzera eta tratatzera. 1.000 milioi euro

Euskadin 1.000 milioi euro baino gehiago erabiltzea aurreikusten da pazienteak tratatzeko eta zaintzeko: 606 milioi euro Farmazia Komunitarioan (+% 3,4) eta 414,7 milioi euro ospitale-tratamenduan Osakidetzan (+% 8,2). Beraz, aurrekontu-partida horrek ahalegin publiko handia erakusten du, kontzeptu horretara bideratutako gastua % 5,3 handitu baita. Alde batetik, biztanleriaren zahartzearen eta pertsona pluripatologikoen gorakadaren testuinguruan beharrezkoa den apustua, baina, batez ere, sendagai berrien, tratamendu espezifikoen eta terapia berritzaileen ikerketan egindako aurrerapenei dagokienez, pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko zaintzan eta tratamenduan aurrerapen handiak egitea ahalbidetzen baitute.

«Konplexutasunaren kalitatezko asistentzia bermatzen dugu, baliabide teknologikoekin, abangoardiako baliabide farmakologikoekin eta erreferentziazko profesionalekin. Paziente bakoitzaren beharren araberako aukera terapeutikorik onena», azaldu du Martinezek.

  • Gaur atzo baino publikoagoa den osasun-sistema publikoa

2026an, Tolosako, Donostiako eta Elgoibarko anbulantziak publiko egingo dira, Osakidetzan HBEak egiteari ekingo zaio pixkanaka, eta Invizarekin azken kontratua sinatuko da Tolosako Asuncion klinikan asistentzia emateko. Osasun-sistema publikoa indartzearen aldeko apustua sinbolizatzen duten ekintzak.

Euskal osasun-sistema publikoa 2026an 2025ean baino oraindik publikoagoa izango da, itundutako jarduera % 1 murriztuko baita. Murrizketa hori lehen urratsa baino ez da Osasun Itunaren baitan Sailak hartutako konpromisoa betetzeko, hau da, laguntza-zerbitzuan lankidetza publiko-pribatura bideratutako aurrekontu-ehunekoa ez handitzeko konpromisoa betetzeko, lankidetza hori osasun-sistemaren kalitateari eta ekitateari eusteko beharrezkoa bada ere.