Imanol Pradales: “Linguae Vasconum Primitiae bere etxean dago”

0
  • 1545ean argitaratutako Bernat Etxepareren liburua ikusgai dago Baionako Euskal Museoan, eta Lehendakariak erakusketa bisitatu du
  • Pradalesek iragarri du azaroaren amaieran Parisera hurbilduko dela, Etxepare Euskal Institutuaren 15. urteurrena ospatzeko

Gaur goizean, Imanol Pradales Lehendakaria Baionako Euskal Museoan izan da, Bernat Etxepareren ‘Linguae Vasconum Primitiae’ liburuaren ale bakarraren erakusketa dela-eta. Euskaraz inprimatutako lehen liburua da, 1545ean argitaratu zen, Bordelen, eta, orain, 480 urte geroago, Baionako Euskal Museoan –Frantziako Liburutegi Nazionalarekin eta Etxepare Euskal Institutuarekin lankidetzan– euskal literaturaren mugarritzat jotzen den lan hau ikusgai izango da, 2026ko urtarrilera arte.

Lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxearekin eta Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larrazarekin batera, Lehendakariak Baionako Euskal Museoa bisitatu du. Aurten, museoak ehun urte bete ditu, eta, horretaz gain, Etxepare Euskal Institutuaren 15. urteurrena ere bada. Behin-behineko erakusketa hau testuinguru horretan kokatzen da.

Linguae Vasconum Primitiae bere etxean dago. Gure Herrian dago. Eta, albiste honek harrotasunez betetzen gaitu”, nabarmendu du Pradalesek, ildo beretik, euskararen erabilera biziberritzeko beste jauzi bat egin behar dela azpimarratu du.

Hari beretik tiraka, Lehendakariak Parisera egingo duen bidaia iragarri du. “Etorkizunera begiratu behar dugu. Euskarak, 480 urte geroago, jauzi berriak ematen jarraitu behar duelako. Horregatik, hilaren amaieran, ni neu Parisera joango naiz, Frantziako Liburutegi Nazionalaren egoitzara. Zertarako? Etxepare Institutuak 15. urteurren honetan duen helburuan pausu berri bat emateko: euskara eta euskal kultura frankofoniaren eremuan zabaltzen jarraitzeko. Aliatu berriak bilatzeko”, aurreratu du Pradalesek.

Lehendakariak liburuaren eta egilearen balioa azpimarratu du, eta gogora ekarri du Etxepareren ondarea bizi-bizirik dagoela oraindik. «Etxeparek Euskara, jalgi hadi mundura esaldia utzi zuen idatzita, eta bidea zehazterakoan bete betean asmatu zuen. Gaur, guri dagokigu, euskara biziberritzeko prozesuan, datozen hamarkadetako oinarri eta printzipioak definitzea. Gaur, guri dagokigu erronka berriei erantzun gaurkotuak eta egokiak ematea”, amaitu du.