- Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak gogorarazi du Sailak datorren urterako dituen aurrekontuetan 250.000 euroko partida dagoela jasota
- Atzo argitaratu zen “hurrengo hamarkadarako ibilbide-orria” dokumentuaren behin-behineko onarpena
Susana García Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak gaur goizean iragarri du 250.000 euroko partida esleituko dela 2026ko aurrekontuetan, Euskadiko udalerri txikienei laguntzeko Euskadiko Mugikortasun Jasangarriaren Planean jasotako trafikoa baretzeko jarduketak abiarazten.
Gaur goizean Irunen METREX Europako eskualdeen eta metropoli-eremuen sarearen Udazkeneko Konferentzian parte hartu du García Chuecak, eta Euskadiko Mugikortasun Jasangarriaren Planaren edukia azaldu du. Plan hori “hurrengo hamarkadarako ibilbide-orria” da, eta atzo argitaratu zen behin-behineko onarpena. Izapideak datozen hilabeteetan amaituko dira, herritarrentzako prozesu parte-hartzaile zabalaren ondoren 742 alegazio jaso ondoren, eta 2026 izango da, beraz, lehen urtea.
Euskadiko garraio-arduradunak azaldu duenez, planak 122 jarduketa zehatz jasotzen ditu epe labur, ertain eta luzera. Horien artean, Mugikortasun Jasangarriaren Legetik harago doazen batzuk daude, eta zenbait gomendio ematen ditu, hala nola trafikoa baretzeko neurriak tamaina ertaineko udalerrietara —25.000 eta 50.000 biztanle arteko udalerrietara— zabaltzea; 50.000 biztanletik gorako udalerriei gehituta, Euskadiko biztanleriaren % 73ri eragingo dio. “Hala, Euskadiko biztanleriaren % 73 bizi den hiriguneetan neurri espezifiko berriak egon litezke, ibilgailu pribatuaren ordez mugikortasun aktiboa eta garraio publikoa lehenesteko. Eta, horretarako, 2026an, Mugikortasun Jasangarriaren Planean jasotako neurriak abiarazten lagunduko diegu hori betetzeko betebeharra ez duten udalerriei”. Sailburuak atzo Eusko Legebiltzarrean aurkeztu zituen Sailaren datorren urterako aurrekontuetan 250.000 euroko partida jasotzen da jarduketa horiek aztertu eta diseinatzeko.
Mugikortasun Jasangarriaren Planak 10 urte iraungo ditu, eta Euskadin egunero egiten diren 6,5 milioi joan-etorrietan ibilgailu pribatuaren erabilera murriztea du helburu. Joan-etorrien % 30 modu horretan egiten dira. “Euskadin mugikortasunaren alorrean aldaketa handiak egiteko hamarkadan hedatzeko sortu zen plana. Eta datozen urteetan izango den eraldaketa sakona dela eta, gure asmoa da bermatzea pertsonek mugikortasuna beste elementu bat bezala erabil dezaketela igogailu soziala aktibatzeko, agian fisikoki urrun dauden aukerak eskura izateko”, adierazi du sailburuak, eta gaineratu du “zenbat eta garraio publiko jasangarri gehiago izan guztientzat, orduan eta kohesio sozial handiagoa”.






