Turismoaren sektoreak aparteko zuzkidura izango du, 1,5 milioikoa, lehiakortasuna eta jasangarritasuna bultzatzeko. Zuzkidura hori 2 milioikoa izango da hurrengo ekitaldietan, turismo-egonaldien gaineko zerga laster ezartzeko akordioa dela eta
Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak gaur aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean Sailaren 2026rako aurrekontua; 56,6 milioi euro izango dira, 2025ekoa baino % 4,7 gehiago, Europako Funtsak deskontatu ondoren.
Turismoaren alorra
Turismo arloak 23,1 milioi izango ditu (+% 9,6), eta horietatik 10,2 milioi Basquetour Turismoaren Euskal Agentziarentzat izango dira. Bi berrikuntza nagusi izango ditu aurten turismo arloak. Lehenengo berritasuna ikuskariei dagokie: 8 langile gehiago izango dira, erabilera turistikoko etxebizitzen eta online plataformen kontrola areagotzeko, orain tresna eta araudi berriak baititugu, hala nola iraupen laburreko alokairuen Europako Araudia eta Espainiako Gobernuaren leihatila digital bakarra.
Aurrekontuaren bigarren berritasun nagusia da “sektore turistikoaren lehiakortasuna eta jasangarritasuna bultzatzeko zuzkidura” izeneko partida da. Zuzkidura hori Euskadiko egonaldi turistikoen gaineko zerga laster martxan jartzeko akordioaren emaitza da. Hasierako asmoa zen zergaren bilketaren zatirik handiena udalentzat izatea, eta beste zati bat sektorearentzat banatzea. Azkenik, zerga ezartzeko aukeratu den bidea foru-arauaren bidezko udal-zerga izan da, eta, beraz, bilketa % 100 udal-zerga izango da. “Horregatik, sektoreak jaso behar duela uste dugun portzentajea lortzeko, Ogasun eta Finantza Sailarekin ezohiko zuzkidura eratzea adostu dugu, Turismo Sailaren aurrekontuaren bidez kudeatuko dena. Zuzkidura hori 1,5 milioikoa izango da lehen urtean, eta 2 milioikoa hurrengo ekitaldietan”.
Gainera, turismoko aurrekontua hiru eremu handitan definitzen da.
- Sektorea zuzenean babesteko laguntzak.
- Ekintzailetzarako eta turismo-enpresen lehiakortasunaren hobekuntzarako laguntzak – EMET; 1,3 milioi
- Lurralde-proiektu turistikoetarako laguntzak lankidetzako eta kudeaketako erakundeentzat; 1,8 milioi.
- Turismoa merkaturatzeko eta sustatzeko laguntzak; 934.000 €.
- Turismo arloko elkarteak indartzea; ia 700.000 euro.
- Euskadi helmuga sustatzeko ekintzak, desestazionalizazioa, fluxuen mugimendua eta egonaldiak luzatzea oinarri, 2,9 milioi euro helmugaren marketina egin eta merkaturatzeko, azoketara, bai eta prentsa espezializatuko ekintzak eta turoperadoreentzako ekintzak egiteko ere.
- Turismo jasangarriaren eredua bultzatzea eta indartzea. Basquetourrek 2,2 milioi euro izango ditu enpresen lehiakortasuna eta etika turistikoa sustatzeko. Turismoaren Kode Etikoari emandako bultzada da, eta dagoeneko 840 euskal enpresa baino gehiago atxiki dira. Horrez gain, Europako programak, lehiakortasun-sareak, helmuga turistiko adimenduneko eta enpresa turistiko adimenduneko programak, Adimen Turistikoaren Sistema (ATS) eta Basquetour Learning prestakuntza-plataforma biltzen ditu.
Merkataritza alorra
Merkataritzari bultzada sendoa emateko beharraz hausnartu du sailburuak: “Jauzi kualitatibo eta kuantitatiboa eman behar dugu, eta baliabide gehiago bideratu, ekonomikoak ez ezik, baita giza baliabideak ere, horiek kudeatzeko eta gure gihar teknikoa eta gaitasuna handitzeko, merkataritza-zuzendaritzaren baitan. Euskadin gure industrian sinesten dugu, eta SPRI bezalako sozietateen bidez babesten dugu. Gure elikadura-katean sinesten dugu, eta Haziren bidez babesten dugu. Gure turismo-sektorean sinesten dugu, eta Basquetourren bidez babesten dugu. Eta gure merkataritza-sektorean sinesten dugu, eta behar adinako indarra duen erakunde publiko berri baten bidez ere babestu behar dugu. Hori aldarrikatzen jarraituko dugu, eta horregatik ekingo dio horri Jaurlaritzak”.
Merkataritza arloak 22,1 milioi izango ditu, hau da, % 1,8 gehiago. Aurrekontu horren zati handi bat merkataritza-sektorearentzako zuzeneko laguntza-programak dira:
- Merkataritza dinamizatzeko Hirigune programak, merkatarien elkarteei zuzendutakoak, 2,2 milioiko partida du.
- MERKASARETZA Merkataritza Laguntzako Puntuen Euskal Sareak 2,2 milioi izango ditu.
- Merkataritzako ekintzailetzarako laguntzen programak 1,7 milioi euro izango ditu.
- Merkataritza-saltokiak modernizatzeko programak, berriz, 4,6 milioi izango ditu.
Era berean, enpresentzako prestakuntza- eta aholkularitza-proiektuak ere badaude, Eusko-Ganberakekin elkarlanean garatuak, hala nola eus-commerce, Berriz Enpresa, Escuela Vasca del Retail edo Enfokamer. Guztira, 2,5 milioi euro dira. Gainera, berrikuntza komertzialaren HUBak bikoiztu egingo du bere aurrekontua, milioi 1era arte, jarduera komertziala suspertzen lagunduko duten proiektuak bultzatzen jarraitzeko.
Kontsumobide
Kontsumobidek 8,6 milioiko aurrekontua izango du (+% 5,9). Helburuetako bat da prestakuntza-ekintzak optimizatzen jarraitzea. Iaz, 39.000 pertsonari eman zitzaien prestakuntza, eta aurrekontua 950.000 euroraino handituko da. Sentsibilizazio- eta informazio-kanpainak ere nabarmen hazi dira, 881.000 eurorekin.
Kontsumo-eskubideen defentsan, garrantzitsua da kontsumitzaileen elkarteei laguntzea ere, 505.000 euroko ekarpena jasoko baitute. Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoen deialdia 1,2 milioira handitu da.
Sailburuak nabarmendu duenez, “aurrekontu honekin jauzi kuantitatibo eta kualitatibo handia eman dugu turismoari dagokionez, eta espero dugu legealdi honetan apustu hori merkataritzara ere hedatu ahal izatea. Izan ere, 250.000 familia ari dira turismoaren eta merkataritzaren sektoreetan lanean, Euskadiko langileen ia % 25, eta gure konpromisoa irmoa da haiekin”.






