Osasun Sailak bultzatutako Euskadiko Farmazia Jagoleen Sareak, lehen urtean, sendagaien aurkako erreakzio posibleen 356 kasu detektatu ditu

0
  • Euskadi osoko 45 farmaziak osatzen dute ekimena eta sendagaien segurtasunaren zaintza indartzea du helburu nagusi
  • Identifikatutako 356 kasuek kontrako 610 erreakzio eragin zituzten, batez ere nahasmendu gastrointestinalak, orokorrak edo lokalak eta nerbio-sistemarekin lotuak
  • Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak osasun-sistemetan integratutako farmazia komunitarioaren euskal eredu bat sortzea bultzatzen du

Euskadiko Farmazia Jagoleen Sarearen funtzionamenduko lehen urtean, 356 kasu jakinarazi zitzaizkion Euskal Autonomia Erkidegoko Farmakozaintza Unitateari, sendagaien aurkako erreakzioen susmoei buruzkoak.

Hala jakinarazi du gaur Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, euskal farmazia komunitarioek parte hartzen duten ekimen honen sustatzaileak. Ekimena iaz jarri zen abian, sendagaien segurtasunaren zaintza indartzeko helburuarekin.      

Sendagaien zaintza-sistemen helburu nagusiak hauek dira: kontrako erreakzioak detektatzea, baita erreakzio ezezagunak eta jarraipen gehigarria behar duten sendagaiekin gertatzen direnak ere. Aztertutako aldian, euskal sareak 104 kasu larri jakinarazi ditu (% 29,2); 52 kasu (% 14,8), orain arte ezagutzen ez zirenak, eta 16 kasu, non jarraipen gehigarria behar duten sendagaiak zeuden tartean.

610 kontrako erreakzio izan zituzten 356 kasuetatik 233 (% 65,4) emakumeak ziren eta 187 (% 52,5) 65 urtetik gorakoak. Lurraldeka, 218 Gipuzkoakoak ziren, 90 Bizkaikoak eta 48 Arabakoak.

Erreakzioek ekarritako nahasmenduak gastrointestinalak, nerbio-sistemakoak eta orokorrak eta lokalak izan ziren, taula honetan ikus daitekeenez:

Guztira, 405 sendagai susmagarri egon ziren 610 RAMetan, gehienak nerbio-sistemaren, sistema kardiobaskularraren eta digestiboaren eta metabolismoaren tratamendurako.

45 FARMAZIA ESTALDURA ZABAL BATERAKO

Euskadiko Jagoletza Sareak estaldura zabala lortu du, 45 farmazia baitaude lurralde osoan banatuta: 22 Bizkaian, 15 Gipuzkoan eta 8 Araban. Urrian farmazia berriak sartuko dira Sarean hiru lurraldeetan, Farmakozaintza Unitateko langileek emandako prestakuntza egin ondoren, lortutako emaitza positiboek eta sarea sendotzeko eta indartzeko beharrak eragindako handitze baten esparruan.

Farmazia komunitarioa pazientearengandik hurbil dagoen arreta-zentro bat da, eta bertako langileak sendagaietan eta horien erabileran adituak dira. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak osasun-sistemetan integratutako farmazia komunitarioaren euskal eredu bat sortzea bultzatu du. Eredu horretan, farmaziako profesionalek zeregin garrantzitsua betetzen dute terapia farmakologikoaren kudeaketan, atxikimenduarekiko laguntzan eta prebentzioko interbentzio sanitarioetan.

Hain zuzen ere, euskal sare hori sortzeak lehendik dagoen RAMen jakinarazpen-sistema indartzeko beharrari erantzuten dio, eta azterlan farmakoepidemiologikoak sustatu edo haien egikaritzan laguntzeaz gain.