Jauregi Sailburuak adierazi duenez, «oso mugarri garrantzitsua da operazioa aurten arrakastaz itxi ahal izateko bidea argitzen duena».
Jose Antonio Jainaga Sidenorreko presidenteak, Eusko Jaurlaritzak (Finkatuz) eta BBK eta Vital banku-fundazioek osatutako euskal partzuergoak Talgoren akzioen % 29,7633 erosteko salerosketa-kontratua sinatu du gaur Pegaso sozietatearekin eta beste akziodun minoritario batzuekin.
Salerosketa akordioa irmoa da, eta, beraz, joan den otsaileko aurre-akordioa berretsi da.
Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregik oso positibotzat jo du hori, eta adierazi du «Talgoren salerosketa-akordioa oso mugarri garrantzitsua» dela, «aurten operazioa arrakastaz itxi ahal izateko bidea argitzen duena».
«Ezarritako egutegiarekin jarraitzen dugu – gaineratu du –, eta hurrengo urratsa Talgoko Akziodunen Ezohiko Batzar Orokorra deitzea izango da, laster deituko dena abenduaren erdialdean finantzaketa-egitura berria onar dadin. Une horretan itxiko da behin betiko operazioa, Gabonak baino lehen».






