Eusko Jaurlaritzak prestakuntza-ibilbide propioa partekatu du kontratazio-foro batean, Administrazioa eraginkorragoa izateko eredu gisa

0

Eusko Jaurlaritzak aurten abian jarri duen prestakuntza-ibilbide propioa partekatu du Sevillan egin den Kontratazio Publikoaren Topaketa Autonomikoaren laugarren edizioan. “Arau bat betetzeaz gain, administrazio gisa hazten eta profesionalagoak, etikoagoak eta eraginkorragoak izaten laguntzen digun eredu gisa” aurkeztu du Almudena Otaola Ondare eta Kontratazioko zuzendariak. Euskadiren Administrazio Orokorraren errealitatera egokitutako ibilbidea da, baina Europako ProcurCompEU estandarrekin bat datorrena.

Pertsona eta profil bakoitzak kontratazioan zeregin desberdina betetzen duela kontuan izanik, prestakuntza hori “askotarikoa eta pertsonalizatua da, erantzukizun bakoitzera egokitzen dena”, adierazi du Otaolak. Agiriak lantzen dituzten teknikarietatik hasi eta erabaki estrategikoak hartzen dituzten arduradun politikoetaraino, “denok prest egon behar dugu. Eta horrek ezagutza ez ezik, balioak ere eskatzen ditu”.

Kalitate-jauzi horrek prozesu honen osotasuna, gardentasuna eta kontu-ematea zaintzen jarraitzeko beharrari erantzuten dio. “Euskadin balio horiek gure kudeaketa publikoaren oinarri izaten jarrai dezaten nahi dugu. Izan daitezela gure bereizgarria”. Balio horiek, beraz, prestakuntzaren eskuragarritasunean aukera-berdintasunaren aldeko apustu garbiaren eskutik doaz —Administrazio modernoak inor atzean utzi ezin duela barneratzen duen heinean—.

Foro horretan, Ondare eta Kontratazioko zuzendariak nabarmendu du prestakuntza-ibilbide hori ez dela obligazioaren emaitzazkoa izan, “konbentzimenduaren emaitzazkoa baizik. Horretan sinesten dugulako egiten dugu. Badakigulako hobeto prestatuta dagoen administrazioa administrazio bidezkoagoa, gardenagoa eta erabilgarriagoa dela. Eta Euskadin argi dugulako ezagutza, berrikuntza eta etika direla gure gobernantza-ereduaren zutabeak, eta zutabe horiek finkatu dutela Euskadik Europan gaur egun duen posizioa”.

Topaketa autonomiko horretan, Begoña Ensunza Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordeko idazkari teknikoak ere parte hartu du, eta kontratazio publikoko prestakuntza-ibilbidearen edukia zehaztu du bertan. IVAPek, Euskadiko Kontratazio Aholku Batzordearekin eta KEOrekin elkarlanean, diseinatutako ibilbide horrek hiru zutabe ditu oinarri:

Lehen zutabea: antolaketa-arkitektura egokia. Kontratazio publikoa profesionalizatzea ez da prestakuntza eskaintzea soilik, arlo hori administrazioaren barruan estrategikotzat hartuko duen antolamendu-esparru sendoa ezartzea ere bada.

Bigarren zutabea: prestakuntza garapen profesionalaren ardatz gisa. Ez gara prestakuntza isolatuaz ari, baizik eta prestakuntza-prozesu jarraitu eta egituratu batez, profesionalei gaitasun teknikoak, etikoak eta antolaketakoak garatzeko aukera emango dien prestakuntza-prozesu batez.

Hirugarren zutabea: karrera profesionalaren kudeaketa eta horretarako laguntza-tresnak. Hirugarren zutabea karrera profesionalaren kudeaketa da. IVAPen ibilbideak, prestakuntza ez ezik, lortutako gaitasun-maila ere ziurtatzen du.

“Horrekin guztiarekin, kontratazio publikoa legezkoa eta efizientea izateaz gain, estrategikoa eta etikoa izatea eta balio publikora bideratzea da helburua”, eman du aditzera Begoña Ensunzak.