Memoria egunero lantzeko deia egin du Lehendakariak, gazteek Euskadik pairatutako “garai iluna” ezagutu dezaten

0

Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak antolatutako ekitaldian, Lehendakariak eta Justizia eta Giza Eskubideen sailburu María Jesús San Josék parte hartu dute

Imanol Pradales Lehendakariak gaur azpimarratu duenez, Euskadik pairatu duen indarkeriak “itxi gabeko zauriak utzi ditu gure Herrian”, eta aurrera egiteko “Memoria zintzo eta konstruktiboa” erabiltzearen alde egin du, “bide luzea baitago egiteko”. Ildo horretan, Memoria egunero lantzea defendatu du, euskal gazteek Euskadin bizi izan duten “garai iluna” ezagutu dezaten.

“Hori da gazteei helarazi behar diegun mezua, ez baitzituzten gure Herriko garai ilunak ezagutu. Indarkeriak ez duelako lekurik gure gizartean, eta sufrimendu amaigabea baino ez baitakar. Demokrazia eta giza eskubideak ez daude ziurtatuta eta iraganetik ikasi behar dugula akats berdinak ez errepikatzeko”, azpimarratu du.

Gasteizko Europa Jauregian egin da gaur goizean Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak antolatutako ekitaldia, azaroaren 10ean urtero ospatzen den Memoriaren Eguna dela eta.

Indarkeria ezberdinen biktima eta senideen aurrean, Imanol Pradalesek nabarmendu duenez, “kontrakoa pentsatu nahiko bagenu ere, bizirik diraute sufrimenduak, minak eta minak. Gerrak, Diktadurak, terrorismoak, jazarpenak edo torturak utzitako arrasto luzeak bizirik dirau”. Lehendakariaren hitzetan, “ez dago atzera bueltarik”, baina indarkeria jasan zutenen sufrimendua ez areagotzeko lan egin daiteke.

“Egunero jarraitu behar dugu Memoria elikatzen. Aurrera egiten lagunduko digun Memoria zintzo eta konstruktiboa. Indarkeria mota guztiek eragindako mina bidegabea dela aitortuko duen memoria kritikoa, epelkeriarik gabe. Eta biktima guztiekiko enpatia sortuko duen memoria terapeutikoa”, nabarmendu du Lehendakariak, eta adierazi du Euskadiren lehentasuna dela “bizikidetza plurala, integratzailea eta giza eskubideekin konprometitua ezartzea”.

María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak, bestalde, aldarrikatu du “biktimek funtsezko zeregina dutela elkarbizitzaren eraikuntzan. Haiek izan dira, beren testigantzen bidez, gizarte osoak egin behar zuen bidearen adierazlerik onena”. Ildo horretan, inoiz berriro gertatu behar ez duenaren abisua direla azpimarratu du, “gorrotoak sortzen duen minari eta sufrimenduari, desberdina etsaia balitz bezala seinalatzearen, sektarismoaren eta polarizazioaren abisua izan behar du haien testigantzak”. Amaitzeko, San Josék adierazi du biktimak oroimena direla, “gizarteak ez duela isilik egon behar, ezin duela giza eskubideen edozein urraketaren aurrean beste alde batera begiratu”.

Memoriaren Eguna, terrorismoaren eta legez kanpoko polizia-indarkeriaren biktimak oroitu eta omentzeko eguna, Euskadiko bizikidetza sendotzen lagunduko duen iraganari buruzko hausnarketa kritikoa egitera bideratuta dago. Aurtengoan, Gogora Institutuak azpimarratu nahi du biktimek bizikidetzarako aktibo gisa duten balioa eta hori posible egiten laguntzen duten prozesuak.

Erakundeen presentzia zabalaz gain, ekitaldian izan dira terrorismoaren – ETAren, GALen eta eskuin muturreko taldeen – eta legez kanpoko polizia-indarkeriaren 50 biktima baino gehiago, bai eta elkarte eta fundazioetako ordezkariak ere, hala nola: Terrorismoaren Biktimen Fundazioa, Fernando Buesa Blanco Fundazioa, Egiari Zor Fundazioa, Estatuko Segurtasun Indar eta Gorputzen Terrorismoaren Biktimen Elkartea, Marques de las Maravillas Biktimen Elkartea, Euskal Herriko Torturatuen Sarea eta Terrorismoaren Biktimen Errioxako Elkartea. Horiekin batera, memoriaren eta bizikidetzaren arloko erakundeetako ordezkariak ere izan dira, hala nola Baketik, Gogoan Memoria Digna eta Bakeola.

Biktimen parte-hartzea. Solasaldia

Gaur goizeko ekitaldia Xabier Madariaga kazetariak aurkeztu du, eta terrorismoaren eta legez kanpoko poliziaren indarkeriaren biktima batzuek zuzenean parte hartu dute.

Eszenatokian, Ainhoa Zugasti Giza Eskubideen eta Biktimen Arretarako zuzendariak lagunduta, solasaldi bat izan dute: Maixabel Lasa, ETAk hildako Juan Mari Jauregiren alarguna eta Eusko Jaurlaritzako Biktimen Arretarako Bulegoaren zuzendaria 2001-2012 aldian; Amelia Machimbarrena, ETAk hildako Diego Fernández Montes infanteriako koronelaren biloba, eta Ixone Fernández, torturaren biktima.

Maixabel Lasak, terrorismoaren biktimaren senide zuzena izateaz gain, ibilbide luzea du terrorismoaren eta indarkeriaren biktimei laguntzen, indarkeria handia eta gizartearen zatiketa, polarizazioa, sakona zen sasoi batean, eta arlo horretako politika publikoen irismenari buruzko ezagutza sakona du. Haren zuzendaritzatik indarkeria desberdinen biktimak hurbiltzeko programak bultzatu ziren, elkarri entzutea eta enpatia ahalbidetuz, bizikidetza baketsua sustatzeko helburuarekin.

Amelia eta Ixone, berriz, euskal gizarteak ikusezin bihurtutako biktimaren adibide, erakusle dira, edo euskal gizartearen sektore jakin batzuentzat soilik ikusgarri direnak. Eusko Jaurlaritzak sustatutako memoria-politika publikoek biktimak dituzte ardatz nagusi, eta, horrela, elkarrizketan zehar, biktimen topaketak, haien biktimizazio-prozesuak azalduz, entzuteko espazioak ahalbidetuz, biktimak aintzatesten laguntzen duela azaldu nahi izan da, eta hori gizarteratzerakoan pertsona horiek ‘bizikidetzaren aldeko aktibo’ gisa batzen direla.

Diego Fernández Montes ETAk 1978an Donostian hildako infanteriako koronel erretiratuaren biloba da Amelia Machimbarrena. Duela gutxi, Udalak plaka bat jarri du bere oroimenean, terrorismoaren eta indarkeria politikoaren biktimei espazio publikoan ikusgarritasuna emateko Udalak bultzatutako ekimenean.

Ixone Fernández 2005ean atxilotu zuen Polizia Nazionalak, ETAri laguntzea egotzita, eta tortura fisikoak eta psikologikoak jasan zituen. Auzitegi Nazionalak kargurik gabe absolbitu zuen 2009an, lau urte badaezpadako espetxealdian eman ondoren. Ixonek Kriminologiaren Euskal Institutuak Eusko Jaurlaritzarentzat egindako ikerketan parte hartu zuen, eta bere kasua Istanbulgo Protokoloaren jarraibideei jarraituz ebaluatu zen. Protokolo hori Nazio Batuen Erakundearen eskuliburua da tortura kasuak dokumentatzeko.

Maixabel Lasa, ETAk 2000. urtean hildako Juan Mari Jauregi Gipuzkoako gobernadore ohiaren alarguna. Urte eta erdi geroago, Juan José Ibarretxe lehendakariak Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Bulegoko zuzendari izendatu zuen, eta hiru legegintzalditan aritu zen karguan.

Bertaratutakoak

Ekitaldian Eusko Jaurlaritzako ia sailburu guztiak bildu dira. Justizia eta Giza Eskubideen Sailetik Arritxu Marañón eta Alfonso Gómez sailburuordeak, Alberto Alonso eta Ainhoa Zugasti zuzendariak eta erakundeetako agintari nagusiak izan dira: Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea; Maider Etxeberria Gasteizko alkatea; Ramiro González Arabako ahaldun nagusia eta Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundietako ordezkariak;

Honako hauek ere bertan izan dira: Inma Basterra Arabako Batzar Nagusietako presidentea; Iñaki Subijana Justizia Auzitegi Nagusiko presidentea; Marisol Garmendia Gobernuko ordezkaria eta María del Mar Dabán ordezkariordea; Inés Ibañez de Maeztu jarduneko Arartekoa; Zoraida Hijosa Biktimen Arretarako zuzendaria Memoria Demokratikoko Estatu Idazkaritzan; Florencio Domínguez, Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroko zuzendaria; Legebiltzarreko, Batzar Nagusietako eta Udaleko ordezkariak, EAJ-PNV, EHBildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemoseko ordezkariak eta alderdi politiko nagusietako exekutibetakoak.