Chivite Lehendakariak Nafarroak duen “egonkortasuna” goraipatu du, bizi-kalitatean lider izateko hazkunde ekonomikoa eta justizia soziala” batzen baititu

0

Maria Chivite Navascues Nafarroako Lehendakariak gaur goizean nabarmendu duenez, “Nafarroak duen egonkortasun politiko eta instituzionalak gauzak egiteko modu egokia egiaztatzen du, funtzionatzen duena”, eta , “demokrazia eta berdintasuna” aldarrikatu ditu, “populismoaren eta ultraeskuinaren gorakada” geldiarazteko.

Horrela adierazi du Foru Komunitatearen egoerari buruzko politika orokorreko eztabaidaren hasieran. Hain zuzen ere, ostegun honetan hasi dira, Nafarroako Parlamentuan, eta, bihar, ostirala, jarraituko dute. Hitzaldian, Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariak egungo egoera politikoa eta soziala eta ekonomikoa, arlo sozialeko politika publikoen garapena eta Foru Exekutiboaren gobernantza-eredua errepasatu ditu.

Chivite Lehendakariak “Nafarroako bizi-kalitatea eta egonkortasun instituzional eta politikoa” aldarrikatu ditu, “Nafarroan zer gertatzen ari den azaltzeko bi ardatz nagusi gisa. Izan ere, aurrerapenaren gotorlekua gara. Eta gehiengo sozial batek eredu hori defendatzen du”. Ildo horretan, Maria Chivite lasai agertu da “gurearen aurkakoa” den ereduaren aurrean gizarteak emandako erantzuna ikusita. “Egun hauetan, New Yorken eta AEBetako beste puntu batzuetan ikusi duguna hasiera besterik ez izatea espero dut”, adierazi du Lehendakariak, eta demokrazia eta berdintasuna aldarrikatu ditu, “berez lotuta doazen” elementu gisa, “populismoaren eta ultraeskuinaren” gorakada geldiarazteko.

Errealitate horren aurrean, Chivitek esan du Nafarroa eredu dela, “partekaturiko oparotasunaren gotorlekua izateagatik, hazkunde ekonomikoa eta zerbitzu publikoetako inbertsio handia konbinatuz. Nafarroako Markak ondo adierazten duen bezala, funtzionatzen duen komunitatea gara. Hazkunde ekonomikoa eta justizia soziala batzen dituen ekosistema bertutetsua osatzen dugu”.

Hori guztia dela-eta, Foru Exekutiboaren buruak honela azpimarratu du: “harro egoteko modukoa da autogobernuan aurrera egiten duen Nafarroa foral honen parte izatea, erakundeen errespetua eta gure esentzia, geure hizkuntza, euskara, eta gure aniztasun sozial eta politikoa kontuan hartuta. Gure identitatea inklusiboa da. Heterogeneotasunetik batera doan komunitate bat eraikitzea lortu dugu. Eta hori ez da batere erraza. Hau guztion arrakasta da”.