Herritarren 650 proposamen Playa de Víasen hirigintza-etorkizunerako

0
  • Urriaren 15ean inauguratu zenetik, 2.500 pertsona baino gehiagok bisitatu dute “Hurrengo geltokia: Amara-Easo” erakusketa; azaroaren 14ra arte egongo da irekita 17:00etatik 20:00etara, Easo kaleko 43. zenbakiko suhiltzaile-etxe zaharrean
  • Herritarren parte-hartze handiak adierazten du kezka handia sortzen dutela etxebizitza babestuak eraikitzeak, ingurumen-jasangarritasunak, berdeguneak babesteak eta bizi-kalitateak

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak, Donostiako Udalarekin eta Euskadiko Arkitektura Institutuarekin lankidetzan, sustatutako prozesu parte-hartzaileak herritarren 650 proposamen jaso ditu orain arte Playa de Vías – Amara-Easo eremuaren etorkizunari buruz; azken hamarkadetako Donostiako hiri-operaziorik garrantzitsuenetako bat dela uste da.

Ekimena, “Hurrengo geltokia: Amara-Easo” erakusketaren baitan, ostiral honetara arte, azaroak 14, egongo da irekita, 17:00etatik 20:00etara, Easoko suhiltzaileen parke zaharrean (Easo, 43). Erakusketa OFF Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren programaren baitakoa da, eta Zabalgune erromantikoa Amararekin lotuko duen auzo berria nolakoa izango den ezagutzeko topaketa, gogoeta eta elkarrizketarako gunea da. Bertan 500 etxebizitza eraikitzea aurreikusten da.

Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak oso positiboki baloratu ditu herritarren erantzuna eta zabaldutako lan-eredua. “Sailak bultzatutako ideien lehiaketa irekiaren ereduak —epaimahai independentearekin eta finalistak aukeratuta—, funtzionatu egin du, eta oraindik ere ibilbide luzea izango duen parte-hartze maila handia ahalbidetu du”, adierazi du.

Ildo horretan, Itxasok azpimarratu duenez, “erakusketak, hitzaldiak, eztabaidak eta herritarren arteko kontrasteak antolatzeak gardentasuna dakar, eta kolektiboak eta herritarrak inplikatzen laguntzen du, etxebizitza babestuak eta hiri-garapena bezalako hain gai garrantzitsuak direnean”. Gaineratu duenez, lankidetzako lan-eredu horrek proiektuak ikuspuntu teknikotik hobetzeaz gain, hiri-plangintzako prozesuekiko konfiantza publikoa indartzen du.

Orain arte herritarrek egindako ekarpenek adierazten dutenez, herritarren gehiengoa kezkatuta dago ingurumen-jasangarritasunarekin, berdeguneen zaintzarekin eta bizi-kalitatearekin. Gai horiek honako babes hau jaso dute:

  1. Natur eta berdeguneei lehentasuna ematea (% 34). Berdeguneak, parkeak eta zuhaiztiak mantendu eta hedatzeko beharra da gehien errepikatzen den gaia. Araba parkearen jarraipena babestea eskatu dute herritarrek, eta azpiegiturek edo eraikinek eragindako zatiketak saihestea.
  2. Etxebizitza eskuragarria eta soziala (% 19). Espazio naturalekiko errespetuaren ondoren, herritarren lehentasuna da antolamendu berriak etxebizitza babestuaren eskaintza handitzea, Donostian etxebizitzarako bidezko sarbidea bermatuta eta bazterketa prozesuak saihestuta.
  3. Mugikortasun jasangarria eta irisgarritasuna (% 13). Garraio publikoa, oinezkoen eta bizikleta-zaleen mugikortasuna lehenestea eta motordun trafikoa murriztea eskatu dute herritarrek. Auzo berria erdigunearekin eta inguruko auzoekin lotzeko bulebar berde bat egitearen ideiak indarra hartu du.
  4. Ekipamendu publikoak eta gertukoak (% 12). Ekipamenduei dagokienez, anbulatorio eta kiroldegi bana eskatzen dira, baita adin guztientzat zabalik dauden kultur, kirol eta aisialdi guneak ere.
  5. Ingurumenarekiko eta ongizatearekiko kezkak (% 8). Zarata eta kutsadura murrizteari buruzko aipamenak ageri dira, baita lasaitasuna mantentzearen eta gune horren bizitoki izaeraren garrantziari buruzkoak ere.
  6. Ehuneko txikiagoetan, haur-parkeak eta belaunaldien arteko aisialdia (% 5), auzoko merkataritza eta tokiko bizitza (% 3) eskatu dituzte herritarrek. Eraikuntzaren (% 2) eta beste gai batzuen aurka (% 4) ere egin dute.
  7. Prozesu parte-hartzailearen ikuspegi orokorra. Herritarren zati handi batek prozesua positiboki baloratzen badu ere, nolabaiteko kezka ere adierazi da, ea benetan eraginkorra izango ote den, behin eta berriz azpimarratu baitute ekarpenek isla zehatza izan behar dutela azken erabakietan.

Etorkizuneko auzo jasangarria, inklusiboa eta pertsonak erdigunean dituena

Erakusketa eta prozesu parte-hartzailea ekimen zabalago baten parte dira. Horri esker, Playa de Vías hiri-eremu jasangarri, inklusibo eta konektatu bihurtu ahal izango da, eta aurreikusitako eraikuntzak 400 eta 500 etxebizitza babestu artean izango ditu, ekipamendu eta berdegune berriez gain.

Sailburuak gogorarazi du Amara-Easo ingurune horretan erabilitako eredua adibide izango dela Donostiako beste garapen estrategiko batzuetarako, eta adierazi du “horregatik proposatu diogula Udalari Loiolako kuartelak eta, batez ere, Auditz Akularreko eremua eredu beraren arabera egitea, administrazioen arteko lehiaketa ireki eta adostuen bidez”.

Era berean, nabarmendu du helburuak izan behar duela izen handiko arkitektura-taldeen parte-hartzea konprometitzea, horiek gai izango baitira “hiri-kalitateko ideiak proposatzeko, etxebizitza babestuko programa garrantzitsuak proposatzeko eta hiria egiteko helburua beteko duten espazio publikoak eta gertuko ekipamenduak diseinatzeko”.

Herritarrek aktiboki erantzun diote Eusko Jaurlaritzak, Udalak eta Euskadiko Arkitektura Institutuak etorkizuneko Donostia elkarrekin irudikatzeko egindako gonbidapenari, hiri integratuago eta bizigarriagoa eraikitzen lagunduko duten ideiak emanda.

Herritarren ekarpenak Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) Aldaketa Puntualerako lehiaketa publikoan aukeratutako hiru proiektu finalista hauetan oinarritu dira:

  • “Habitar el bosque urbano”, JPAM City Makers (Amado Martín, Jorge Perea eta Samuel Llovet): modernitatea eta errespetu historikoa, parke handi bat eta askotariko etxebizitza-motak uztartzen dituen proposamen garaikidea.
  • “Kalerik kale plazarik plaza”, RAZ y Usandizaga (Gilen Txintxurreta, Jacek Markusiewicz, Ander Gortazar eta Ibai Usandizaga): parke nagusi bat, ibaiaren bidea lurperatzea eta hiri-dorre bat proposatzen ditu erreferentziazko mugarri gisa.
  • “Hari berdez hiria josi”, Estudio Beldarrain: parkean ekipamenduak dituen eraikin sigi-sagatsua bat proposatzen du, hirian lotutako bizitza-eredu jasangarria sustatuta.

Hemendik aurrera, Eusko Jaurlaritzak memorandum bat egingo du, parte hartzeko bide desberdinetatik jasotako proposamenak eta iradokizunak jasotzeko. Dokumentu hori baliagarria izango da hiru proiektu finalistak baloratzeko, kontuan hartuta zenbateko gaitasuna duten herritarren ekarpenak integratzeko, zenbat etxebizitza publiko proposatzen dituzten, proiektuaren garapenaren bideragarritasun ekonomikoa eta osotasunaren hiri-kalitatea.

Datorren udaberrian esleituko zaio hautatutako ekipoari. Ondoren, Donostiako HAPOren aldaketa puntualaren dokumentua idatzi beharko du, eta, hala, behin betiko urratsa emango du Playa de Vías eremua leheneratzeko.

Etorkizunari begirada europarra

Beste hiri batzuekin kontrastatzeko eta haiengandik ikasteko lanaren parte gisa, Itxasok iragarri duenez, “Eusko Jaurlaritza bidaia bat prestatzen ari da azaroaren amaieran Bordele hirira joateko, eta han aztertzeko kalitate arkitektoniko handiko etxebizitza publikoa garatzea ahalbidetu duten hiri-hedapeneko proiektuak”.

Helburua, gaineratu du, hiri-garapena, jasangarritasuna eta gizarte-kohesioa uztartzea lortu duten nazioarteko esperientzietatik ikastea da, Euskadiko etxebizitza-politika publikoak eta hiri-diseinua indartzeko.

Oro har, herritarren parte-hartzeak ikuspegi kritikoa baina konstruktiboa adierazten du, eta urbanizazioaren eta naturaren arteko garapen orekatuaren alde egiten du. Ingurune berdea zaintzeko, etxebizitza eskuragarria bermatzeko, ekipamendu publikoak bultzatzeko eta mugikortasun jasangarria sustatzeko nahia da nagusi.

Horrela, hiria eta komunitatea ehuntzeko eta Donostiak hiri-eredu jasangarriago, inklusiboago eta pertsonetan oinarrituago baterantz aurrera egiteko aukera paregabea izango da Playa de Vías operazioa.