- Imanol Pradales Lehendakaria buru, politika, erakundeak, kultura eta Parisko euskal diasporaren ordezkariak bilduko ditu Frantziako Liburutegi Nazionalean egingo den ekitaldi bereziak
- Ibone Bengoetxea lehendakariordeak emango dio hasiera hizkuntza gutxituek eremu frankofonoan dituzten erronkei buruz Sorbona eta Sorbonne Nouvelle unibertsitateetan egingo den nazioarteko kongresu akademikoari
Azaroaren 19an eta 20an, Etxepare Euskal Institutuak bere jardueraren 15. urteurrena ospatuko du Parisen, nazioartean euskara, euskal kultura eta euskal sorkuntza partekatzeari eta hauen bidez harremanak eraikitzeari emandako ibilbidea gogoratuz.
Programa kultural, akademiko eta instituzional baten inguruan egituratuko da urteurrena; tartean, espresuki sortutako ikuskizun artistikoa eta Sorbona zein Sorbonne Nouvelle unibertsitateetan egingo den nazioarteko kongresua.
Ekitaldi nagusia azaroaren 19an, 18:00etan, egingo da Frantziako Liburutegi Nazionaleko (BnF) auditorio nagusian, eta bertan hitz egingo dute Imanol Pradales Lehendakariak, Ibone Bengoetxea lehenengo lehendakariordeak, Gilles Pécout BnFko presidenteak eta Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendari eta ekitaldiaren anfitrioiak. Ordezkari politiko, instituzional eta kultural ugari izango da bertan, baita Parisko euskal diasporako kideak ere.
Bertaratzen direnek ospakizunerako espresuki sortutako proposamen artistiko eta literarioaz gozatzeko aukera izango dute, Olatz Beobidek zuzendutako Haatik konpainiaren eskutik. Jarraian koktel bat egongo da.
Ekitaldia egiteko BnF aukeratzeak balio sinboliko sakona du: erakunde honek gordetzen du ‘Linguae Vasconum Primitiae’ (1545) lanaren ale bakarra —gaur egun Baionako Euskal Museoan ikusgai dagoena—, euskaraz inprimatutako lehen liburua eta Bernat Etxeparek idatzia. Etxepare da, hain zuzen ere, Institutuari izena ematen dion egilea, eta haren lema ospetsua —«Euskara, jalgi hadi mundura»— erakundearen misioaren inspirazio-iturri izan da bere sorreratik.
Ekitaldia baino lehen, Lehendakariak BnFko artxiboa bisitatuko du. Etxepareren lanaz gain, bertan gordetzen dira balio handia duten euskarazko beste zenbait liburu ere.
Egun berean, 9:00etan, abiatuko da Sorbonne Nouvelle unibertsitatean ‘Langues minorisées en contexte francophone: traduire, transmettre, transformer’ (‘Hizkuntza gutxituak testuinguru frankofonoan: itzuli, transmititu, eraldatu’) nazioarteko kongresua, Etxepare Euskal Institutuak unibertsitate honekin eta Sorbonako unibertsitatearekin lankidetzan antolatuta. Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak emango dio hasiera biltzarrari.
Biltzarrean bederatzi unibertsitatetako 20 hizlarik hartuko dute parte, testuinguru frankofonoan hizkuntza gutxituek gaur egun dituzten erronken inguruan hausnartzeko. Hala, Parisko bihotz akademikoan egoera diglosikoan daude hizkuntzen funtzio soziala eta hizkuntza aniztasunaren garrantzia azpimarratuko dira. Besteak beste, hizkuntzalaritza, itzulpengintza, literatura konparatua, zientzia politikoa, soziologia, antropologia eta kultura-ikasketen esparruko nazioarteko irakasle eta espezialistek hartuko dute parte kongresuan.
Ekitaldiok Etxepare Euskal Institutuaren 15. urteurrenaren eta Ça colle au basque ekimenaren testuinguruan kokatzen dira, unibertso frankofonoan euskararen eta euskal sorkuntzaren proiekzioa indartzeko abiatutako egitasmoa.
OHARRA: Bi ekitaldiak komunikabideei irekita egongo dira. Bertaratu nahi duten komunikabideetako profesionalak Etxepare Euskal Institutuaren komunikazio sailarekin jar daitezke harremanetan.
Etxepare Euskal Institutua
Etxepare Euskal Institutua Eusko Jaurlaritzaren erakunde publikoa da. Euskara eta euskal kultura eta sorkuntza nazioartean proiektatzeko, eta horien bidez beste eskualde, herrialde eta kultura batzuekin harreman iraunkorrak eraikitzeko egiten du lan. Horretarako, kalitatezko jarduera artistikoak sustatzen ditu, eta kulturaren alorreko sortzaile, artista eta profesionalen mugikortasuna bultzatzen du. Euskal ikasketak ere bultzatzen ditu eremu akademikoan. Era berean, nazioarteko eragileekin lankidetza sustatzen du, bai kulturaren arloan, bai esparru akademikoan.






