Euskadi-Frantzia arteko harreman instituzionalak, europarrak eta kulturalak indartuko ditu Lehendakariak

0
  • Euskal diasporarekin Parisen bilduko da, eta Etxepare Institutuaren sorreraren 15. urteurreneko ekitaldian parte hartuko du
  • Frantziako Eskualdeen Elkartearekin Europako eskualdeek deszentralizazioaren, kohesioaren eta mugikortasunaren arloan dituzten erronka komunak landuko ditu, eta hitzaldi bat emango du Sciences Po Parisen

Imanol Pradales Lehendakariak azaroaren 18tik 19ra bidaia ofiziala egingo du Parisera, Euskadi-Frantzia arteko harreman instituzionalak, europarrak eta kulturalak indartzeko helburuarekin. Ander Caballero Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren idazkari nagusiak eta Arantza López de Munain Euskadiren Frantziako ordezkariak lagunduta, Lehendakaria punta-puntako arduradun politiko, akademiko eta kulturalekin batzartuko da, Europarekin konprometituta dagoen eta nazioarteko berezko proiekzioa duen eragile gisa Euskadik duen posizioa finkatzeko.

Lehendakariak asteartean (azaroaren 18an) abiaraziko du ekitaldien agenda, hain justu ere, Jacques Delors Institutuan.  Europar Batasunaren etorkizunari buruz hausnartzeko erreferentziazko gune horretan, Lehendakariak lan-bilera bat izango du, zehazki, Europaren erronka nagusiei buruz Euskadik duen ikuspegia partekatzeko, besteak beste, lehiakortasun industrialaz, lurralde kohesioaz eta trantsizio ekologikoaz. Ondoren, Imanol Pradalesek Sciences Po Parisen hitzaldia eskainiko du, Euskadi in the face of a changing world order izenburupean, moderatzaile-lanak Arancha González Laya  Espainiako Kanpo Harremanen ministro ohi eta gaur egungo Paris School of International Affairseko dekanoak egingo dituelarik. Sciences Po Frantziako eta Europako unibertsitate erakunderik ospetsuenetako bat da, honako arlo hauetan espezializatua: gizarte-zientziak, zientzia politikoak, harreman instituzionalak, zuzenbidea, ekonomia, historia eta soziologia.

Arratsaldean, Lehendakaria Carole Delga Frantziako Eskualdeen Elkarteko presidentearekin elkartuko da, deszentralizazioarekin, kohesioarekin eta mugikortasunarekin lotuta Europako eskualdeek dituzten erronka komunak aztertzeko. Batzar horren ondoren, euskal diasporarekin topaketa bat egingo da Parisen, Euskadiren Frantziako Ordezkaritzaren eta Pariseko Eskual Etxearen eskutik, batik bat, auzo herrian bizi den euskal komunitatearekin dauden harremanak estutzeko.

 

Etxepare Institutua

Asteazkenean (azaroaren 19an), berriz, Lehendakaria Catherine Chabaudekin bilduko da, Frantziako Errepublikako Gobernuaren Itsaso eta Arrantzarako ministro ordezkari izendatu berriarekin. Bilera horretan batez ere, Europari eta itsasoari lotutako gaietan lankidetza jorratuko da, betiere helburutzat hartuta etorkizunean Makroeskualde Atlantikoaren sorrera egia bihurtzea.

Era berean, Imanol Pradales Valérie Pécresse Île-de-Franceko Eskualde Kontseiluko presidentearekin ere elkartuko da, kasu honetan, berrikuntzan, garapen jasangarrian eta ezagutzaren ekonomian elkarlanean jarduteko dauden aukerak aztertzeko. Île-de-France eskualdeko hiriburua Paris da; eskualde ekonomikorik garrantzitsuena da Frantzian; eta garrantzitsuenetako bat, Europan.

Bidaia hau Etxepare Euskal Institutuak Frantziako Liburutegi Nazionalean (BnF), ospatuko duen 15. urtemugarekin borobilduko da, ekitaldi horrek ondo baino hobeto irudikatzen du euskal hizkuntzak eta kulturak duten nazioarteko proiekzioa. Lehendakaria urteurren horretara ere hurbilduko da, Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak lagunduta, eta ekitaldian Gilles Pécout BnF liburutegiko presidenteak ere parte hartuko du. Bisita honekin, Euskadik Europarekin, bere diasporarekin eta bere kultura-nortasunaren nazioarteko sustapenarekin duen konpromisoa berresten du Lehendakariak.