Euskal erakundeek aukera emango dute kasu jakin batzuetan hegaztien konfinamenduei salbuespenezko neurriak aplikatzeko

0
  • Hegaztien sektore profesionala araututako neurriak aplikatzen ari da bere ustiategi guztietan

Gaur lan-topaketa bat egin dute Euskadiko nekazaritza-administrazioek eta EAEko hegazti-sektoreak. Bertan izan dira hegaztien, errunaldien eta haragien sektoreko arduradunak, sektore ekologikoko eta arraza autoktonoetako kideak, elikagaien segurtasunerako Elika fundazioa, foru aldundiak eta Eusko Jaurlaritza.

Bilera horretan, hegaztien derrigorrezko konfinamendua ezartzen duen Espainiako Gobernuaren ministro-aginduak sortutako egoera aztertu da, besteak beste. Bileran parte hartu dutenek erakunde arteko jarraipen-mahai bat eratzea erabaki dute, gaixotasunaren bilakaerari eta aplikatu beharreko neurriei modu koordinatuan ekiteko.

Sektorea kezkatuta agertu da; izan ere, Ministerioaren agindu berrian jasotako neurriek eragin negatiboa izan dezakete ustiategietan: bai animalien osasunean eta ongizatean, bai ekoizpenean, eta galerak ere eragin ditzakete.

Sektoreak adierazi duenez, konfinamendu-neurriak zorrotz aplikatzen ari dira, eta zenbait zailtasun ikusten dira ekoizpen-zikloaren amaieran dauden eta kanpoko bizitzara ohitu diren ekoizpen-sailetan. Kasu horietan, ezohiko neurriak aktibatuko dira, sistema edo gailu gehigarriren baten bidez, hegazti ekoizleak denbora-tarte labur batean irten daitezen, hegazti basatiekin kontaktua saihestuz.

Jarraipen-mahai horri esker, indarrean dagoen lege-esparruaren barruan aplikatu beharreko neurriak ebaluatu ahal izango dira, eta jarduketen proportzionaltasuna bermatuko da, animalien ongizatearekin orekan.

Bestalde, biosegurtasun-neurriak eta sektorea prestatzeko ekintzak indartzea erabaki da, bai eta indarrean dagoen kontingentzia-planean aintzat hartzen diren manuak berrikustea eta eguneratzea ere. Alde guztiek nabarmendu dute garrantzitsua dela lan-esparru adostu bat izatea, erabakiak teknikoki eta garaiz hartu ahal izateko.

Testuinguru horretan, lasaitasun-mezua helarazi behar zaie herritarrei eta kontsumitzaileei. Gaur egun, arrautzak edo hegazti-produktuak kontsumitzeagatik ez dago osasunerako inolako arriskurik. Elikagaien segurtasuna erabat bermatuta dago, eta etengabeko koordinazio teknikoa mantentzen da animalien osasunean eta osasun publikoan eskumena duten sailen artean.

Euskal administrazioek euskal hegazti-sektorea erakusten ari den profesionaltasuna azpimarratu nahi dute, jarrera eredugarria egoera horren aurrean, prebentzio- eta euste-neurriak profesionaltasunez aplikatuz. Erakundeek beren konpromisoa eta lan ona aitortzen dute.

Azkenik, gogorarazi behar da Euskadin gaur egun ez dela fokurik egon hegazti-ustiategietan.