Hego Koreako ‘Music for a Better World’ jaialdiaren lehen edizioa ospatu du Euskadik Guggenheim Bilbaon

0

Azaroaren 14tik 17ra ‘Music for a Better World’ nazioarteko jaialdia Euskadin izan da. Topaketa kultural hau Hego Korean sortu da, eta Nanse Gum maisu ezagunak, Garikoitz Mendizabal euskal musikariak eta Unai Urrecho zuzendariak sustatu dute. Euskadin lehenengo aldiz izan da jaialdi hau, eta gaur arratsaldean amaitu da Guggenheim Bilbao Museoan kontzertu berezi bat eskainita.

Music for a Better World’ izenburupean, jaialdiak zubiak eraiki nahi ditu, Ekialdearen eta Mendebaldearen artean, tradizioaren eta modernitatearen artean, memoriaren eta etorkizunaren artean. Musikaren eta dantzaren bidez, bakea, identitatea eta gizatasuna bultzatzeko arteak duen gaitasuna aldarrikatu da, eta, gainera, jaialdiari esker, Euskadiren eta Hego Korearen arteko lankidetza kulturala indartu da.

Gaur 19:30ean egin den kontzertu nagusian bi lurraldeetako interprete ugari bildu dira, zehazki, honakoak: Yubin Ahn (klarinetea), Gorka Hermosa (akordeoia), Ikwhan Ji (gitarra), Hae Ji Kim (biolina), Garikoitz Mendizabal (txistua) eta Josu Okiñena (pianoa). Dantza tradizionalaz Oinkari Dantza Taldea arduratu da, eta jardunaldiari ukitu koreografikoa ipini dio. Horretaz gain, Nanse Gum, Garikoitz Mendizabal eta Unai Urrecho musikari buruz solasean aritu dira, zutabetzat hartuta musika hizkuntza unibertsala dela eta kulturen arteko elkar ulertzeko bidea dela.

Egitarauaren barruan honakoen lanak eskaini dira: Aita Donostia, Marin Marais, Pablo Sarasate, Astor Piazzolla eta George Gershwin. Horiekin batera, euskal konpositore garaikideen hainbat obra eskaini dira, eta «Arirang» abesti herrikoi korearra ere bai, bi tradizioetako melodien eta sentsibilitateen arteko sare artistikoa jostea helburu.

World Peace Music Festival musikaren eta artearen bidez kulturen arteko bakea eta lankidetza sustatzen dituen nazioarteko topaketa da. Edizio honetako ibilbidea –erresilientziaren sinbolo unibertsala den Gernikatik hasi eta sormen garaikidearen ikurra den Guggenheim Bilbaoraino–  erabat sinbolikoa da, eta erdigunean jartzen ditu oroimena, elkarrizketa eta geroa partekatzea. Amaitzeko, jaialdiak bakea «notaz nota» eraikitzen dela gogorarazten digu, eta hausnartzera eta herrien artean elkar ulertzera gonbidatzen gaitu.