Arkautek adimen artifizialaren eragina eta genero-indarkeria mota berriak jorratuko ditu hurrengo Parez Pare jardunaldietan

0

Hezkuntzaren, poliziaren eta kriminologiaren esparruko espezialistek polizia-kidegoek dituzten erronka berri batzuei buruz hausnartuko dute azaroaren 19an eta 26an.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak beste bi Parez Pare jardunaldi egingo ditu azaroaren 19an eta 26an, Eusko Jaurlaritzak eta Kriminologiaren Euskal Institutuak antolatuta. Jardunaldi horietan, poliziaren eta kriminologiaren arloko hainbat erakunde eta unibertsitatetako espezialistek polizia-kidegoek azkenaldian dituzten erronketako batzuk aztertuko dituzte: Adimen Artifiziala segurtasun publikoan erabiltzea eta biktimizazio-moduen bilakaera genero-indarkeriaren testuinguruan.

ADIMEN ARTIFIZIALA

Lehenengo jardunaldiaren izenburua da “Parez Pare: Adimen Artifiziala eta poliziaren eremuan duen aplikazioa”, eta asteazkenean, azaroaren 19an, egingo da. Jardunaldiak hainbat unibertsitate-zentrotako adituak elkartuko ditu teknologia berri hori prebentzioa, ikerketa eta delitu-arriskuaren kudeaketa nola aldatzen ari den aztertzeko.

Jorratuko diren gaien artean nabarmentzekoak dira seme-alaben eta gurasoen arteko indarkeriaren arriskua baloratzean adimen artifiziala aplikatzea (Ismael Loinaz – Nafarroako Unibertsitate Publikoa); sistema adimendunak terrorismoaren finantzaketaren aurkako borrokan aplikatzea (Javier Valls Prieto – Granadako Unibertsitatea) eta Adimen Artifizial prediktiboa erabiltzea ikerketa polizialaren eta prozesu penalaren zerbitzura (María Luisa García Torres – Alfonso X.a Jakituna Unibertsitatea).

BIKTIMIZAZIO-MODU BERRIAK

Bestalde, azaroaren 26an, asteazkenean, “Parez Pare: Biktimizazio-modu berriak genero-indarkeriaren testuinguruan: prebentzioa, kontrola eta biktimentzako arreta” jardunaldia egingo da, eta begirada, lege-esparru eta polizia-erantzun berriak eskatzen dituzten indarkeria matxistako fenomeno emergenteetan jarriko da arreta.

Kasu honetan, César San Juan Guillén kriminologoak (EHU) indarkeria bikarioa eta senar-emazteen mendekuagatiko filizidioa aztertuko ditu; Ivana Larrosa Ibañezek (San Jorge Unibertsitatea) indarkeria bikarioaren arloko neurriei buruzko Lege Organikoaren aurreproiektua azalduko du; María Ángeles Fuentes Loureirok (Universidade da Coruña) animalien aurkako tratu txarrak genero-indarkeriaren eta etxeko indarkeriaren adierazpen eta luzapen gisa aztertuko ditu; eta Óscar Fernández Cucók (Ertzaintza) poliziak genero-indarkeriaren biktimei ematen dien arreta sakonduko du.

LANKIDETZA

Jardunaldi hauek Eusko Jaurlaritzak eta EHUk izenpetutako hitzarmenaren esparruan egiten dira. Hitzarmen horren helburua da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak eta Kriminologiako Euskal Institutuak (IVAC-KREI) elkarlanean jardutea kriminologiaren eta biktimologiaren arloan formakuntza emateko eta ezagutza aztertu eta hedatzeko, bai eta segurtasun publikoarekin erlazionatutako jarduera akademikoak egiteko ere.