Esku-hartze sozialeko erakundearekiko hitzarmen berriari esker komunitatearen aldeko prestazioen eta zeharkako erreparazioaren programak garatu ahal izango dira Justizia eta Giza Eskubideen Sailarekin lankidetzan
Gobernu Kontseiluak, Justizia eta Giza Eskubideen sailburu María Jesús San Josék proposatuta, sail horren eta esku-hartze sozialeko Gaztedi elkartearen arteko lankidetza-hitzarmen berri bat sinatzea onartu du gaur, Euskal Autonomia Erkidegoko Adingabeen Epaitegiek ezarritako neurriak betearazteko, adingabeei eta gazteei zuzendutakoak komunitatearen aldeko prestazioen eta zeharkako erreparazioaren programak garatu ahal izateko. Aurreikusitako zuzkidura ekonomikoa 60.000 eurokoa da 2029ra arte, eta urtean 15.000 euroko esleipena izango du lau ekitaldietako bakoitzean.
Justizia eta Giza Eskubideen Sailak, Gazte Justiziako Zerbitzuaren bidez, Euskadiko Adingabeen Epaitegiek emandako neurriak betearazten ditu, Gaztedi bezalako erakundeen laguntzarekin. Gaztedik komunitatearen aldeko prestazio-programak eta zeharkako erreparazio-ekintzak garatzen ditu, hau da, ordaindu gabeko jarduerak gizartearentzat edo pertsona kalteberentzat. Helburua da adingabeek eragindako kaltea ulertzea eta haien heziketa eta gizarteratzea bultzatzea. 2020 eta 2025 artean, neurri horiek bete behar izan dituzten adingabeen kopurua honako hau izan da: 111 (2020), 161 (2021), 113 (2022), 79 (2023), 78 (2024) eta, 2025ean, orain arte, 51. Pandemian igoera esanguratsua izan zen.
Komunitatearen aldeko prestazioak esleitutako zentroan bertan egin daitezke, besteak beste, garbiketa-, konponketa- edo margoketa-lanak, edo kanpoan, EMAUSekin (altzariak jasotzea, zamalanak) edo Koopera Fundazioaren Deustuko dendarekin (arropa jasotzea, sailkatzea eta banatzea) lankidetzan. Era berean, zeharkako erreparazioak biktima zuzenean erreparatzeko aukerarik ez dagoenean aplikatzen dira. Kasu horietan, adingabeak erreparazioaren balio orokorra duten jardueretan parte hartzen du, besteak bete, hiri-ingurunea zaintzeari buruzko sentsibilizazio-kanpainetan, bizikidetzako hezkuntza-tailerretan, gatazken ebazpen baketsuan edo enpatiaren garapenean.
Neurrien iraupenari dagokionez, lau kategoria aurreikusten dira: zeharkako erreparazioak, 30 ordu baino gutxiago irauten dutenak; zeharkako erreparazioak, 30 ordu edo gehiago irauten dutenak; komunitatearen aldeko prestazioak, 30 ordu baino gutxiago irauten dutenak; eta komunitatearen aldeko prestazioak, 30 ordu edo gehiago irauten dutenak.
2015etik indarrean dagoen hitzarmenaren helburua da beharrezko baldintzak ezartzea komunitatearen aldeko prestazioen programa garatzeko, neurri judizial hori bete behar duten adingabeei eta gazteei zuzenduta, bai eta bitartekaritza-prozeduren esparruan adostutako zeharkako erreparazio-prozesuak garatzeko ere. Bi baliabide horiek, betiere sailaren zuzendaritzapean eta ikuskaritzapean, Adingabeen Epaitegiek ezarritako neurriak benetan betetzen direla bermatzea dute helburu, betiere nerabearen interes gorena zainduta, haren eskubideekiko errespetutik eta haren heziketaren eta gizarteratzearen ikuspegitik.
Justizia eta Giza Eskubideen Sailak eskumen esklusiboa du Adingabeen Epaitegiek Justizia Zuzendaritzaren mendeko Gazte Justiziaren Zerbitzuaren bidez emandako neurriak Euskal Autonomia Erkidegoan betearazteko. Helburu horiek betetzeko, ezinbestekoa da irabazi-asmorik gabeko hezkuntza-erakundeekin lankidetzan aritzea, sailaren zuzendaritzapean eta ikuskaritzapean gauzatu ahal izan ditzaten komunitatearen aldeko prestazio-programa horiek edo zeharkako erreparazio-programa horiek, organo judizialek edo adingabeen fiskaltzek bultzatuak.






