Eusko Jaurlaritzak Barakaldoko eta Portugaleteko Familia Elkarguneak kudeatzeko hitzarmenak berritu ditu

0
  • Deribazio judizialaren bidezko Familia Elkarguneak, Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren eskumenekoak, udalekin lankidetzan kudeatzen dira ingurune neutrala, segurua eta profesionala eskainita krisi-egoeran dauden familiei edo gizarte- eta hezkuntza-arloko jarraipena behar duten familiei laguntzeko
  • Euskadik hamar elkargune ditu, eta 2025ean 2,7 milioi bideratuko dira haien funtzionamendurako, eta 2026an 3,1 milioi baino gehiago

Gobernu Kontseiluak, Justizia eta Giza Eskubideen sailburu María Jesús San Josék proposatuta, sail horren eta Barakaldo eta Portugaleteko udalen arteko lankidetza-hitzarmen berri bat onartu du gaur, bi udalerrietan deribazio judizialaren bidezko Familia Elkargunearen zerbitzua kudeatzeko.

Akordio horiek aurrekoak ordezten dituzte, haien luzapenak agortzeko zorian zeudenez gero, eta funtsezko zerbitzu baten jarraipena bermatzen dute bisita-eskubidea egikaritzeko, krisi-egoeran dauden familientzat edo, egoera horretan egon gabe ere, gizarte- eta hezkuntza-arloko laguntza eta jarraipena behar duten familientzat. Zerbitzu horren erabilera ebazpen judizial bidez zehazten da beti.

Deribazio judizialaren bidezko Familia Elkarguneak kudeatzea Justizia eta Giza Eskubideen Sailari dagokio, eta ezarrita dauden udalekin lankidetzan egiten da. Sinatutako hitzarmenek aukera ematen dute bien artean ahaleginak koordinatzeko, familia-arretarako gune horien funtzionamendua bermatzea helburu.

Barakaldoko Udalarekin sinatutako hitzarmen berriak 185.000 euroko ekarpena finkatzen du 2026rako, eta 192.000 eurokoa 2027rako, bi ekitaldi horietan egindako jarduerak estaltzeko. Portugaleteren kasuan, familiei arreta emateko eremua zabaltzen jarraituko da Enkarterriko, Ezkerraldeko eta Meatzaldeko Udalerrien Mankomunitatean (Santurtzi, Sestao, Trapagaran, Abanto, Zierbena, Muskiz, Artzentales, Balmaseda, Galdames, Gordexola, Gueñes, Karrantza, Lanestosa, Sopuerta, Turtzioz eta Zalla) herri horretako Familia Elkargunean. Gainera, beste urtebetez luzatuko da, 2026ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arte, eta 2026an 282.000 eurora arte handituko da ekarpen ekonomikoa; aurten 200.000 eurokoa izan da.

2024an, Barakaldoko Familia Elkarguneak 255 pertsona artatu zituen (157 heldu eta 98 adingabe), eta 2.782 jarduera egin zituen guztira. Horietatik 1.902 programatu eta amaitu ziren (1.021 trukaketa eta 881 tutoretzapeko bisita), eta gainerako 880ak programatuta baina amaitu gabe zeuden (469 trukaketa eta 411 tutoretzapeko bisita). Barakaldoko Familia Elkargunea etenik gabe ari da lanean 2010etik, Udalak lagatako lokal batean, herriaren erdigunean. Zerbitzu hori adingabea eta familia babesteko eta elkarguneak eta bitartekotza sustatzeko ‘Egintza’ elkarteak kudeatzen du.

 

Portugaleteko Familia Elkarguneak, berriz, 282 pertsonari eman zien zerbitzua (175 helduri eta 107 adingaberi) eta 2.209 jarduera programatu zituen. Horietatik 1.617 urtean zehar amaitu ziren (777 trukaketa, 802 bisita tutoretzapean eta 38 ikuskapenik gabe) eta 592 amaitu gabe geratu ziren (313 trukaketa, 270 bisita tutoretzapean eta 9 ikuskapenik gabe). Baliabide horrek bi hamarkada baino gehiago daramatza martxan, eta Bizkaian ezarri zen lehena izan zen. Hau ere ‘Egintza’ elkarteak kudeatzen du, eta Gure Bakea gizarte-zentroan dago, udalak utzitako espazio batean.

Gaur egun, Euskadin hamar familia-elkargune daude guztira, honela banatuta: sei Bizkaian (Barakaldo, Portugalete, Zalla, Bilbo, Gernika eta Durango), hiru Gipuzkoan (Donostia, Tolosa eta Irun) eta bat Gasteizen. Zerbitzu horien funtzionamendua bermatzeko, Justizia eta Giza Eskubideen Sailak 2,7 milioi euro bideratu ditu aurten, eta kopuru hori 3,18ra igoko da 2026ko ekitaldian, sailaren beraren aurrekontu-proiektuan aurreikusitakoaren arabera.

Deribazio judizialaren bidezko familia-elkarguneak gune neutrala dira. Bertan, diziplina anitzeko talde tekniko baten laguntzarekin eta segurtasun eta ongizate berme guztiekin, krisi-egoeran dauden edo, egoera horretan egon gabe, gizarte- eta hezkuntza-arloko jarraipena eta laguntza behar duten familietako kideak elkartzen dira. Honako helburu hauek ditu: adingabeek aitarekin, amarekin edo senideekin harremanetan egoteko duten eskubidea bermatzea; bisita-erregimenean segurtasuna eta ongizatea bermatzea; haurrei beren sentimenduak eta beharrak askatasunez adierazteko aukera ematea; gurasoei gizarte- eta hezkuntza-arloko orientazioa eta laguntza eskaintzea, familia-harremanak eta haurrak hazteko trebetasunak hobetzeko; eta organo eskudunei familia-harremanen bilakaerari buruzko informazio objektiboa ematea.