Gobernu Kontseiluak gaur onartu du 140 milioi euro bideratzea 2026-2029 aldirako Ikerketa Kooperatiboko Zentroen (IKZ) eta Oinarrizko Ikerketako eta Bikaintasuneko Zentroen (BERC) programetara, aurreko laurtekoan baino 20 milioi euro gehiago. Era berean, 4 milioi euroko partida bat onartu du 2026ko ekitaldian ekipamendu zientifikoa erosteko.
Juan Ignacio Pérez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak azaldu duenez, «programa horien helburua da bikaintasunean eta pertsonen ongizatean oinarritutako sistema zientifiko sendoa, iraunkorra eta nazioartean lehiakorra sendotzea».
IKZei zuzendutako programak 80 milioi euroko finantzaketa du 2026-2029 aldirako, eta zentro horien egonkortasuna eta lidergoa sendotzera bideratuta dago abangoardiako ikerketan, nazioarteko proiekzioa indartzera eta EAEko zientzia- eta teknologia-sarean duen inpaktua handitzera. Bestalde, BERC programak 60 milioi euroko zuzkidura du laurteko bererako. Helburua zentro horien jarduera ez-ekonomikoa finantzatzea da, jasangarritasuna bermatzeko, jarduera zientifikoaren hazkunde iraunkorra ziurtatzeko eta nazioartekotzea sustatzeko. Gainera, ekipamendu zientifikoa eskuratzeko programa (INKER) ere onartu da, eta 4 milioi euroko zuzkidura izango du 2026ko ekitaldian.
Euskarak komunikabideetan duen presentzia sustatzea
Gobernu Kontseiluak onartu du «Euskal Editorea SL» entitatearekin sinatutako lankidetza-hitzarmenari jarraipena ematea, BERRIA komunikazio-proiektua argitaratzeko, bai paperean, bai bertsio digitalean. Horretarako 13,8 milioi euro bideratuko dira lau urteko indarraldia izango duen hitzarmenera.
Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Maria Ubarretxenak azpimarratu duenez, “Euskararen normalizazio-prozesurako estrategikoa den proiektu honek ekimenak bultzatzen ditu euskarak hedabideetan duen presentzia sustatzeko eta euskarazko hedabideak indartzeko eta sustatzeko, bai eta interes orokorreko euskarazko ekimenak garatzeko ere; besteak beste, euskal kulturaren eremuan jarduten duten erakunde eta elkarteekin batera”.
17,6 milioi abokatutza-elkargoetarako eta milioi bat prokuradoretza-elkargoetarako
2026an, Doako Laguntza Juridikoak 17,6 milioiko partida izango du EAEn abokatutza-elkargoentzat, eta milioi bat gehiago prokuradoretza-elkargoentzat. Hori izan da Gobernu Kontseiluak onartutako beste puntuetako bat, eta, beraz, % 5,4 handitu dira doako laguntza juridikoa ematen duten abokatu eta prokuradoreek jasotzen dituzten konpentsazioak. Horrela, ofiziozko txandako eta guardiako txandako abokatu eta prokuradoreek jasotzen dituzten konpentsazio ekonomikoak eguneratu dira.
Doako laguntza juridikoa zerbitzu publiko estrategikoa da, eta haren helburua da pertsona ahulenei justiziarako sarbidea bermatzea eta norbait babesik gabe gera ez dadin lortzea, justizia hurbila eta irisgarria sustatuz zentzu guztietan.
60.000 euro Gaztedi elkarteari eta Barakaldoko eta Portugaleteko familia-elkarguneen hitzarmenak berritzea
Justizia eta Giza Eskubideen Sailak proposatutako beste gai bat izan da Gaztedi elkarteari 60.000 euro ematea, 2029ra arte adingabeekin eta gazteekin neurri judizialak betearazteko helburuz.
Esku-hartze sozialeko entitate honekin egindako hitzarmen berriari esker, komunitatearen aldeko prestazioen eta zeharkako erreparazioaren programak garatu ahal izango dira, Justizia eta Giza Eskubideen Sailarekin lankidetzan.
Justiziako gaiekin amaituta, Eusko Jaurlaritzak erabaki du Barakaldoko eta Portugaleteko familia-elkarguneak kudeatzeko hitzarmenak berritzea. Deribazio judizialaren bidezko Familia Elkarguneak Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren eskumeneko organismoak dira, eta udalekin lankidetzan kudeatzen dira. Ingurune neutral, seguru eta profesionala eskaintzeko krisian dauden familiei edo jarraipen sozioedukatiboan dauden familiei.
Euskadik hamar familia-elkargune ditu, eta 2025ean 2,7 milioi bideratuko dira haien funtzionamendurako; zifra hori 3,1 milioitik gorakoa izango da 2026an.
Hezkuntza-lankidetzarako hitzarmena Europako Unibertsitatearekin
Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio Segurtasun Sailaren eta Madrilgo, Valentziako eta Kanarietako Unibertsitate Europarraren arteko hezkuntza-lankidetzako hitzarmenari, graduko eta masterreko ikasketak egiten dituzten ikasleek curriculumeko kanpoko praktika akademikoak egin ditzaten Ertzaintzan.
«Praktika hauek graduko eta masterreko ikasketak egiten ari diren ikasleei zuzenduta daude, prestakuntza praktikoa hobetzeko, lantokien benetako inguruabarretara egokituz» azaldu du Ubarretxenak. Hitzarmen honen bidez, lan-errealitatearekin eta egungo arazoekin harreman zuzena izatea sustatuko da, eta horrek ikasle horien lanbide-kualifikazio hobea ekarriko du.
Eskola-garraiorako banakako dirulaguntzak eta atzerriko egonaldietarako bekak
Azkenik, Jaurlaritzaren Kontseiluak eskola-garraiorako banakako dirulaguntzetarako deia egiten duen agindua onartu du gaurko bileran. Deialdi hau eskola-garraiorako eskubidea duten baina Hezkuntza Sailak antolatutako garraio-ibilbideetara egokitu ezin diren edo ikasleek beste erakunde batzuek antolatutako garraio publikoa erabiltzea egokitzat jotzen den ikasleentzat da.
Lau milioi euro bideratuko dira. Sailak bermatzen du aurkezten diren eta baldintzak betetzen dituzten eskabide guztiek dagokien laguntza jasoko dutela, eta, beraz, deialdira bideratutako zenbatekoa handitu ahal izango da, beharrezkoa izanez gero.
Gainera, Hezkuntza Sailak milioi bat euro baino gehiago bideratzen ditu Bigarren Hezkuntzako ikasleek ingelesa, frantsesa eta alemana ikasteko atzerriko egonaldi-beketarako.






