Lanbide Heziketa erabakigarria da “Euskadik sendotasunez aurrera egin dezan”, datozen urteetan Euskadin sortuko diren enplegu-aukera gehienak Lanbide Heziketako titulazioei lotuta egongo baitira.
Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburua Enpresa eta Lanbide Heziketa ekitaldiaren buru izan da gaur, Confebaskeko ordezkaritza batekin batera, Tamara Yague presidentea buru zela. Bilboko Euskalduna Jauregian egindako ekitaldian banatu zaizkie diplomak Lanbide Heziketako modalitate dualeko eta lantokiko prestakuntzako ikasketak egin dituzten ikasleei. Era berean, ikasleen prestakuntzan laguntzeagatik nabarmentzen diren irakasleen eta enpresen lana aitortu da.
Hain zuzen ere, Hezkuntzako sailburuak balioan jarri du hezkuntzaren eta enpresaren arteko aliantza, “herrialdearen zutabetzat” hartuta, eta hezkuntza-sistemaren eta produkzio-sarearen arteko harremana azpimarratu du. “Enpresa batek ikasleak hartzen dituenean, dakiena partekatzen duenean eta prestakuntzan denbora ematen duenean, herri-apustu bat egiten ari da. Euskadi indartzen ari da”, azaldu du Pedrosak.
Euskadiren aurrerabidea eta lehiakortasuna bermatzea
Hezkuntzako sailburuak aldaketa globalak aipatu ditu, besteak beste, industriaren eraldaketa, digitalizazioa eta Euskadiko LH egokitzen ari den trantsizio ekologikoa, produkzio-sarearen benetako beharrei erantzuteko. Testuinguru horretan, Pedrosaren arabera, Lanbide Heziketa erabakigarria da aurrerabidea eta lehiakortasuna bermatzeko, “Euskadik sendotasunez aurrera egin dezan”. Iragarri duenez, datozen urteetan 660.000 enplegu-aukera baino gehiago sortuko dira Euskadin, “eta horietako asko LHko titulazioei lotuta egongo dira”.
Pedrosak ekitaldian parte hartu duten ikasleen talentua nabarmendu du, “herrialdearen etorkizunak belaunaldi honen talentua, indarra eta anbizioa behar ditu” esan die. Aldi berean, indargune gisa nabarmendu du errealitateari lotutako LH bat izatea, “enpresekin hitz egiten duena, berritzen duena eta ezagutza partekatzen duena. Ingurunera irekitzen den LH bat, sarean lan egiten duena”.
Eboluzionatzea, aukera gehiago eta ekitate handiagoa eskaintzeko
Lanbide Heziketaren Lege berrian gehiago irekitzen dira prestakuntza-ibilbideak, pertsonalizazioa eta malgutasuna indartzen dira eta produkzio-sarearekin loturak estutzen dira. LHko eskaintza osoa duala da eta sektore estrategikoei lotuta dago. Pedrosa sailburuak azpimarratu duenez, horretarako funtsezkoa izan da ikastetxeen eta irakasleen lana. “Irakasleak teknologia berrietan prestatzen ari dira, metodologiak egokitu eta gero eta anitzagoak diren ikasleei laguntzeko”.
Azkenik, Pedrosak laster ezagutaraziko den LH Euskadi 2030 Estrategiari buruz hitz egin du: “Euskadi berri honetarako talentua sortuko duen LHaz ari gara, ibilbide malguak eskainiko dituena, bizitzan zehar prestatzen jarraitzea ahalbidetuko duena eta kultura ekintzailea bizirik mantenduko duena. Trantsizio energetikoan, eraldaketa digitalean eta zahartzearen erronkan zeregin argia izango duen eta euskarazko eta beste hizkuntza batzuetako LH eskaintza zabalduko duen LH bat lantzen ari gara.






