- Planak 10 egitasmo estrategiko jasotzen ditu, bai eta enpresa traktoreek, ETE-ek, zentro teknologikoek eta sektorearen eragileek parte hartzea ere
- “Plan hau herri-eredu batean ere oinarritzen da. Eredu horrek lurraldeen arteko oreka edo lankidetza publiko-pribatuko tresna berrien aktibazioa azpimarratzen ditu, eta tresna horiek jada aplikatzen ari gara beste eremu batzuetan, industrian, esaterako”, nabarmendu du Imanol Pradales Lehendakariak.
Eusko Jaurlaritzak gaur aurkeztu du ‘Gastronomia eta Elikaduraren Euskadi 2030 Plan Estrategikoa’ (GEPE 2030), alegia, hurrengo hamarkadarako euskal elikadura eta gastronomiaren sektorearen etorkizuna bideratzeko asmo handiko ibilbide-orria. Imanol Pradales Lehendakaria eta Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua Vitoria-Gasteizko UDAPAren instalazioetan egindako ekitaldian izan dira, bai eta Euskadiko elikaduraren balio-kateko 150 enpresa baino gehiago ere.
Bere mintzaldian, Pradales Lehendakariak sektorearen garrantzi estrategikoa nabarmendu du: “Gure ardura da indarrak batzea elikaduraren eta gastronomiaren balio katea sendotzeko, 133.000 lanpostu baititu bere osotasunean. Gure Barne Produktu Gordinaren %10 da. Egitasmo honek aitortza bikoitza du oinarri. Batetik, sektore honek ematen digun guztiarena: enplegua, aberastasuna, kanpo-proiekzioa, ingurugiroaren kudeaketa, lurralde oreka, paisaia, nortasuna edo kultura. Bestetik, ekarpen hori posible egiten duten pertsona eta eragileena: baserritarrak, enpresak, industria, gastronomia eta ikerketa ekosistema”.
Era berean, Pradalesek azpimarratu duenez, «Europak bere elikadura-segurtasunaren alde egiten du benetan, eta nekazaritzako elikagaien sektorea bultzatu behar du, NPB indartu eta deszentralizatuaren bidez. Akats larria litzateke baliabideak mugatzea edo subsidiariotasun-printzipioa sakrifikatzea. Plan hau Herri eredu batean ere oinarritzen da, lurraldeen arteko oreka edo lankidetza publiko-pribatuko tresna berrien aktibazioa azpimarratzen duena, beste eremu batzuetan jada aplikatzen ari garena, hala nola industrian «.
Amaia Barredok, berriz, honakoa nabarmendu du: “GEPE 2030 plan eraldatzailea da, elkarrizketaren eta lankidetza publiko-pribatuaren emaitza, 2030era arte 2.600 milioi euro mugituko ditu –650 milioi, inbertsio publikoan; 1.950 milioi, eragindako inbertsio pribatuan–, sektorearen lehiakortasuna, jasangarritasuna eta nazioarteko proiekzioa sustatzeko”.
10 egitasmo estrategiko, sektorea eraldatzeko
GEPE 2030en berrikuntza nagusiak dira 4 zutabe nagusiren inguruan −errentagarritasuna, lehiakortasuna, jasangarritasuna eta hazkuntzaren katalizatzaileak− Planaren lehentasunak gauzatzen dituzten 10 proiektu estrategikoak, hain justu ere, honakoak:
- BIDERATU: araugintza eta finantza eremu egokia
- DIGITALIZA: eraldaketa digitala eta 4.0 industria
- BERTAN+: marketing aurreratua eta elikadura kateari bultzada berria ematea
- IKERBAT: berrikuntza teknologikoa eta produktuen garapena
- KANPO: Euskadi gastronomikoa nazioartean zabaltzea
- IRAUN: deskarbonizazioa eta sektorearen ekonomia zirkularra
- BATURA: elikadura enpresen ezarpena eta lankidetza
- TALDE: talentuaren erakarpena, garapena eta belaunaldi-erreleboa
- SENDO: horniduraren erresilientzia eta arriskuen kudeaketa
- ELIKAHUB: azpiegiturak partekatzea eta berrikuntza hubak
Proiektu hauek, herri mailan, lankidetzarako aukeratzat hartzen dira, eta enpresa traktoreek, ETE-ek, zentro teknologikoek eta sektoreko eragileek modu aktiboan parte hartuko dute, negozio planen eta emaitzen eskaeren agindupean.
Sektore estrategikoa Euskadirentzat
Elikadura eta gastronomiaren sektorea euskal BPGren % 10 baino gehiago da, eta 133.000 enplegu baino gehiago sortzen ditu; beraz, Euskadiko industriaren eta kulturaren zutabe nagusi gisa finkatuta dago. 2020 eta 2024 artean, sektorearen balio erantsi garbia % 30 hazi da; enpresa aktiboen kopurua, % 3,6; eta esportazioak, % 10 baino gehiago.
GEPE 2030ek etorkizuneko erronkei erantzuten die: kontsumoaren eraldaketa, aldaketa demografikoa, digitalizazioa, eredu jasangarrietarako trantsizioa eta lehiakortasun globala. Planak honakoen aldeko apustu garbia egiten du: administrazioa erraztea, lehiakortasuna hobetzea, euskal markak sendotzea, talentua erakartzea, belaunaldi aldaketa sustatzea eta I+G+b sustatzea, horretaz gain, sektorerako leihatila bakarra sortzea aurreikusten da.
Gobernantza eta ikuspegi partekatua
Plan Estrategiko hau gobernantza eredu publiko-pribatu baten aterkipean garatuko da, irekia eta lankidetzan oinarritua, agroelikaduraren ekosistemaren eragile guztiak barnean hartuta: ekoizleak, enpresak, elkarteak, zentro teknologikoak, unibertsitateak eta administrazioak. Koordinazioaren hezurdurak Jarraipen Batzorde Misto bat eta Kudeaketa Teknikoko Bulego bat izango ditu, HAZIren eskutik.
Dokumentua AZTIrekin lankidetzan osatu da, eta sektorearen ehunka profesional eta enpresek ere hartu dute parte. Aurkezpenaren ondoren, gizarteratze prozesu bat irekiko da gizarte, ekonomia eta enpresa arloetako hainbat eragilerekin, plana aberastu eta proiektu estrategikoak moldatze aldera.
“Gastronomia eta elikadura ekonomia baino askoz gehiago dira: garenaren parte dira, gure bizimoduaren eta etorkizuna eraikitzeko moduaren parte dira. Hau da gure erronka. Eta bide honetan, elkarrekin egingo dugu aurrera”, bukatu du Amaia Barredo sailburuak.






