Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok Guggenheim Bilbao Museoan inauguratu du Digitaltek, enpresa-berrikuntzaren arloan erreferentziazko foroa.
Sailburuak azpimarratu du eraldaketa digitalaren eta berrikuntzaren aldeko apustua Sailaren lehentasunetako bat dela, bereziki merkataritzaren esparruan, merkataritzak digitalizazioaren, ingurumen-jasangarritasunaren, kontsumo-ohituren aldaketen eta bilakaera soziodemografikoaren ondoriozko erronkei aurre egiten baitie. «Merkataritza eraldatu egin behar da, baina bere nortasuna galdu gabe: hurbiltasuna, tratu pertsonalizatua eta aholkularitza. Horregatik, funtsezkoa da trantsizio hau lagunduko duten proiektuak bultzatzea», adierazi du.
Ildo horretan, hainbat programa espezifiko bultzatu dituztela gogorarazi du; besteak beste, merkataritza-ekintzailetzarako laguntza-programa berria eta Merkataritza Berrikuntzako Hub-aren sorrera —saltokiak, ekintzaileak, prestakuntza-zentroak, garapen-sozietateak, tokiko erakundeak eta enpresa teknologikoak berrikuntza-proiektuen inguruan lotzen dituen ekosistema—.
Beharrezkoa den eraldaketa digital hori aukera gisa ulertu behar dela ere azpimarratu du: «Gaur egun kontsumitzaile informatuagoa dugu, konektatuagoa eta esperientziak bilatzen dituena, eta ez produktuak soilik. Digitalizazioak ez ditu zerbitzuak murriztu behar, indartu baizik, arreta hobea eta osoagoa eskaintzeko».
Sailburuak berretsi du merkataritzaren digitalizazio-prozesuak administrazioen, enpresen, saltokien eta kontsumitzaileen arteko ahalegin partekatuaren ondorio izan behar duela: «Erakundeek prozesu hori babesten jarraituko dugu, Hub-etik bultzatutakoak bezalako neurri zehatzekin. Baina, era berean, saltokien ardura da digitalizazioa aliatu gisa onartzea, eta kontsumitzaileena, berriz, gure erabakiek etorkizuneko gizartea eraikiko dutela jabetzea».






