Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren arabera, 2024an genero-indarkeriaren biktima ziren ia 200 emakumek jaso zuten alokairuko etxebizitza babestu bat

0
  • Itxaso: “Etxebizitza seguru eta eskuragarririk gabe askoz zailagoa da indarkeria matxista desegitea eta berriro hastea”

Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta, Etxebizitzaren Euskal Behatokiak Euskadin genero-ikuspegitik etxebizitza eskuratzeari buruzko datu berriak argitaratu ditu. Txostenak azpimarratzen du etxebizitza-politika publikoek funtsezko tresna direla indarkeria matxistarik gabeko bizitzak bermatzeko eta emakumeei proiektu pertsonalak eta profesionalak berreraikitzen laguntzeko.

Txostenaren arabera, emakumeek, oraindik ere, gizonek baino egoera laboral eta ekonomiko okerragoari aurre egiten diote —langabezia handiagoa, lanaldi partzialeko enplegu gehiago eta soldata-arrakala—, eta horrek beren autonomia ekonomikoa mugatzen du eta etxebizitza duin bat eskuratzea zailtzen die. Denis Itxaso sailburuak Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren politikei buruzko balantzea egin nahi izan du, “etxebizitza seguru eta eskuragarririk gabe askoz zailagoa delako indarkeria matxista desegitea eta berriro hastea”. “Bada datu bereziki adierazgarri bat”, gaineratu du Itxasok: “2023an lehen etxebizitza eskuratu beharra zutela adierazi zuten 29.646 emakumeen % 82k ez dute horretarako diru-sarrera nahikorik”.

Era berean, sailburuak azpimarratu duenez, “indarkeria matxista ere pobrezia, prekarietatea eta nora joan ez izateko beldurra da. Horregatik, etxebizitza-politikak ez dira elementu osagarri bat, emakumeak indarkeriaren zirkulutik atera eta bizitza aske bat eraiki ahal izateko funtsezko pieza bat baizik”.

Etxebizitza eskuratzeko lehentasuna genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzat

Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak ekintza positiboko neurri espezifikoak aplikatzen ditu genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzat, egungo araudian jasotakoak. Neurri horiek honela zehazten dira:

  • Puntuazio handiagoa alokairuko babes publikoko etxebizitzak adjudikatzeko prozedura arrunten baremazioan.
  • Errentamendu-araubideko babes publikoko etxebizitzen zuzeneko edo ezohiko adjudikazioa premiazko edo muturreko kalteberatasun-egoeretan.

Neurri horien ondorioz, 2024an genero-indarkeriaren biktima ziren 118 emakumek alokairuko babes publikoko etxebizitza bat eskuratu zuten prozedura arruntaren bidez, eta beste 73k zuzeneko adjudikazioaren bidez lortu zuten; hau da, ia 200 emakumek beren bizitza berregin ahal izan dute etxebizitza seguru batean.

“Zenbaki bakoitzaren atzean emakume bat dago, instituzioak bere alde jarri garela ikusi duena, lagun-egite egokiarekin eta, askotan, bere seme-alabak sartuta”, adierazi du Itxasok. “Gure konpromisoa argia da: emakume batek ere ez luke indarkeriazko harreman batean jarraitu behar etxerik gabe geratzeko beldurragatik”. Behatokiak gogorarazi du, gainera, genero-indarkeriaren biktima diren 2.046 emakume daudela Etxebiden inskribatuta, etxebizitza babestuaren eskatzaileen erregistroan, eta horietatik 411k 2024an formalizatu zutela lehen aldiz eskaera. “Datu horiek interpelatu egiten gaituzte”, gaineratu du sailburuak. “Esan nahi dute sistema identifikatzen ari dela premiazko bizitoki-irteera bat behar duten emakumeak, eta etxebizitza publikoa benetako babes- eta autonomia-baliabide bihurtzen ari dela”.

Emakumeen burujabetasun ekonomikoari eusten dion prestazio-sistema

Behatokiaren txostenak egiaztatu du, halaber, alokairuari laguntzeko prestazioen estaldura-maila handia dela emakumeen artean:

  • 2024an, 17.156 emakume izan ziren EGPO – etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarriaren onuradun (guztizkoaren % 54,3).
  • 2024ko abendura arte, 10.500 emakumek dute EES – etxebizitzarako eskubide subjektiboa errekonozituta (eskubide hori duten pertsona guztien % 60,4 dira), eta horietatik 5.084k EPE – etxebizitzarako prestazio ekonomikoaren bidez eskuratzen dute etxebizitza.
  • Gazteen kasuan, 35 baino gutxiagoko 4.425 emakume dira Gaztelagun programaren onuradun (titularren % 56).

Oro har, txostenaren arabera, 27.000 emakumek jasotzen dute Eusko Jaurlaritzak kudeatutako prestazioren bat alokairuko etxebizitzaren ordainketari lotuta. Horrek berresten du etxebizitzarako laguntza publikoak direla emakumeen independentzia ekonomikoaren euskarri nagusietako bat. “Diru-sarrera nahikorik gabe eta alokairurako laguntza publikorik gabe askoz zailagoa da ‘nahikoa da’ esatea”, azpimarratu du Itxasok. “Emakume batek badakienean etxebizitza babestu bat duela bere zain, errentarekin laguntzeko prestazio bat dagoela eta sisteman lehentasuna duela, bere erabaki-marjinak handitzen dira eta erasotzailearen kontrol-boterea murrizten da”.

Indarkeriarik gabeko bizitzetarako genero-ikuspegia duten etxebizitza-politikak

Laguntza eta adjudikazio indibidualetatik haratago, Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila lanean ari da genero-ikuspegia bere jarduketaren osotasunean txertatzeko: hirigintza-plangintzan eta hiri-berroneratzean, etxebizitzaren eraikuntzan eta araudiaren ebaluazioan, baita langileen prestakuntzan eta berdintasuna kontratazioetan, dirulaguntzetan eta plan estrategikoetan txertatzean ere.

“Segurtasuna, irisgarritasuna eta zainketak emakumeen ikuspegitik pentsatzen ez dituen hiria indarkeria errazten duen hiria da”, adierazi du Itxasok. “Gure helburua da etxebizitza-parke publiko irisgarriagoa, ekitatiboagoa eta seguruagoa izatea emakumeentzat, bereziki indarkeria matxista jasan dutenentzat edo jasaten ari direnentzat”. Sailburuak, amaitzeko, hau gogorarazi du: “etxebizitza publikoa da indarkeria matxistari aurre egiteko euste-hormarik eraginkorrenetako bat. Biktima den emakume bati adjudikatutako etxebizitza babestu bakoitza ez da sabai bat bakarrik: segurtasuneko, erreparazioko eta berriro hasteko espazio bat da”.