Zarauzko Kirol Sariak

0

Zarauzko Udalak, Kirol departamentuaren bitartez, Zarauzko Kirol Sarien hurrengo edizioan aktiboki parte hartzera gonbidatu nahi ditu herritarrak.

2006. urteaz geroztik antolatzen den ekitaldi honek omentzen ditu Zarautzen bertako kirola errotzen eta sustatzen laguntzen duten kirolariak, taldeak, entrenatzaileak eta entitate babesleak.

Aurtengo sarietarako ondorengo kategoriak aurreikusi dira: emakumezko kirolaria, gizonezko kirolaria, emakumezko taldea, gizonezko taldea, entrenatzailea, kirol-babeslea eta Kirola Bizi saria. Aurreko edizioan, besteak beste, honako hauek izan ziren sarituak: Ainitze Zumeta Goikoetxea, Martin Sorreluz Uria, Emakumea* Surflari, Amenabar Zarautz Eskubaloia, Raul Parmo Berdonces eta José Manuel Martínez Garrastazu.

Inaxio Illarramendik (PSE-EE), Kirol zinegotziak azpimarratu duenez, “kirola funtsezko ardatza da gure komunitatearentzat: balioak, osasuna, integrazioa eta tokiko harrotasuna sustatzen dituelako. Horrez gain, Kirol Sariekin bi helburu bete nahi ditugu: batetik, ikusaraztea Zarauzko kirol-maila hobetzen egunez egun dihardutenen ahalegina; eta bestetik, herri gisa batzen gaituzten modalitate guztietan parte-hartzea bultzatzea”.

Bide batez, zehaztu behar da zarauztar orok zabalik duela hautagaitzak aurkezteko epea abenduaren 1era arte, hain zuzen. Ordura arte bakoitzak bere proposamenak egin ahal izango ditu kirola@zarautz.eus helbidera mezua bidalita edota inprimakia Aritzbatalde kiroldegiko harreran betez. Ondoren, proposatutako hautagai guztien artean Udalak izendatutako batzorde batek hautatuko ditu hautagaiak. Kirol Sarien ekitaldia, 2026ko urtarrilaren 28an Modelo Aretoan gauzatuko da.

“Azkenik, kirol-elkarte, entrenatzaile, klub, babesle eta Zarauzko herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu tokiko kirolaren omenaldi kolektibo honetan parte hartzera. Zuen parte-hartze aktiboa espero dugu edizio honek aurreko ekitaldi arrakastatsuei jarraipena eman diezaion”, gehitu du Illarramendik.