- 100 profesional baino gehiago izan dira fenomeno berriei, hala nola indarkeria bikarioari edo animalien aurkako tratu txarrei, erantzuteko begirada, lege-esparru eta polizia-erantzun berriak aztertzeko topaketan.
Jon Goikolea Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendaria buru dela inauguratu da gaur goizean “Biktimizazio-modu berriak genero-indarkeriaren testuinguruan: prebentzioa, kontrola eta biktimentzako arreta” Parez Pare jardunaldia, Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Herriko Unibertsitateak antolatuta.
Topaketa horretan segurtasunaren esparruko 120 profesional inguru elkartu dira (Ertzaintzako eta udaltzaingoetako agenteak, teknikariak, eta abar), eta begirada, lege-esparru eta polizia-erantzun berriak eskatzen dituzten indarkeria matxistako fenomeno berrietako batzuetan jarri dute arreta.
Zehazki, hizlari gonbidatuek honako gai hauek jorratu dituzte:
- “Indarkeria bikarioa deiturikoa Kriminologiatik: senar-emazteen mendekuagatiko filizidioa”, César San Juan Guillén, Psikologia Kriminaleko irakaslea (EHU) eta Delinkuentzia, Marjinalitate eta Harreman Sozialei buruzko Nazioarteko Ikerketa Zentroko zuzendaria.
- “Indarkeria bikarioaren arloko neurriei buruzko Lege Organikoaren Aurreproiektua”, Ivana Larrosa Ibáñez, San Jorge Unibertsitateko Zuzenbideko irakaslea eta Zaragozako Probintzia Auzitegiko ordezko magistratua.
- “Animalien aurkako tratu txarrak genero-indarkeriaren eta etxeko indarkeriaren testuinguruan”, María Ángeles Fuentes Loureiro, Zuzenbide Penaleko irakaslea (Universidade da Coruña).
- “Poliziaren arreta genero-indarkeriaren biktimentzat”, Oscar Fernández Cucó, Kriminologiako Euskal Institutuko Biktimekin Lan Egitea graduondoko irakaslea (EHU) eta ertzain erretiratua.
LANKIDETZA
Jardunaldi hauek Eusko Jaurlaritzak eta EHUk izenpetutako hitzarmenaren esparruan egiten dira. Hitzarmen horren helburua da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak eta Kriminologiako Euskal Institutuak (IVAC-KREI) elkarlanean jardutea kriminologiaren eta biktimologiaren arloan formakuntza emateko eta ezagutza aztertu eta hedatzeko, bai eta segurtasun publikoarekin erlazionatutako jarduera akademikoak egiteko ere.






