- Lan honen bidez gaur egun herriko hondartzako, itsadarraren eta portuko zenbait gunetara iristen diren isuriei amaiera emango zaie
- Lanak 2026ko martxorako amaituta egon beharko dira
Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Sailak 46.000 euroko dirulaguntza emango dio Eako Udalari, portutik, Beletxe eraikinetik eta Kosallu baserritik datozen ur gris eta beltzak udal araztegira ponpatu eta bideratzeko lanak finantzatzeko.
Jarduketa honek amaiera emango die gaur egun marearteko gunera – hondartza, itsadarra eta portua – iristen diren isuriei. Honen bitartez kostaldeko ingurunearen kalitate ekologikoa, osasungarritasuna eta jasangarritasuna hobetuko dira.
“Funtsezko lana da herriak itsasertz garbiago, seguruago eta jasangarriago bat izan dezan bermatzeko. Urrats erabakigarria da gure natur ondarea babesteko eta Eako herritarren bizi-kalitatea hobetzeko” nabarmendu du Amaia Barredo sailburuak.
Proiektuak bi exekuzio fase aurreikusten ditu, guztira 157.937,90 euroko aurrekontuarekin (BEZa barne). 1. fasean ponpaketa eta kanalizazio-sistema instalatuko da kaialdetik araztegira (110.795,48 €). 2. fasean, berriz, Beletxe eraikina eta Kosallu baserria sare berrira konektatuko dira (47.142,42 €).
Onartutako dirulaguntzak 2025ean gauzatuko diren lanak finantzatuko ditu, eta lanak 2026ko martxoan amaituta egon beharko dira. Portuak, Gai Maritimoak eta Litoraleko Zuzendaritza izango da proiektuaren kudeaketa, jarraipen eta ikuskapenaren arduraduna.
Lan hauekin, Eusko Jaurlaritzak portu-hiri harremana hobetzea bultzatzen du, eta itsas ekonomiaren, kostaldeko ondarea babestearen eta kostaldeko komunitateen bizi-kalitatea hobetzeko helburuetan aurrera egiten du, Sailaren esparru estrategikoan jasotzen den bezala.






