- Denis Itxaso sailburuak eta Cristina Laborda alkateak tokian bertan egiaztatu dute lanen aurrerabidea; lanek Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren 4.980.125,10 euroko dirulaguntza dute eta 2027an amaituko direla estimatzen da
- Itxasok azaldu duenez, Aduana kaleko 18. zenbakian kokatutako espazio berri hau “berrikuntzaren, kohesio ekonomiko eta sozialaren eta eraldaketa digital eta ekologikoaren premisekin diseinatuta dago”
- Hiriko alkateak nabarmendu duenez, “hiria berroneratzeko proiektu honi esker (orain arte hirian izan den anbizio handienekoa da), Irunek mugarri bat ezarriko du gaur egun erabiltzen ez den trenbide-eremu honetan guztian, eta herritarren erabilerarako eta gozamenerako berreskuratuko dugu”
Irungo aduana zaharraren burualdeko eraikin enblematikoa behin betiko eraldatzen hasia da, Irun Bidea etorkizuneko hiri-barruti berritzailea (“iHub”) bihurtzea ahalbidetuko duten birgaitze-obrak hastearekin batera. Esku-hartze hau urrats erabakigarria da eraikin historiko bat berreskuratzeko eta hari erabilera publiko estrategiko bat emateko, prestakuntzara, ekintzailetzara eta enpresa-garapenera bideratua, berrikuntza- eta ezagutza-polo berri baten barruan.
Aurrerapen hau posible izan da Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak emandako 4.980.125,10 euroko (BEZa barne) dirulaguntzari esker. Dirulaguntza horrek aduana zaharra eta hari erantsitako nabeak prest jartzea, birgaitzea eta etorkizunean egokitzea finantzatzen du.
Obren hasierak beste mugarri bat ezarri du Irun Bidearentzat, hiriaren historian hiri-berroneratzeko anbizio handieneko proiektua baita. Lehen lanen garapena ezagutzeko —ziurrenik 2027ra arte iraungo dute—, eraikina bisitatu dute Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak eta Cristina Laborda udalerriko alkateak, Juan Carlos Abascal Lurralde Plangintza eta Hiri Agendako sailburuordearekin eta Gorka Álvarez, Irungo Udaleko Bigarren Alkateordea eta Obrak, Mantentze eta Azpiegituretako ordezkariarekin batera. Era berean, bisitan izan da Nuria Alzaga Martínez, Irungo Udaleko Lehen Alkateordea.
Bisitan, Itxasok nabarmendu du «obra horiek martxan jartzeak inflexio-puntu bat markatzen duela Irunerako. Aduana Zaharraren birgaitzeari esker, eraikin historiko bat berreskuratzeaz gain, hiriko prestakuntza, ekintzailetza eta jarduera ekonomikoa bultzatuko dituen hiri-barruti berritzaile baterako atea irekiko da. Gure konpromisoa argia da: proiektu eraldatzaileetan inbertitzea, gizarte-kohesioa sortzeko, trantsizio digitala eta ekologikoa bultzatzeko eta Irun hiri-garapen jasangarriaren abangoardian kokatzeko».
Bestalde, alkateak nabarmendu duenez, “erabiltzen ez zen eta narriatuta zegoen eraikin historiko hori berreskuratzea, zalantzarik gabe, funtsezko urratsa da Irun Bidea hiri-barruti berritzailea izango dena lortzeko”. Labordaren hitzetan, “hiri-berroneratzeko proiektu honekin (orain arte hirian izan den anbizio handienekoa da), Irunek mugarri bat ezarriko du gaur egun erabiltzen ez den eta herritarren erabilerarako eta gozamenerako berreskuratuko dugun trenbide-eremu honetan guztian”.
Obren aurrerapena eta edukia
Ekitaldian, arduradun munizipalek eta Eusko Jaurlaritzakoek dagoeneko abian dauden obren irismena zehaztu dute. Obrak 2023tik faseka egiten ari den berreskuratze-prozesu baten barruan kokatzen dira. Lehenengo esku-hartzeek eraikina osorik eraldatzeko prestatzea dute helburu. Horretarako, jarduketa hauek egin behar dira: forjatuak eta hondatutako zurezko elementuak eraitsi, instalazio zaharkituak kendu eta espazio guztiak garbitu eta saneatu. Horiek dira, hain zuzen, egiturazko hormak sendotzeko eta ondoren egoera txarrean dauden forjatuetan esku hartu ahal izateko aldez aurreko ezinbesteko urratsak.
Aurreikusita dago, orobat, egungo estalkiak eraistea, eta horien ordez erabat berritutako egitura berriak jartzea, baita ateburu eta leihoburuak zaharberritzea eta fatxadako hormak berreskuratzea ere. Eragiketa horiek higiezina sendotzeko lehen fase handia osatzen dute.
Obra OCISA – Obras de Construcción e Instalaciones SAri esleitu zaio 2.189.515,11 euroko zenbatekoaz (BEZa barne), eta 12 hilabeteko egikaritze-epea du. Lan hauek jarraipena ematen diete eraikinaren egoera sakon aztertzea —269.981,26 eurotan baloratutako patologien diagnostiko baten bidez—, garbitzea eta hondakinak kentzea ahalbidetu zuten aurretiazko jarduketei —2024ko bigarren erdian osatu ziren, 192.319,41 euroko zenbatekoaz—.Jarduketen sekuentziak egiturazko elementuetarako sarbidea erraztu du, eta bidea eman du birgaitze integral honen eraikuntza-beharrak zehaztasunez definitzeko.
Aduana zaharra berreskuratzeko proiektua 2023ko maiatzean hasi zen, Tokiko Gobernu Batzarrak Estatuko Administrazio Orokorrari higiezina 1.666.416,76 eurotan erostea onartu ondoren. Ordutik, eraikina prestatzeko prozesu ordenatu bati jarraitu zaio, eta orain agerikotasun handieneko fasean sartu da: eraikinaren egitura eta arkitektura zaharberritzea. Hori guztia posible da Eusko Jaurlaritzaren bultzada ekonomikoari esker. Izan ere, 5 milioi euro inguruko haren ekarpenak bermatu egiten du jarduketa guztien bideragarritasuna, bai eraikin nagusian, bai guneari erantsitako nabeetan.
Era berean, proiektuak Irun Bidearen etorkizuneko hub inklusibo eta adimenduna sortzea aurreikusten du, espazio historiko hau barruti berritzailearen motor bihurtuko duena. Eraikinak 2.100 m² inguru ditu egitura nagusian, eta 5.000 m² gehiago antzinako nabeetan banatuta. Herritarren, instituzioen, jakintza-eragileen eta enpresen arteko topagune gisa eratuko da, eta berrikuntzara, ekintzailetzara eta balio erantsi handiko soluzio teknologiko eta sozialen garapenera bideratutako lan-ingurunea sortuko du.
Ekosistema berritzaile bat, lehen urratsak ematen hasia dena
Higiezina zaharberritzearekin batera, eta Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzaren bidez ere finantzatuta, hurbiltasuneko bulego bat eta merkataritza-berrikuntzako polo bat gaitu dira Pio XII.a – Serapio Mujika ardatzean (481.996,41 euroko inbertsioa du). Dagoeneko funtzionamenduan dagoen hiri-laborategi bat da, eta tokiko merkataritza berritzen eta digitalizatzen lagun egitea du helburu, aduana zaharrak bere eraldaketa amaitu ondoren hartuko duen ekosistema berritzailearen zati bat aurreratuta.
1882an eraikia eta 1993tik erabili gabe, aduana zaharra Irun Bidea proiektuaren funtsezko pieza bat da. Proiektuaren helburua da trenbide-lursailak berroneratzea eta hiri-barruti moderno, aktibo eta jasangarri berri batean integratzea. Hura birgaitzea planaren ardatz nagusietako bat da, bai duen ondare-balioagatik, bai jarduera ekonomikoa, berrikuntza eta gizarte-kohesioa sortzeko duen ahalmenagatik.
Obra hauek hastearekin batera —Eusko Jaurlaritzak ia 5 milioi euroko inbertsioarekin babestu ditu—, Irunek tinko egiten du aurrera hiriaren etorkizuneko garapenerako erabakigarria izango den espazio historiko hau suspertzeko bidean.






