Hezkuntza Saila sukalde kontzeptu berria ezartzen ari da eskola-jantokietan

0

Hezkuntza Sailak ikastetxeetako sukaldeetan hedatuko den in situ sukalde elektriko bertikalen sistema aitzindaria garatu du. Menu osasungarriagoak, langileen lan-baldintza hobeak eta energia garbiagoen erabilera nabarmentzen dira bost zentrotan jada finkatu den sistema horren onuren artean. Hezkuntza sailburuak iragarri duenez, 28 sukalde berri eta eskualdeko 16 sukalde ezarriko dira hainbat udalerritan 2027 urtea arte.

Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburua Aiako Lardizabal Herri Eskola bisitatu du gaur goizean, Hezkuntza Saila eskola-jantokietan ezartzen ari den sistema aitzindariaren berri emateko. Sukalde elektriko bertikalak dira, eta sukalde horien hedapena onuragarria izango da ikasleen nutrizio-osasunerako, sukaldeetako langileen lan-baldintzen hobekuntzarako eta jasangarritasunerako.

Aiako eskolako sukaldera egindako bisitan ikusi da sukalde mota horrek aukera ematen duela koipe eta olio gutxiagorekin kozinatzeko eta, hala, barazki freskoak eta haragia koipe gutxiagorekin kontsumitzeko, edo elikagaiak lurrunezko labeetan prestatzeko. Azken batean, menuak osasungarriagoak izan daitezen laguntzen du.

Orain arte, Eusko Jaurlaritzak horrelako bost eskola-sukalde instalatu ditu: Lardizabal Herri Eskolan (Aia), Zurbaran HLHIan (Bilbo), Alonsotegi HLHIan (Alonsotegi), Talaia Eskolan (Hondarribia) eta Txurdinaga HLHIan (Bilbo). Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak azaldu duenez, “sukalde elektriko bertikalak in situ egiteko eredu berri hau Hezkuntza Eraiki 2030 estrategiaren barruan kokatzen da, eta horrekin gure ikastetxeak eraldatzen ari gara. Hezkuntza Eraiki 2030 Planak tokian bertan 28 sukalde berri eta eskualdeko 16 sukalde aurreikusten ditu hainbat udalerritan 2027 urtea arte”.

Sukalde-eredu hori ikastetxe gehiagotara heda daiteke. Eredu horren onuren artean nabarmentzen dira, halaber, sukaldeetako langileen ongizatearen eta lan-baldintzen hobekuntza. Ez dira apenas zartaginak eta lapikoak edo marmitak erabiltzen. Eltze baskulagarriak erabiltzen dira, eta langileek ez dute ontzi astunik erabili beharko.

Sukaldearen erabilera askoz sinpleagoa da funtzio anitzeko sistemei esker, makina bakar batek zenbait prozesu egin baititzake. Elaborazio-denborak murriztu egiten dira, labeek kantitate handiak eta modu erosoagoan kozinatzeko funtzioak baitituzte. Sukalde bertikalek gauez edo geroratuta egosteko aukera ematen dute, eta modu digitalean konektatuta egon daitezke, urruneko kontrola eta gainbegiratze teknikoa errazte aldera. Makinek espazioa aurrezteko aukera ematen dutenez gero, lehen ezin zen lekuetan instala daitezke sukaldeak.

Eusko Jaurlaritzak eredu horren alde egiteko beste arrazoietako bat jasangarritasun energetikoa da. Sukalde elektrikoak jasangarriagoak dira, eguzki-panelez elika daitezke-eta. Eusko Jaurlaritzak erosketa eta kontratazio publiko berdea sustatzen du ekoberrikuntza bermatzeko eta administrazio publikoek baliabideak eraginkortasunez erabil ditzaten errazteko.

In situ sukalde mota horrek etorkizunean zonako sukaldeak sortzea erraztuko du, hau da, otorduak zentro nagusi batean prestatzeko eta janari prestatu berriko menuak geografikoki hurbil dauden ikastetxeetara eramateko aukera izango da.