Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok San Mamesen egin den Merkataritzari, Gazteriari eta Ekintzailetzari buruzko Gaztekinn Jardunaldian —etorkizuneko aukera berriak ezagutu nahi dituzten ikasle eta gazteei zuzendua— parte hartu du.
Bere hitzaldian, sailburuak publiko gaztearen presentzia nabarmendu du, eta gaineratu du publiko horrek erabakiko duela euskal merkataritzaren norabidea datozen urteetan. “Agian oraindik ez dakizue zertan lan egin nahi duzuen, eta guztiz normala da. Gaur, zuen egoera berean egon ziren eta merkataritza-sektorean ekintzaile gisa hastea erabaki zuten pertsonei entzungo diezue. Entzungo duzuenak esparru honek dituen aukerak aurkitzen zuei laguntzeko balio izatea espero dut”, adierazi du.
Sailburuak nabarmendu du merkataritza ekintzaile gisa hasteko aukeraz betetako gunea dela, eta bertan, gazteek sektore hurbil, dinamiko eta esperientziak eta gizarte-kohesioa sortzeko gaitasuna duen bat aurki dezaketela. «Badakigu zuen kontsumitzeko eta erosteko moduak eta aurreko belaunaldietakoenak desberdinak direla; horregatik da hain garrantzitsua zuek tokiko merkataritzara hurbiltzea eta gure auzo eta hirietako eguneroko bizitzan merkataritza horrek duen balioa zuei erakustea», nabarmendu du.
Ildo horretan, sailburuak Gandik proiektua ekarri du gogora. Duela gutxi aurkeztutako ekimen horrek DBHko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleak tokiko saltokiekin konektatzen ditu. Lotura horren bidez, saltoki horien presentzia digitala hobetu nahi da, web-orriak diseinatuz. Halaber, nabarmendu du gazteek, natibo digital gisa, mundu fisikoaren eta digitalaren artean naturaltasunez mugitzeko gaitasuna dutela, eta ezaugarri hori bereziki baliagarria dela berrikuntzaren bidez merkataritza-sektoreari ekiteko.
«Berrikuntzaz hitz egiten dudanean, ez naiz ari zerbait berria sortzeaz bakarrik, baita lehendik dagoena hobetzeaz ere, egungo premiei soluzio berriekin erantzuteaz». Sailburuak gazteak animatu ditu dagoeneko esparru horretan hasita direnei entzutera eta haiengandik ikastera.






