· 2025eko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitartean, SATEVI zerbitzuak 2.520 dei erregistratu ditu guztira.
· SATEVIren 900 840 111 zenbakia indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta emateko zerbitzu espezializatua da, 24 orduz funtzionatzen duena, doakoa, anonimoa eta telefonoaren fakturan arrastorik uzten ez duena.
SATEVIko profesionalek indarkeria matxistaren (fisikoa, sexuala, psikologikoa…) biktima diren emakumeak ez ezik, hurbileko pertsonak, senideak eta profesionalak ere entzuten dituzte. Txosten honetan SATEVIn 2025etik urrira arte jasotako deien datuak jasotzen dira. Aldi horretan, guztira 2.774 deiri erantzun zaie, 2.520 dei egokiri eta 254 dei ez-egokiri. SATEVIko eskariaren bolumena 3.000 arreta ingurukoa da urtean, eta 2025ean joera horri eusten zaio.
Jarraian, 2025ean erantzundako dei egokien kopurua aurkezten da, hilabeteka.
| Urtarrila | 295 |
| Otsaila | 252 |
| Martxoa | 216 |
| Apirila | 225 |
| Maiatza | 248 |
| Ekaina | 245 |
| Uztaila | 302 |
| Abuztua | 203 |
| Iraila | 266 |
| Urria | 267 |
Artatutako pertsona motak
Jarraian, artatutako pertsonen sailkapena egiten da. Ildo horretan, eta SATEVIren izaerari dagokionez, indarkeria-egoeran dauden eta hortik irteteko prozesuaren barruan dauden emakumeei eman zaie arreta gehien (ia % 80ra iritsi da). Ondoren, arreten % 15etik gora biktimaren hurbileko pertsonaren batek (laguna, senidea, lankidea…) egindako deiei bideratu zaie. Kasu hauetan hurbileko pertsonek lagundu ahal izateko eta egoera kudeatzen jakiteko kezkak, zalantzak eta beldurrak adierazten dituzte. Azkenik, emakumeen aurkako indarkeriari buruzko kasuren bat duten profesionalentzako arretak daude, eta horiek % 4 baino gutxiago dira. Inolako kasurik ez duten eta beren eremu profesionaletik informazioa eta/edo orientazioa eskatzen duten profesionalentzako arreten kopurua % 1ekoa da.
| ARTATUTAKO PERTSONAK | ARRETAK | % |
| Indarkeria egoeran dauden emakumeak | 2.009 | 79,7 |
| Hurbileko pertsonak | 385 | 15,2 |
| Kasuren bat daukan profesionala | 99 | 3,9 |
| Kasurik gabeko profesionalen bat | 27 | 1,07 |
| GUZTIRA | 2.520 | 100 |
Lurralde historikoen araberako banaketa
Lurralde historikoarekiko deien kopuruari dagokionez, aurreko urteetan bezala 2025ean ere, arreta gehienak Bizkaitik jaso dira. Arretaren beherakada orokorra gertatu bada ere, Gipuzkoak jarraitzen dio, arreta kopuruari eutsiz, eta, azkenik, Arabak. Azken horretan, ia 3 puntuko jaitsiera izan da, aurreko urtearen aldean. Era berean, biztanle gehien dituzten herriak dira arreta gehien jasotzen dutenak: Bilbo, Gasteiz, Basauri eta Barakaldo. Donostia bosgarren postuan geratu da. Arretek behera egin badute ere, lurralde-lerroari eutsi zaio. Lurraldeen araberako banaketa honakoa izan da: Bizkaia 1.613 dei (%64,01), Gipuzkoa 516 dei (%20,48), Araba (%14,09) eta EAEtik kanpo 36 dei (%1,43).
Jasandako indarkeriaren tipologia
Jasandako indarkeriaren tipologiari dagokionez, deien % 91 bikotekidearen edo bikotekide ohiaren indarkeriari buruzkoak dira, eta alde handia dago familia barruko genero-indarkeria eta sexu-askatasunaren aurkako delitua deitutakoekin: % 4,89 eta % 3 eta % 77, hurrenez hurren. 3,5 puntu baino gehiago igo da bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeria. Hala ere, familia barruko genero-indarkeriari dagokionez, 2 puntu baino gehiago jaitsi da.
| INDARKERIA MOTA | ARRETAK | % |
| Bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeria | 2.277 | 91 |
| Familia barruko genero indarkeria | 122 | 4,89 |
| Sexu-askatasunaren aurkako delituak | 94 | 3,77 |
| GUZTIRA | 2.493 | 100 |
SATEVI zerbitzuaz gain, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailak genero-indarkeria jasan duten biktimentzat laguntza ekonomiko bat du eta beste laguntza bat emakumeen aurkako indarkeria matxistaren ondorioz hildako biktimen seme-alabentzat.
Genero-indarkeriaren biktimentzako laguntza ekonomikoa
Hauek dira jasotzeko baldintzetako batzuk:
– Erasotzailearekiko edo ustezko erasotzailearekiko bikote-harremana behin betiko amaitu izana.
– Genero-indarkeriaren biktima den aldetik, eskabidea egiteko unean indarrean dagoen egiaztagiri judizial bat izatea.
– Gutxienez 6 hilabete jarraian Euskadiko udalerriren batean erroldatuta egotea eta benetan bertan bizitzea.
– Langabezian egotea, lan-kontraturik ez izatea.
2025eko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitartean 267 laguntza eman dira, 199 eskaera ukatu dira eta 119 ebazteke daude. Aurten eman diren laguntza mota hauetarako 1.600.000 euro bideratu dira jada eta 681.680 euroko igoera aurreikusi da urte amaierara arte eman beharreko laguntzetarako.
Emakumeen aurkako indarkeria matxistaren ondorioz hildako biktimen seme-alaba umezurtzentzako laguntza ekonomikoa
Hauek dira jasotzeko baldintzak:
– Ama edo legezko tutorea emakumeen aurkako indarkeria matxistaren ondorioz hiltzen den unean 18 urte beteta ez izatea.
– Laguntza eskatzeko unean 21 urte bete ez izana.
– Euskadiko edozein udalerritan modu eraginkorrean bizitzea eta erroldan agertzea, laguntza-eskabidea aurkezten den unean, bai eta eskabidea jasotzen den denbora guztian etengabe ere, salbu eta Euskaditik kanpo ikasketa akademiko arauturen bat egiten ari badira, kasu horretan ez baitu baldintza hori bete beharrik izango.
Laguntza horiek honela banatzen dira:
1.- Adingabeak diren umezurtzek 10.000 euroko zuzeneko aparteko laguntza jasotzen dute, eta urtean 5.750 euro 18 urte bete arte.
2.- Ama hil zutenean adingabeak ziren eta orain adinez nagusiak diren umezurtzek 10.000 euroko aparteko laguntza jasotzen dute.
Dekretua onartu zenetik, sei laguntza eman dira, bat ukatu da eta bi espediente izapidetzen ari dira.






