Imanol Pradales Lehendakariak enpresa- eta estrategia-misioa gidatuko du Akitania Berrian

0
  • Lehendakari Imanol Pradales Atlantikoko Ardatzaren koordinatzaile François Bausch jaunarekin bilduko da, Frantzia-Espainia trenbide-konexioaren egoera eta Burdeos-Hendaya-Gasteiz/Bilbo ardatzaren bilakaera ebaluatzeko.
  • Bidaiaren helburua da, halaber, EAEko enpresei laguntzea Nouvelle-Akitaniako industria-eragile nagusiekin konektatzen.

Imanol Pradales Lehendakariak abenduaren 1ean eta 2an Nouvelle-Aquitaine eskualdera egingo du bidaia, eta bertan izango da ‘Nouvelle-Aquitaine / Euskadi – Innovation & Business Connect’ ekimenaren baitako enpresa- eta estrategia-misio ofizialean. Ekitaldia Eusko Jaurlaritzak, Akitania Berriako Erkidegoak, Basque Trade & Investmentek eta Akitania Berriko Merkataritza eta Industria Ganberak elkarlanean antolatu dute, helburu nagusi gisa Euskadi eta Akitania Berriaren arteko lankidetza instituzionala eta negozio-, teknologia-harremanak sustatzea.

Ezbairik gabe,  misio hau urrats erabakigarria izango da Euskadiren eta Akitania Berriaren arteko lotura ekonomiko, teknologiko eta instituzionalak indartzeko. Harreman hori ez da modu isolatuan sortu, aitzitik, Akitania Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdearen esparruan egindako lan jarraituaren fruitua da. Azken urteotan,  Euroeskualde horrek proiektu partekatuak, lankidetza-tresnak eta elkarrizketa egonkorra bultzatu ditu bi lurraldeetarako funtsezkoak diren eremuetan. Lan horrek, era berean, jarraipena ematen dio Frantziako eskualdeak 2024an EAEra egin zuen merkataritza-bidaiari.

Bidaia honekin, Lehendakariak bi helburu lortu nahi ditu: batetik, Akitania Berriko industria-eragile nagusiekin dituzten harremanetan EAEko enpresei lagunduz, enpresa-lanak gidatzea; eta, bestetik, trenbideen arteko loturei dagokienez, lankidetza estrategikoa indartzea, funtsezkoa baita Europako proiektu handien barruan Euskadiren mugikortasuna, lehiakortasuna eta integrazioa sendotzeko. Lan honek indartu egiten du berrikuntzako, industria aurreratuko eta mugaz gaindiko garapeneko bazkide estrategiko gisa Euskadik duen posizioa.

Agenda

Jardunaldia Bidarten hasiko da, zehazki, bioteknologian erreferentea den SophIA Genetics enpresa bisitatuko dute. Lehendakariak bertatik bertara ezagutu ahal izango ditu enpresa horrek ikerketan eta garapenean egindako aurrerapenak. Gainera, Jaurlaritzako ordezkaritzak aukera izango du SophIA Genetics-ek sortutako plataforma erabiltzen duten EAEko hainbat ospitaleren esperientzia aztertzeko, eta, horri esker, osasun digitalaren eta datu-medikuntzaren arloan lankidetza-ildo berriak identifikatu ahal izango dira. Jarraian, Baionako Merkataritza eta Industria Ganberako ordezkariekin bilduko dira, bi lurraldeen arteko lankidetza ekonomiko eta teknologikorako aukerak aztertzeko.

Bilera horien ondoren, EAEko ordezkariak Bordelera joango dira, eta, han, Lehendakariak topaketa estrategiko bat izango du François Bausch  Europa Barneko Garraio Sareko (TEN-T) Ardatz Atlantikoaren koordinatzailearekin eta Alain Rousset Akitania Berriko presidentearekin. Bilera horri esker, Frantziaren eta Espainiaren arteko trenbide-konexioaren egoera, Bordele – Hendaia – Gasteiz/Bilbo ardatzaren bilakaera eta abiadura handirako bidean eskualde mailako garraiorako berehalako irtenbideak berrikusi ahal izango dira.

Abenduaren 2an, Lehendakariak Bordelen egingo den erakunde- eta enpresa-foro batean parte hartuko du. Kasu horretan, Euskadiko eta Akitaniako enpresen arteko B2B topaketa-programa bat aurreikusita dago, baita kooperatibismoari eta langileen kooperatibei buruzko mahai-inguru bat ere. Gainera, bioosasunaren, sektore aeroespazialaren eta manufaktura aurreratuaren sektorean adimen artifiziala aplikatzeari buruzko hitzaldi espezializatuak ere izango dira, baterako proiektuak eta berrikuntza-aukera berriak identifikatzeko.

Euskal enpresa-misio honek 50 enpresa inguru izango ditu, hainbat sektoretakoak, hala nola sektore aeroespaziala, makina-erreminta, manufaktura aurreratua, bioosasuna eta bioteknologia. Halaber, Mikel Jauregi sailburuak ere parte hartuko du, eta agenda ekonomiko espezifiko bat garatuko du.

Dassault aeronautika-enpresa bisitatzeaz gain, euskal ordezkaritzak hainbat bisita tekniko egingo ditu Akitania Berriko konpainia estrategikoetara, besteak beste, honakoetara: Lauak (Hasparren), Akira Technologies (Baiona), IHU Liryc & Fineheart (Pessac), Ceva (Libourne) eta Potez (Aire-sur-l ‘Adour). Elkargune horiek  guztiek aukera emango dute sektore-sinergiak aztertzeko, industria-harremanak indartzeko eta mugaz gaindiko enpresen lankidetza sendotzeko.