Nafarroako Suhiltzaileak infografia bat egin du bideo laburrekin, herritarrei uholdeen aurrean nola jokatu behar duten aholkuak emateko, urak herritarrak etxean zein kanpoan ustekabean harrapatzen baditu.
Material horren bidez, batez ere urpean har daitezkeen prebentzio-neurriak zabaltzen dira. Halaber, jarraitu beharreko urrats batzuk ematen dira eguraldiaren iragarpenak era horretako fenomenoak gertatzeko aukera dagoela adierazten duenean nola jokatu eta uholdea jada gertatu denean zer egin jakiteko.
Zer egin uholdea etxean gaudela gertatzen bada
Daniel Alvarez de Eulatek, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko ofizialorde eta Uretako Erreskate Taldeko (GRA) arduradunak, eta Andoni Perezek, GRAko suhiltzaileak, gogorarazi dute, uholdea etxean gaudela gertatuz gero, garrantzitsua dela agintariek komunikabideen bidez emandako jarraibideak jarraitzea. Sare sozialetan, kontu ofizialak bakarrik jarraitzea gomendatzen da; hala nola, @SOS_na eta @AEMET_Navarra eta komunikabideak.
Ahal bada, hornidurak (gas eta elektrizitatea) moztea gomendatzen da, batez ere baxu eta etxabeetan, uholdea gertatuz gero arazorik ez izateko, eta sotoetatik eta behe solairuetatik azkar ateratzea, goiko solairuetan babesteko.
Era berean, larrialdi-kit bat prestatzea gomendatzen da, beharrezko gauzekin, egoera konpontzen den bitartean. “Argia, janari pixka bat, babesteko arropa eta irrati bat izanez gero, itxaronaldia ez da hain larria”, adierazi dute Nafarroako Suhiltzaileen arduradunek.
Azkenik, informatuta egotea eta pazientzia izatea gomendatzen dute, “horrelako egoerak batzuetan luzeak izan baitaitezke; hasieran, erreskate-taldeak lanez gainezka egon ohi dira, baina azkenean beti bukatzen da, eta leku seguru batean egonez gero, itxarotea besterik ez da geratzen”.
Larrialdia etxetik kanpo gertatuz gero, norbera babesteko aholkuak
Uholdeak herritarrak etxetik kanpo harrapatzen baditu, segurtasun-aholku garrantzitsuena lasai egotea da, urak hartutako eremuak saihestea eta gorago dauden lekuetara joatea.
Kasu horietan, oso garrantzitsua da korronteak ez gurutzatzea: “Kalean dagoen korrontea oso txikia iruditzen bazaizu ere, nahiz eta erdi-mailakoa izan, urak indar handia du, batez ere asfalto gainean doanean, eta arrastaka eraman zaitzake”, ohartarazi dute adituek. Gainera, “kaleak ez dira inoiz zeharkatu behar ur asko badoa”. “Oso gutxi iruditu arren, saihestu egin behar da, behin arrastan eramaten bazaitu, oso zaila delako gelditzea eta egoera kritiko bilakatzen delako berehala. Orobat, zuhaitzak, harriak edo beste objektu batzuk arrastan badoaz, zuk kolperen bat har dezakezu”, adierazi dute.
Era berean, urak hartutako zatiak ez dira zeharkatu behar, ezin dezakegu jakin eta uraren azpian zer dagoen, zenbateko sakonera duen edo zer-nolako oztopoak aurki ditzakegun. Laburbilduz, “lekuan bertan eremurik altuenak aurkitu behar dira, horietara joan ahal izateko, eta korronteak eta urak hartutako eremuak saihestu”, amaitu dute.
Auto batean nola jokatu
Egoerak herritarrak bidaiatzen harrapatzen baditu, beste behin aholku nagusia da urak hartutako eremuak ekiditea. “Ura autoaren ardatzetara iristen denean, ibilgailua itsasontzi bihurtzen hasten da”, azaldu dute. “Badirudi auto bat oso astuna dela, baina urarekin kontaktuan hainbeste gainazal dagoenez eta bidaiari-lekua airez beteta dagoenez, autoa itsasontzi bilakatzen da, flotatzen hasten da, trakzioa galtzen du, eta ibilgailuaren kontrola galtzen da. Norabidea jada ez du bolanteak kontrolatzen, korronteak baizik. Gainera, bustitako balaztek ez dute lehorrek adina balaztatzen, eta hori ere kontuan izan behar da”.
Beraz, ura ardatzetara iristen dela eta ibilgailua trakzioa galtzen hasten dela edo ura sartzen hasi eta belaunen parera iristen dela nabaritzen badugu, onena bertatik ateratzea da, arrastan eman aurretik. “Hori egoera kritikoa da; gertatuz gero, irten autotik. Urak atea blokeatzen badu eta ezin baduzu ireki, atera leihatilatik”, gomendatu dute.
Dena den, zehaztu dutenez, “egokiena, jakina, prebentzio-neurriak hartzea da, puntu horretara ez iristeko”. “Adibidez, ez da saiatu behar putzuz betetako ubideak gurutzatzen. Batzuetan, hainbeste euri egin ez badu ere, areka batean, metro bateko ura badago, autoa flotatzen geratzen da, eta atoian eraman behar da atera ahal izateko”, azaldu dute.
Ibilgailua lurpeko garaje batean badago, eta ura sartzen ari bada, ez da ateratzen saiatu behar. “Garajea urez betetzen ari dela ikusten baduzu, une horretan ezin da ezer egin. Ez du zentzurik bizitza arriskuan jartzeak”, adierazi dute.
Horrelako egoeren aurrean, Alvarez de Eulatek gogoratu du unerik arriskutsuena gertatzen hasi denekoa dela: “Garajera jaitsi eta metro bateko ura badago, ez duzu autoa atera behar, argi eta garbi dago-eta jada ezin dela atera. Baina tarte bat dagoenean, iruditzen zaizu oraindik zerbait egin daitekeela, eta hori puntu kritikoa da. Gogoratu zure bizitzak edozein auto baino gehiago balio duela”.
Era horretako egoeren aurrean prebentzioak duen garrantzia
Bestalde, prebentzio-neurriak oso garrantzitsuak dira, duten eraginaren ondorioz. Lehen neurrietako bat da bizi garen etxea uholde-arriskuko eremuan dagoen eta udalerri horretan uholde-arriskuari aurre egiteko jarduera-planik baden jakitea. Informazio hori Udalak eman ahal izango dizu.
Gainera Nafarroako Suhiltzaileak erakundeak gomendatzen dizu aipatu erreferentziazko Udalaren alerta-sistemara harpidetzea, horrelakorik izanez gero. Normalean, Udalek hainbat gairen berri ematen diete herritarrei SMS edo WhatsApp bidez, eta horien barruan daude udalerrian eragina izan dezaketen alerta meteorologikoak; hala nola ur-goraldiak eta gainezkatzeak, baina herritarrek eman beha dute alta zerbitzu horretan.
Era berean, GRAko arduradunek herritarrak animatu nahi dituzte etxean larrialdiko ‘kit’ bat prest izatera; hau da, linterna bat, pilak, irrati bat, babesteko arropa eta galtzen ez den janari pixka bat eta bateria eramangarri bat mugikorra kargatu ahal izateko.
Nola jokatu eguraldi txarra iragarriz gero
Eguraldiaren iragarpenak uholde handiak edo gainezko egiteko arriskua dagoela adieraziz gero, komeni da ibilgailuak ahalik eta azkarren lurpeko garajeetatik edo urak har ditzakeen eremuetatik eta ibaien ertzetatik ateratzea eta goiko aldeetan aparkatzea. Suhiltzaileen Zerbitzuko arduradunek azpimarratu dute, gainera, “ahal bada, onena denborarekin egitea dela, ezustekorik ez izateko”.
Neurri hori etxeko animaliekin ere jarraitu behar da, batez ere txakurrekin edo urpean geratzeko eremuetan, hots, ibaiaren ondoan dauden baratzeetan edo kortetan, aurkitzen den aziendarekin (ardiak, zaldiak, etab.). “Askotan gertatzen zaigu, uholdeak daudenean, azken orduan txakurra baratzetik ateratzera joanda urak ustekabean harrapatzen dituen pertsonak aurkitzea”, azaldu dute.
Etxean kontuan izan beharreko neurriak
GRAko arduradunek gogorarazi dute, familia bakarreko etxebizitza batean bizi bagara, teilatu, kanalizazio, hustubide eta kutxatilen mantentze-lanak egin behar direla tarteka. Horiek ez dute hostorik eta lurrik izan behar, ura oztoporik gabe drainatu dadin.
Gainera, kanpotik urak eraman ditzakeen objektu guztiak jaso behar dira; hala nola, lorategiko altzariak, bizikletak, tresnak, etab.
Etxabe eta biltegietan, komeni da elikagaiak, dokumentu garrantzitsuak eta produktu toxikoak (botikak, erregaiak, produktu kimikoak, etab.) goiko apaletan edukitzea, uholdea gertatuz gero hondatu ez daitezen (janaria eta agiriak) eta metatutako ura kutsa ez dezaten (produktu toxikoak).
Joan-etorrietarako gomendioak
Azkenik, beharrezkoa bada ur-goraldi garrantzitsuak gertatzeko aukera dagoen uneetan errepidez bidaiatzea, segurtasun-aholku nagusia da ahal dela autopista eta autobiak erabiltzea eta errepideen egoeraren berri izatea. “Zure ibilbidea urak kaltetu badezake, beste bide bat hartu edo bidaia atzeratu”, aholkatu dute.
Hala eta guztiz ere, herritar bat urak blokeatutako bide batean aurkitzen bada, urak hartutako eremuak ez dira zeharkatu behar, ezin baita jakin azpian zer dagoen; gurutzatzeak arriskuan jar ditzake ibilgailua nahiz bertan dauden pertsonen bizitza.






