Ogasuneko sailburuorde Iñaki Alonsok gaur nabarmendu du, Ekonomia Itunak aitortutako autonomia fiskalak aukera ematen diola Euskal Autonomia Erkidegoari «bizi garen mundu globalizatuan gure aldeko elementu bereizgarri horrekin lehiatzeko». Ituna Zentroak eta Ad Concordiamek antolatutako XV. Ituna Jardunaldiari amaiera emateko, Alonsok «Ekonomia Itunak EAEko politika ekonomikoaren eragile gisa aitortzen dituen eskumenak baliatzea» izenburua zeraman hitzaldia eman du.
Bere hitzaldian, sailburuordeak Ekonomia Itunaren garrantzia azpimarratu du, euskal autogobernuaren funtsezko zutabea delako eta euskal erakundeei lurraldeko ekonomiaren beharretara egokitutako neurri fiskalak bultzatzea ahalbidetzen dien tresna delako. «1981az geroztik egikaritzen ari garen araugintza-ahalmenari esker, gure lehiakortasuna indartu duten, jarduera ekonomikoa dinamizatu duten eta herritarren ongizatea hobetu duten erabakiak hartu ahal izan ditugu», adierazi du.
Ituna berreskuratu zenetik euskal erakundeek hartutako erabaki fiskal garrantzitsuenetako batzuk gogoratu ditu Alonsok; horien artean, enpresen bultzadari, enpleguaren sorrerari eta produkzio-sarea indartzeari lotutako mugarriak nabarmenduz. Gainera, azken hamarkadan esparru estrategikoetan garatutako berrikuntzak nabarmendu ditu, hala nola I+G+Ba, jasangarritasuna eta ingurumenaren babesa, trantsizio energetikoa eta ekintzailetza, baita kultura-sorkuntzarako pizgarriak ere, bereziki ikus-entzunezkoen sektorean eta zuzeneko ikuskizunetan.
“Jarduketa horiek erakusten dute autogobernu gehiago ongizate handiagoa dela”, adierazi du sailburuordeak, eta nabarmendu du Euskal Autonomia Erkidegoaren autonomia fiskala “elementu bereizgarria” dela merkatu globalizatu batean lehiatzeko. Azaldu duenez, araugintza-ahalmen horren jarduera arduratsu eta egonkorrari esker, “inbertsiorako eta garapen ekonomikorako esparru propio, koherente eta segurua finkatu ahal izan da”.
Halaber, Alonsok azpimarratu du egonkortasun politikoa eta segurtasun juridikoa “zutabe nagusiak” direla Euskal Autonomia Erkidegoak bere ogasunen kudeaketa eta fiskalitatea ulertzeko duen moduan. Elementu horiek epe luzerako zerga-politiken “eraginkortasuna eta jasangarritasuna bermatzeko ezinbestekoak” direla defendatu du.
Ituna Jardunaldiak adituak, erakundeetako ordezkariak eta eragile ekonomikoak bildu ditu gaur Bilbon, Ekonomia Itunaren eginkizunari eta euskal politika ekonomikoari egindako ekarpenei buruzko eztabaida-gune batean.
Foro honetan bat etorri dira azpimarratzean Ekonomia Itunak Euskal Autonomia Erkidegoari zerga-arloan ematen dion autonomia arauemailea funtsezko tresna dela unean uneko egoera ekonomikora egokitutako zerga-politika bat egiteko, baita Itunak Euskal Autonomia Erkidegoko autogobernuan duen garrantziaren isla argia ere. Parte hartu duten hizlarien iritziz, ahalmen horrek aukera ematen du zergen esparrua ekonomiak egoera bakoitzean behar dituen beharretara egokitzeko, eta, hala, politika ekonomiko moldakorra eta lehiakorra sortzen da —aplikatzen zaion gizartearen beharrekiko hurbiltasuna ezaugarri duen politika—.






