- Haitzuloak nasa erdiak eta trenbide-lauza eraikiak ditu
- Terminala altzairu beiraztatuzko plakekin estaltzen hasteak obra aurrera doala adierazten du
Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Saila, Euskal Trenbide Sarearen (ETS) bitartez, barne-arkitekturako lanak egiten ari da Topoaren lurpeko saihesbidearen etorkizuneko Erdialdea-Kontxa geltokian, Donostiaren bihotzean. Obra Eusko Jaurlaritzak egin eta finantzatu du oso-osorik. Haitzuloko hormigoizko estaldura-lanak amaitu berri direnez, nasen tarte bat eta trenbideko lauza eraiki dira, eta hortik zirkulatuko dute trenek datorren urteko bigarren seihilekotik aurrera.
Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburua, Jon Insausti Donostiako alkatea, Miguel Ángel Páez Azpiegitura eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordea eta Antonio López ETSko zuzendari nagusia haitzulo barrura joan dira astelehen honetan, lanen egoera bertatik bertara ezagutzeko.
Lanen egoerak, haitzuloa ia irekita dagoela, infografia baten sekzioa balitz bezala, eraikitzen ari den geltoki bat osatzen duten zatiak ikusteko aukera ematen du. Eraikitako nasetako batetik, segizioak iragazten den ura bideratzen den, nasaren azpiko aireztapenak joango diren, eta horrelako trenbide-azpiegitura baten komunikazioak eta instalazioak banatzen diren hutsuneak ikusi ahal izan ditu.
Aurrerapena erakusten duen elementurik esanguratsuena behin betiko altzairu beiraztatuzko plaken estalduraren hasiera da. Etorkizuneko terminalera bidean, ordezkaritzak, halaber, Erdialdea eta Easo geltokien arteko lineako tunelean trenbidea berehala muntatzeko behar diren euskarriak jarri direla ikusi ahal izan du –Lugaritz eta Mirakontxa arteko I. tartekoak jarrita daude dagoeneko, Erdialdea geltokiarekin lotzeko azken tartea izan ezik–. Urte hasierarako mezzaninak edo atondoak egiten hastea dago aurreikusita.
Erdialdea-Kontxa geltokira sartzeko bi kanoiak oso aurreratuta daude. ETSk altzairu beiraztatuaren behin betiko estaldura amaituko du, eta Xabier Zubirin eskailera mekanikoak muntatzen hasiko da urte hasierarako. Loiola kalera sartzeko kanoiak, bestalde, eskailera mekanikoak ditu jarrita, eta altzairuzko estaldura beiraztatua egikaritze-fasearen % 66an dago.
Susana García Chueca sailburua pozik agertu da lanaren nondik norakoarekin. “Geltokiak eraldaketa sakona bizi izan du azken hilabeteetan, izandako aurrerapena oso handia izan da, eta, horrela trenak bertara bidaiariekin iristen imajinatzea ahalbidetzen du. Obra aldi berean hainbat zeregin ikus daitezkeen fasean dago, eta horri esker, ezaugarri horiek dituen azpiegitura baten konplexutasuna oso ondo ulertu daiteke. Joan den astean ETS sortu zenetik 20 urte igaro direla ospatu genuen, eta Eusko Jaurlaritzako erakunde publiko hori osatzen duten profesionalen kualifikazioaren adibide ona da hau”.
Lugaritz-Mirakontxa tarteari dagokionez, obra zibila amaituta dago, eta instalazioen zati bat, hala nola igogailuak eta eskailera mekanikoak, muntatuta daude. Trenbidea ere jarrita dago, eta, beraz, gaur egun argiztapen eta suteen aurkako babes sistemak egiten ari dira tunel osoan eta Bentaberriko geltokian.
Gaur egun egiten ari diren gainegitura lanetan katenariaren euskarriak muntatzea, gela teknikoak prestatzea eta Bentaberriko azpiestazio elektrikoaren barruko tabikatzea ere sartzen dira. Horrela, seinaleztapen- eta komunikazio-lanak soilik geratuko lirateke, baita geroko fase baterako geratuko liratekeen larrialdiko aireztapenak ere.
Testuinguru horretan, azken hilabeteetan, ETSk gainazalean ere egin ditu aurrerapenak, Easo eta San Bartolome kaleetan eta Xabier Zubiri plazan hainbat urbanizazio-lan eginez, horrela, 4,2 kilometro luze den Topoaren lurpeko saihesbidearen lanek Donostiako hainbat tokitan izan dituzten eraginak arinduz.
2026ko bigarren seihilekoan lurpean jarriko diren hiru geltoki berriak zerbitzuan jartzeak “iraultza ekarriko du Donostiako eta Gipuzkoako mugikortasunean, eta herritarrek gozatzeko espazio publiko berriak eta etxebizitzak sortzeko aukera emango duen lurzorua libre uzteko aukera, hala nola Amarako trenbideen zabalgunea”, adierazi du Garcia Chuecak.






