Eusko Jaurlaritzak arkitektura proiektu handiak bultzatuko ditu hiru lurraldeetan «Hezkuntza Eraiki 2030» Planaren barruan

0

Hezkuntza Sailburuak azpiegitura plan berria aurkeztu du Legebiltzarrean. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan proiektu gakoak aktibatuko dira eta lurralde osoan sare publikoa indartuko da plan berriari esker.

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak “Hezkuntza Eraiki 2030” Azpiegitura Plan berria aurkeztu du gaur Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean. Hain zuzen ere, 2025-2030 epean Euskadiko hezkuntza-espazioak modernizatzeko eta eraldatzeko ibilbide-orria. “Hezten, zaintzen eta gure garaiko benetako beharrekin konektatzen duten azpiegiturak sortzen ari gara. Hezkuntza Eraiki 2030 indartsu aurrera egiten duen, berritzen duen eta ikasle guztientzako ikas-baldintzarik onenak bermatzen dituen eskola publikoarekin dugun konpromisoa da”, esan du.

Plan berria aurreko 2019-2023 Azpiegitura Planaren bilakaera gisa sortu da, eta Gobernu Programarekin eta Euskal Hezkuntza Legearekin bat egiten du. Konpromisoa argia da: hezkuntza azpiegiturak modernizatzea, oinarrizko zerbitzu publikoak indartzea eta ikasleen aukerak zabaltzea.

Sailburuak agerraldian azpimarratu du inbertsio-ahalegin horrek 750 milioi euro mugituko dituela 2030era bitarte, hau da, batez beste 125 milioi euro urtean. Hiru lurralde historikoetan garatuko diren tamaina handiko hainbat proiektu aipatu ditu.

Proiektu handiak hiru lurraldeetan

Sailburuak azaldu duenez, inbertsio-ahalegin horrek eraikuntza berrikuntzaren ildoari lotutako proiektu nabarmenak ekarri ditu dagoeneko, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan adibide esanguratsuak ezagun dira. Hala, Araban, Gasteizko CPI-IPI Aldaialdek 11 milioi eurotik gorako inbertsioa izango duela aipatu du, 2026. urtearen hasierarako aurreikusitako obrak martxan jarrita; Bizkaian, Leioako Barandiaran BHIk 20 milioi euroko aurrekontua du, obrak dagoeneko martxan daude eta 2026. urtearen amaierarako amaitzea aurreikusten da; eta Gipuzkoan, Urnietako Egape BHIk 11,6 milioi euroko inbertsioa du esleituta, eta 2027ko udarako amaitzea aurreikusten da. Sailburuak nabarmendu duenez, Hezkuntza Eraiki 2030 estrategian, eraikuntza berriaren ildoaren barruan, aurrekontu handien izango duten hiru jarduera dira horiek.

Halaber, azpimarratu du inbertsioek ez dietela soilik biztanleria kopuru handia duten eremuei erantzuten, baizik eta landa-inguruneetako eta biztanle gutxiagoko inguruneetako hezkuntza-kalitatearen alde ere egiten dutela. Adibide modura, Legutioko Garazi HLHIn obrak egingo dira 2,7 milioi euroko inbertsioarekin; Eako Haizeder HLHIn ere bai, 8,5 milioi eurorekin; edo Itsasondo HLHIn, 3,8 milioi eurorekin. Eusko Jaurlaritzak landa-ingurunean integratutako eskolak bultzatzen jarraituko du. Halaber, gogorarazi du planak etapa eta irakaskuntza guztiak hartzen dituela kontuan, baita araubide bereziko irakaskuntzen proiekzioa ere.

Hezkuntza-azpiegituren birgaitzearen eta handitzearen arloan, sailburuak hainbat proiektu garrantzitsu aipatu ditu, hala nola, Lantziego HLHI handitzea, 3 milioi euroko aurrekontuarekin; Elorrieta-Errekamari LHIIn esku hartzea, 7,6 milioi euroko inbertsioarekin; eta Astigarraga HLHI handitzea, 3,4 milioi euroko aurrekontuarekin. Lan hauek hezkuntza zentroak egungo beharretara egokitzeko eta hobetzeko helburuaren barruan kokatzen dira, eta lurralde osoan sare publikoa indartzea dute xede.

Helburuak eta lan-ildoak

Planak helburu estrategiko nagusiak egituratzen ditu, eta sei lan-ildo nagusitan zehazten dira proiektuak. “Hezkuntza Eraiki 2030” proiektuaren helburuak dira hezkuntza-azpiegiturak modernizatzea eta jasangarriagoak egitea, ikastetxeen irisgarritasuna eta erosotasuna hobetzea, eraldaketa digitala eta berrikuntza pedagogikoa bultzatzea eta aniztasuna, inklusioa eta genero-ikuspegia zeharka txertatzea.

Sei ildo horietan jasotzen da Planean aurreikusitako inbertsioa zein izango den: eraikuntza berriak (%30), ikastetxeen birgaitze integrala (%35), gela malguak eta erronka teknologiko-digitala (%15), eskoletako jantokiak eta sukalde integralak (%10), udalekin lankidetza UdalEraiki programaren bidez (%5), eta aniztasunari eta inklusioari lotutako jarduerak (%5).

Hezkuntzan inbertitzea etorkizuna eraikitzea dela azpimarratuz itxi du hitzaldia sailburuak: “Hezkuntza Eraiki 2030 indartsu aurrera egiten duen, berritzen duen eta ikasle guztientzako ikas-baldintzarik onenak bermatzen dituen eskola publikoarekin dugun konpromisoa da, hezkuntzan inbertitzea etorkizuna eraikitzea baita”.