Eusko Jaurlaritzak biosegurtasuna indartzera deitu du Afrikako Txerri Izurriaren agerpenaren aurrean

0

 

  • Eusko Jaurlaritzak lasaitasun mezua helarazi du eta zuhurtzia eta zaintza eskatu dizkio txerri-sektoreari Bartzelonan basurdeetan atzemandako Afrikako txerri izurriaren kasuen ondoren.
  • Amaia Barredok azpimarratu du beharrezkoa dela kontrol sanitarioak areagotzea euskal txerri-abelburua babesteko.

 

Bartzelonako probintzian basurdeetan Afrikako Txerri Izurriaren kasuak atzeman direla eta, Eusko Jaurlaritzak lasaitasun mezua helarazi dio euskal gizarteari. Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Sailak gogorarazi du Afrikako Txerri Izurriak ez duela arriskurik suposatzen gizakien osasunerako, ez kontaktuagatik ezta txerri-haragia kontsumitzeagatik ere.

Era berean, Eusko Jaurlaritzak erantzukizunera, zuhurtziara eta zaintzara deia egiten die Euskadiko txerri-sektorearekin lotura duten eragile guztiei. Sektore osoaren lankidetza eta biosegurtasuna indartzea funtsezkoak dira birusaren sarrera edo hedapeneko edozein aukera saihesteko. Halaber, jarduera zinegetikoa praktikatzen duten pertsonei biosegurtasun-neurri horiek hartzeko eskatzen die.

“Funtsezkoa da Euskadiko txerri-ustiategi guztietan biosegurtasun-neurriak indartzea. Animalien osasuna eta elikagaien segurtasuna eragile guztien erantzun kolektibo eta arduratsuaren baitan daude” azpimarratu du Amaia Barredo sailburuak.

Ekoizleei, garraiolariei, banatzaileei eta merkaturatzaileei ezarritako protokoloak zehatz-mehatz betetzeko eskatzen zaie. Helburua argia da: Afrikako Txerri Izurria eremu basatitik kanpo zabaldu ez dadin saihestea, horrela animalien osasuna, euskal txerri-sektorearen bideragarritasuna eta euskal gizartearen lasaitasuna bermatzeko.

Eusko Jaurlaritzak datorren astean RASVE batzordean parte hartuko du, autonomia-erkidego guztietako animalien osasunaren arduradunak biltzen dituen organoan, egoeraren bilakaera ebaluatzeko.