Donostiak hiru haur-parke estali gehiago izango ditu 2026an

0

Partaidetzazko Aurrekontuei esker, Intxaurrondoko Sagastieder plazak, Antiguoko Reno parkeak eta Loiolako Erriberetako Santiago parkeak estaliak estreinatuko dituzte, euri-egunetan espazio horiek hobeto aprobetxatzeko

Tokiko Gobernu Batzarrak hiriko hiru auzotan haur-parkeen estalkiak kontratatzeko espedienteak onartu ditu. Udalak 748.914 euro bideratuko ditu partaidetzazko aurrekontuetatik Donostiako familien bizi-kalitatea hobetzeko proiektu horietara.

Jon Insausti alkateak nabarmendu duenez, «Intxaurrondoko, Antiguoko eta Loiolako Erriberetako haurrek espazio berriak izango dituzte eguraldia lagun ez duten egunetan ere gozatzeko, gure hirian egun horiek ez baitira gutxi. Parke estali horiek Arrobitxulo, Larratxo eta Harriari gehituko zaizkie, eta laster beste auzo batzuetan ere izango ditugu, hala nola Gros, Amara Berri edo Amara-Erdigunea. Proiektu hauei esker, hiriko txikienei aukera emango diegu euritan ere aire zabalean harremanetan izateko eta jolasteko«.

Insaustik gogorarazi duenez, «hori guztia auzoetako bizilagunei esker izango da posible, azken urteetako parte-hartze prozesuen bidez jarduera horiek eskatu eta lehenetsi zituztelako. Horrek erakusten du oso garrantzitsua dela donostiarrek iritzia ematea Donostiako Udalak dituen parte-hartze zuzeneko kanal horien bidez«.

Lanak esleitu ondoren, jarduketa hauek egingo dira:

  • Sagastieder plaza (Intxaurrondo): Sagastieder parkea estaltzeko proiektua. Egikaritze-epea 4 hilabetekoa da eta 167.164 euroko aurrekontua du. Gutxi gorabehera 140 m²-ko ehun-estalkia eraikiko da, 120 m²-ko azalera duen jolasgunea estaltzeko.
  • Reno parkea (Antiguo): Antiguo auzoko Reno parkean ehunezko estalkia jartzeko proiektua. Egikaritze-epea 5 hilabetekoa da eta 236.286 euroko aurrekontua du. Gutxi gorabehera 220 m²-ko ehun-estalkia eraikiko da. Parkeak jolaserako bi gune ditu, eta menditik hurbilen dagoen zatia estaltzea aurreikusten da.
  • Santiago parkea (Loiolako Erriberak): Santiago plazan estalki bat egiteko proiektua. Egikaritze-epea 6 hilabetekoa da eta 345.464 €-ko aurrekontua du. Jolaslekua estaltzea proposatzen da, hormigoi armatuzko hormatxoen gainean ainguratutako zur laminatuko ganga-egitura baten bidez.