Sektore Publikoko Kontratuen Legea betez, Gobernu Kontseiluak gaur ezagutu du 2026rako EAEko Administrazio Orokorraren Urteko Kontratazio Plana. Plan horretan aurreikusten da 435 kontratu publiko egitea; horien gutxi gorabeherako balioa 1.503 milioi eurokoa izango da.
Plan horrek datorren urterako kontratazio publikoko jarduerari dagokionez sailek izango duten programazioa jasotzen du, eta, gutxienez, erregulazio harmonizatuaren mende dauden kontratuen berri ematen du (oro har, 5.538.000 euro edo gehiagoko balio zenbatetsia duten obra-kontratuak, obra-emakidako kontratuak eta zerbitzu-emakidako kontratuak, eta 143.000 euro edo gehiagoko balio zenbatetsia duten hornidura- edo zerbitzu-kontratuak dira).
Urteko Plan hori sailen arabera honela banatzen da:
| Saila | Kontratu kop. | Balio zenbatetsia |
| Lehendakaritza | 3 | 571.000 |
| Kultura | 46 | 5.236.410 |
| Ekonomia, Lana eta Enplegua | 14 | 1.915.169 |
| Ogasuna eta Finantzak | 7 | 13.140.062 |
| Gobernantza, Administrazio Digitala eta Autogobernua | 24 | 84.531.181 |
| Industria, Trantsizio energetikoa eta Jasangarritasuna | 45 | 14.781.173 |
| Segurtasuna | 69 | 141.947.469 |
| Hezkuntza | 88 | 66.854.311 |
| Etxebizitza eta Hiri Agenda | 14 | 84.432.496 |
| Osasuna | 47 | 965.987.120 |
| Ongizatea, Gazteria eta Erronka Demografikoa | 33 | 55.611.920 |
| Mugikortasun Jasangarria | 1 | 690.000 |
| Zientzia, Unibertsitatea eta Berrikuntza | 2 | 2.365.000 |
| Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa | 1 | 652.066 |
| Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza | 20 | 28.831.440 |
| Justizia eta Giza Eskubideak | 21 | 35.555.187 |
| GUZTIRA | 435 | 1.503.102.004 |
Sektore Publikoko Kontratuen Legeak adierazten du sektore publikoko erakundeen betebeharra izango dela kontratazio publikoko jarduerak programatzea. Jarduera horiek aurrekontu-ekitaldi batean edo urte anitzeko aldietan egingo dituzte, eta beren kontratazio-plana aldez aurretik jakinaraziko dute, gutxienez erregulazio harmonizatuaren mende geratuko diren kontratuak jasoko dituen iragarki baten bidez.
Aurreikuspen hori betetzeko eta, hala, 2026ko ekitaldian egingo den kontratazio publikoko jarduera programatzeko, 2026ko aurrekontu-proiekturako arau teknikoek aurreikusi zuten Administrazio Orokorreko sail bakoitzak zegokion txantiloia bete behar zuela. Behin fitxa horiek jasota, Urteko Kontratazio Plana prestatzeari ekin zitzaion, eta gaur plan hori Gobernu Kontseilura eraman da Ogasun eta Finantzetako sailburu Noël d’Anjouren eskutik.






