Partaidetza nafarra duten hamar proiektuk 342.843 euro jasoko dituzte guztira Europako funtsetatik, Nafarroa, Euskadi, Aragoi, Katalunia, Akitania Berria, Okzitania eta Andorrak osatzen duten Pirinioetako Lan Komunitatearen (PLE) behin-behineko ebazpenean jasotzen denez, POCTEFA mikroproiektuen lehen deialdiari buruzkoa hain zuzen ere. Mugaz gaindiko erakunde horren Nafarroako lehendakaritzaren lehen ekitaldian, POCTEFA Proiektu Txikien Programazio Batzordea hartu du Iruñeak, behin-behineko ebazpen hau onartu da, guztira 34 proiektu biltzen dituena, 4 milioi euroko finantzaketa globalarekin. Hau da, hiru proiektuetatik ia batek nafar presentzia du.
Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok deialdi berri honen egokitasuna azpimarratu du, “lurralde osoko entitate eta eragileentzako Europako funtsen irisgarritasun handiagoa bilatzen baitu, Nafarroak mugaz gaindiko lankidetzaren alde egiten baitu, eta nafar hautagaitzen % 90ek deialdi honetan finantzaketa lortu dutelako”.
Foru Komunitateko enpresa, kooperatiba edo elkarte txikiek egingo dituzten proiektuak sentsibilizazio-ekintzei buruz; Pirinioetako uraren kudeaketaren erronken ingurukoak; artisau-produktuaren balorizazioari buruzkoak; ekologia eta artea uztartzen dituzten sorkuntza eszenikoak; gizarte-ekintzako jardunbide egokien transferentziak; edo familiako hizkuntza-egonaldien esperientzia murgiltzaileak aztertuko dituzte, besteak beste. Ondoko hauek dira partaidetza nafarra duten proiektuak: Edabe, Pryenaqua, Transeat, CORéCo, ESSkabi, Familigiroan, Transfmnas, Ecosystema, Lotu eta Famil ‘ion. Proiektuen zerrenda eta laburpen osoa ondoko estekan kontsulta daitezke.






