Ekonomia Ituna joan zen apirilean aldatu zen. Aldaketa hori Batzorde Mistoan 2024ko azaroan eta abenduan eta aurtengo otsailean lortutako akordioen ondorio da, Estatuarekin sortutako zerga-figura berriak ituntzeko helburuarekin. Figura horien artean Zerga Osagarria dago, talde multinazional bateko edo tamaina handiko talde nazional bateko kide diren zergadunei gutxieneko zerga-maila globala bermatzeko.
«Zerga Osagarria adostuta, esan daiteke osatu egin dugula zuzeneko zergapetze guztia araudi autonomokoa dela dioen printzipioa, baita nazioarteko osagai argia duten zergak ere», nabarmendu du gaur Iñaki Alonso Ogasuneko sailburuordeak, “Fundación Impuestos y Competitividad” fundazioak bultzatutako “Imposición mínima global: Notas para su aplicación, evaluación de su impacto sobre el sistema tributario doméstico e internacional” liburuaren aurkezpenean. Lan kolektibo horretan, Alonsok “La tributación mínima y el régimen de Concierto Económico con el País Vasco” izenburua daraman kapitulua sinatu du.
Bere hitzaldian, Ogasuneko sailburuordeak mezu argi bat utzi du balantze gisa: «Edozein estatuk bezala funtziona dezakegu zerga horiek arautzen».
Gutxieneko zerga globaleranzko bilakaera 2021eko urriaren 8an ELGAren BEPS Esparru Inklusiboaren eta G-20aren baitan lortutako akordio zabalaren emaitza da —akordio horrek, jada, 140 herrialde baino gehiagoren atxikipena du—.Nazioarteko fiskalitatean aurrekaririk ez duen mugarri bat da. Eta horrek arau globalen garapenari bide eman zion enpresa-talde handientzat % 15eko gutxieneko zerga-tasa eraginkorra bermatzeko.
Esparru hori Europar Batasunera lekualdatu zen 2022/2523 (EB) Zuzentarauaren bidez; eta ondoren, Espainiako estatuko ordenamendura aldatu zen, Zerga Osagarria onartuta. Zerga berri guztiekin gertatzen den bezala, zerga hori sortzeko Euskal Autonomia Erkidegoarekin hitzartu behar izan zen, Konstituzioaren lehen xedapen gehigarriaren, Gernikako Estatutuaren eta Ekonomia Itunaren arabera.
Zerga berriaren onarpena 2024ko abenduaren 21eko BOEn jaso zen. Bi egun geroago, abenduaren 23an, euskal erakundeekin hitzartu zen Batzorde Mistoan. Akordio hori apirilaren 29ko 3/2025 Legearen bidez txertatu zen ordenamendu juridikoan. Une honetan, hiru lurralde historikoetako Batzar Nagusiak beren foru-arauak amaitzen ari dira zerga Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatzeko.
Alonso sailburuordeak azpimarratu duenez, «Zerga Osagarriaren adostasunak Sozietateen gaineko Zergan indarrean dauden printzipioen eta zerga-sistema global berriaren arteko oreka mantentzen du»; era berean, zerga horrek nazioarteko dimentsio espezifikoa duela gogorarazi du, baina Itunaren araubidearekin guztiz bateragarria dela.
Gainera, nabarmendu du garrantzitsua dela Euskal Autonomia Erkidegoak zuzenean parte hartzea etorkizuneko nazioarteko arauak definitzen diren guneetan: Europar Batasuneko, ELGAko eta G-20ko BEPS Esparru Inklusiboko batzordeak, lantaldeak eta zerga-foroak. Horregatik, bereziki nabarmendu ditu 2024ko azaroaren 13an eta 2025eko apirilaren 10ean Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan euskal erakundeek fiskalitateari buruzko nazioarteko foroetan duten parte-hartzea indartzeko lortutako akordioak.
Europako araudiak ezartzen duenez, Zerga Osagarria 750 milioi eurotik gorako fakturazio bateratua duten enpresa-taldeei aplikatuko zaie azken lau ekitaldi fiskaletatik bitan, gutxienez.
Amaitzeko, Alonsok honako hau azpimarratu du: «Zerga Osagarria adosteak erakusten du Euskal Autonomia Erkidegoa bere zerga-politika erronka global berrietara egokitzeko moduan dagoela, Europako esparruarekin koordinazioa mantenduz eta bere ahalmen arauemaile osoa zainduz». Zerga txertatzeak eta nazioarteko foroetan aktiboki parte hartzeak euskal erakundeak «etorkizuneko fiskalitatea moldatuko duten erabakiak hartzen diren tokian egotea ahalbidetuko dute».






