Imanol Pradales Lehendakaria: “Euskararen komunitateak espazio irekia izan behar du eta gerturatzen denari harrera egin”

0

Euskararen Eguneko Adierazpen Instituzionalean, “Euskara zugan, nigan, gugan” leloaren bidez euskara gizartea osatzen duen pertsona bakoitzarengan dagoela transmititu nahi da, eta gonbidapena egin zaie “euskararen argia pizteko eta euskaraz hitz egiteko hautua desiotik egiteko”.

Euskararen Nazioarteko Egunaren ekitaldiaren buru izan da gaur Imanol Pradales  lehendakaria. Ajuria Enea jauregiaren ondoan kokatutako Elkargunea espazioan egin den ekitaldian 200 pertsona inguru elkartu dira. Bertan, ‘Euskara nigan, zugan, gugan’ lelopean “herritarrei gonbidapena egin zaie “euskararen argia pizteko eta euskaraz hitz egiteko hautua desiotik egiteko”.

Lehendakariarekin batera, ekitaldian izan dira Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Eusko Jaurlaritzako sailburuak, Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidentea, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea, hiru foru-aldundietako ordezkariak, Andres Urrutia euskaltzainburua eta euskararen eta euskal gizartearen arloko beste kide batzuk.

Lehendakariak ekitaldian gogorarazi du Herri erronka estrategikoa dugula aurrez-aurre: euskararen biziberritzearen prozesuan datozen hamarkadetako oinarri eta printzipioak definitzea. «Eta horretan ari gara, guri dagokigunetik bide berriak eta konplizitate berriak lortzen, eta elkarrekin euskararen etorkizuna marrazteko prozesuak lantzen, ‘Jauzia Gara’ estrategiaren baitan», adierazi du.

Hala, Pradales Lehendakariak euskarara hurbiltzen den pertsona oro baloratu du «euskararen komunitateak espazio irekia izan behar du eta gerturatzen denari harrera egin. Gure etxeak ateak zabalik ditu eta guztiak gonbidatzen ditugu gurutza ditzaten».

Bestalde, lehen lehendakariordeak eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Ibone Bengoetxeak, Euskararen Nazioarteko Egunaren izaera inklusiboa nabarmendu du, lehen aldiz Ajuria Enean ospatuz “denon etxearen ateak zabalduz”. Euskara bultzatu duten eragileei eskertu die egindako lana, eta erakundeen eta gizarte antolatuaren arteko elkarlana sendotzeko beharra azpimarratu du, hizkuntzak aurrera egin dezan. Azkenik, gonbidapena luzatu die herritar guztiei euskarara hurbiltzera, “zugan, nigan eta gugan bizi den” lotura eta elkargune gisa ulertuz.

Ekitaldiaren garapena

Ekitaldiaren helburua izan da herritarrei gonbidapena egitea euskararen argia pizteko eta euskaraz hitz egiteko hautua desiotik egiteko. Abiapuntu sortzailea, hala, desioa piztea izan da, pertsona bakoitzaren haututik, argiarekin egiten den modura.

Desio eta emozio positiboak piztea helburu, manifestuaren irakurketa, aurten, kultur-performance modura egin da: 10 pertsonen artean irakurri da, herriaren aniztasuna ordezkatzen duten 10 pertsona, antzezpen baten barruan. Antzezpenean musika, dantza eta irakurketa uztartu dira, bertaratutako ia 200 lagunen emozioak piztuz.

Eusko Jaurlaritza, hiru foru aldundiak, EUDEL eta UEMA bat etorri dira aurten ere Euskararen Nazioarteko Eguneko manifestuarekin.