- Lehen kutxazainak urtarriletik aurrera martxan egotea aurreikusita dago.
- Sailak bilerak egin ditu udalekin, lizitazio honen xehetasunak
- Kutxazain automatikoen kokapena udalek erabakiko
Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Sailak Kutxabanki esleitu dio Euskadiko landa eremuko 38 udalerritan kutxazain automatikoak instalatzeko eta mantentzeko kontratua.
Esleipena eskaintzak aurkezteko hilabeteko epearen ondoren iritsi da, eta sailak abiarazitako esleipen prozesuaren amaiera dakar, guztira 1.149.000 euroko aurrekontuarekin (BEZa barne). Kontratu honekin, Berosi programako ekintza nagusietako bat gauzatzeko urrats erabakigarria ematen da; Eusko Jaurlaritzak landa eremuko zerbitzuak eta bizi-kalitatea indartzeko martxan jarritako programa baita.
Kutxazain hauen ezarpenak oinarrizko zerbitzua eskainiko die udalerri hauetako herritarrei, orain arte horren gabezia izan dutena. Sail honek lanean jarraitzen du Euskadiko landa eremuetako bizilagunen bizitza hobetzeko. Eusko Jaurlaritza konprometituta dago lurralde-oreka eta aukera-berdintasuna bermatzeko, bai eremu urbanoan bai landa eremuan”, azpimarratu du Amaia Barredo sailburuak.
Esleipenak ezartzen du 38 kutxazainetatik 31 gehienez bi urteko epean jarriko direla martxan, eta lehenengoak datorren urteko urtarriletik aurrera martxan egotea espero da.
Sailak bilera erronda bat egin du aukeratutako udalerrietako udalekin. Topaketa horien helburua esleipenaren gaineko xehetasunak helaraztea eta udalek izan ditzaketen zalantzak argitzea izan da. Kutxazain bakoitzerako kokapen egokienak udalek aukeratuko dituzte, irisgarritasuna, segurtasuna eta zerbitzua martxan jartzeko azkartasuna bermatuz.
Kutxazainak ondoko udalerrietan instalatuko dira: Gipuzkoan, Abaltzisketa, Albiztur, Ezkio-Itsaso, Hernialde eta Leaburu; Araban, Añana, Arratzua-Ubarrundia, Barrundia, Elburgo, Iruraiz-Gauna, Kuartango, Lantaron, Peñacerrada-Urizaharra, Samaniego, Zambrana eta Zigoitia; eta Bizkaian, Ajangiz, Amoroto, Arantzazu, Arratzu, Arrieta, Artea, Artzentales, Ea, Elantxobe, Errigoiti, Forua, Fruiz, Garai, Gatika, Kortezubi, Mendata, Mendexa, Meñaka, Murueta, Muxika, Zaratamo eta Ziortza-Bolibar.
Berosi programaren funtsezko proiektua
Kutxazain automatiko hauen ezarpena Berosi programaren baitan kokatzen da; programa hori Landa Garapenaren 2030 Estrategiaren eta Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Garapeneko Programaren parte da. Finantza-bazterketa murriztu eta landa eremuko oinarrizko zerbitzuak bermatzea du helburu.
Ekimen hauen bidez, sailak berriro berresten du landa eremu bizia, berritzailea eta oinarrizko zerbitzuekin hornitua izateko konpromisoa, lurralde-kohesioa eta Euskadi osoan aukera-berdintasuna bermatuz.






